Mutriku nagusitasunez gailendu da Batel Ligako laugarren jardunaldian ere
Haur mailako neska eta mutilen artean 5 minutuko marka jaisten duen bakarra da Mutriku; jokatu dituzten lau estropadak irabazi dituzte. Hurrengo estropada otsailaren 23an izango da.
Domekan [otsailak 2] lehiatu zuten Trintxerpen Batel Ligako laugarren jardunaldia, eta bertan izan ziren mutrikuarrak ere. Ez edonola, gainera: beste behin ere Mutrikuko arraunlari gazteenek itsasoko jaun eta jabe direla erakutsi zuten.
Izan ere, haur mailako mutil eta nesken artean bost minututik jaisten den ontzi bakarra Mutrikuko neskena da. Mutriku A taldeak 04:58,79ko denbora behar izan zuen estropada amaitzeko, eta hala, 14 puntu eskuratu zituzten, bigarrenei ia 15 segundo aterata; Tolosaldea heldu zen bigarren postuan, 05:13,22ko denbora eginda. Hirugarren postua ere, mutrikuarrentzat izan zen, Mutriku B-rentzat, hain zuzen ere, 05:13,96ko denborarekin. Mutriku C ez zen hain urrun ibili, izan ere, 05:31,77ko denbora eginda amaitu zuen estropada. D taldea, ostera, zortzigarren postuan heldu zen, 06:04,58ko denbora eginda.

Mutrikuarrak, Trintxerpen.Jose A. Rodriguez
Sailkapen orokorrari dagokionez, haur mailako Mutriku A sailkapeneko buruan doa, lehiatutako lau estropadak irabazita, 56 punturekin; euren atzetik Tolosaldea dago, 49 punturekin. Mutriku B, ostera, laugarren postuan dago, Zarautzekin berdinduta: 47 puntu dituzte biek. Mutriku C dago euren atzetik, 36 punturekin, eta D taldea, aldiz, zazpigarren postuan dago, 30 punturekin.
Promesen mailan, ostera, aurreko jardunaldiko emaitza berdintsuak lortu zituzten: Mutriku A hamahirugarren postuan geratu zen, eta Mutriku B, 11. postuan. Hori horrela, sailkapen orokorrean Mutriku A hamargarren postuan dago, 32 punturekin, eta Mutriku B hamabigarrenean, 29 punturekin.
Gazte mailakoek, aldiz, zortzigarren postuan amaitu zuten, 10:13,09ko denbora eginda. Halaber, sailkapen orokorrean bosgarren postuari eustea lortu dute, 17 punturekin; Zarautzekin berdinduta daude mutrikuarrak.
Hurrengo bi jardunaldiak Donostian jokatuko dituzte, otsailaren 23an eta martxoaren 1ean.

Mutrikuarrak, Trintxerpen.Jose A. Rodriguez