"Partida politak" eskaini dituzte Beteranoen Trinkete Txapelketako bigarren jardunaldian
Bi partida jokatu dituzte asteburuan partaideek; Domekan [otsailak 9] beste bi jokatuko dituzte.

Lekeitioko XIX. Beteranoen Trinkete Txapelketako bigarren jardunaldia jokatu zute pilotariek joan den domekan [otsailak 2]. Guztira bi partida jokatu zituzten: Aitzol-Ibon eta Rober-Egaña alde batetik, eta Lander-Foster eta Jaunarena-Latxi, bestetik. Denak ere “partida politak” izan direla adierazi dute antolatzaileek.
Lehenengo partidari dagokionez, Rober eta Egaña beteranoak nagusi izan ziren kantxan 30-13 irabazita. Beteranoek aurrea hartu zuten hasieratik, 2-0 ipinita; hala ere, Aitzolek, nahiz eta azken urteetan zesta puntan aritzen den, erakutsi zuten ez duela eskuz ibiltzeko abilezia galdu, eta markagailua iraultzea lortu zuen, 2-3 ipiniz.
Hala ere, beteranoak “serio ipini”, eta gazteen hutsak aprobetxatuz 18-3 ipini ziren: “Momentu horretan partida bideratuta utzi zuten”. Aitzolek egindako hainbat jokaldigaz 9 tanto egitea lortu zuten gazteek, eta halaber, 23-9 ipini zen markagailua. Azken tantoetan, ostera, beteranoak nagusitu ziren: “Roberrek eta Egañak sendo jarraitzen dute orain arteko bi partidak irabazita. Aurrean Rober bizi eta sendo aritu da, eta atzean Egaña zulo guztiak tapatu eta bere ezker elegantea erakutsiz, pauso berri bat eman dute finalaurrekoetara sailkatzeko”.
Bigarren partida, ostera, bi bikote beteranok jokatu zuten. 2023ko txapeldunek, Lander eta Foster lekeitiarrek, lortu zuten lehenengo tantoa, sakez. Hala ere, Jaunarena nafarrak eta Latxi elantxobetarrak abantaila hartu zuten 3-7 ipinita.
Hurrengo bi tantoak lekeitiarrek egin zituzten, eta hortik aurrera markagailua berdintsu joan zen, 16. tantoraino hainbat berdinketa lortuz. Fosterrek atzean pilotak “oso ondo” bideratzea lortu zuen, hiru tanto eginaz. Hori horrela, lekeitiarrak 23-20 ipini ziren aurretik, “piloteo luze eta politen ondoren”.
Berdinketak egin zituzten 25, 26 eta 27. tantoetan ere, “hainbat jokaldi polit” ikusteko aukeragaz. Hala, lekeitiarrek beste bikotearen “momentu txar” bati eutsi diete, eta 29-29 ipini dira. Azken tantoa lekeitiarrek egin zuten, Latxik, gutxirengatik, pilota goiko ezker hormara bota eta marra pasa zuelako. Halaber, lekeitiarrek irabazi zuten 30-29: “Ordu beteren ondoren, orain arteko partida polit eta orekatuena ikusi dugu. Bestalde, Jaunarena nafarrak jarraitzaileen bisita jaso zuen, Goldarantz eta Satrustegitik joan zirenak. Asko gozatu zuten eta pozik egon ziren bere ordezkariak egindako partida bikainarengatik”.
Hurrengoak. Hirugarren jardunaldiari ekingo diete pilotariek domekan [otsailak 9]. Bi partida jokatuko dituzte: 10:00etan Lander-Foster eta Izeitxo-Martxel, eta 11:00etan, Aitzol-Ibon eta Jaunarena Latxi. Akarregi Pilota Taldeko antolatzaileek “partida politak” espero dituzte: “Lehenengo partida lekeitiarren arteko partida polita izango da: batetik, 2023ko txapeldunak, eta bestetik, bi anai gazteak, joko bizi eta ederra dutenak. Bigarren partida Aitzol eta Ibon gazte lekeitiarrek irabazi beharra daukate aurrera jarraitzeko, baina beteranoak oso sendo ikusi ditugu eta ez da erraza izango eurei irabaztea”.