Txomin Agirre udal liburutegiko araudi berria idazten ari da Ondarroako Udala
Herritarrek otsailaren 18ra [martitzena] arte edukiko dute araudi berriari ekarpenak egiteko aukera.
Ondarroako Txomin Agirre udal liburutegiko zerbitzuak erabiltzeko araudia egiten ari da Ondarroako Udala. Izan ere, aurreko araudia martxan jarri zenetik egunerokotasunean hauteman diren arazoak saihestea du helburu araudi berriak; antzeman diren arazoak konpondu eta errealitate berriari egokituko den araudi eraginkorra sortuz. Udalak zehaztu duenez, herritarrek otsailaren 18ra [martitzena] arte daukate aukera araudi berriari ekarpenak egiteko; Udal Erregistro Orokorrean, Ondarroako udalaren Egoitza Elektronikoan edo Udal Liburutegian instantzia orokorra aurkeztuta.
“Txomin Agirre udal liburutegia komunitate osoarentzako ezagutza eta kultura zabaltzeko konpromisoa duen zerbitzu publikoa da. Eskaintzen dituen baliabide eta zerbitzuen bidez, Ondarroako udalerriaren garapen sozial, kultural eta hezigarriari laguntzen dio, zerbitzatzen duen gizartearekiko lankidetza giroan”, adierazi du Ondarroako Udalak. Duela 23 urte sartu zen indarrean liburutegiko zerbitzuak erabiltzeko aurreko araudia, baina urte horietako erabilerak emandako esperientzia eta denbora horretan sortutako espazio eta zerbitzu berriak kontuan hartuta, aurreko araudia berrikustea beharrezkoa dela azpimarratu du udalak: “Aurreko araudia zerbitzuaren errealitate eta eskaintza berrira egokitu behar da. Arautegi-proposamenak aurreko araudiaren zati handi bat antzeko terminoetan jasotzen du eta irakurketa eta ikasteko espazio berrien erabileraren erregularizazioa ezartzeaz gain, ezarritako zerbitzu berriak arautu nahi ditu”.
Zerbitzuak. Oinarriko zerbitzuak, eta zerbitzu osagarriak dira udal liburutegian eskaintzen direnak. Oinarrizkoetan; ikasketa eta irakurketa gelaren erabilera, informazio eta erreferentzia zerbitzua, edo haur liburutegiaren erabilera daude, besteak beste. Osagarriei dagokionez, liburuen ikus-entzunezkoen mailegua, irakurtzera sustatzeko jarduera desberdinak, eta liburu elektronikoak doan deskargatzeko zerbitzua eskaintzen ditu liburutegiak. “Erabilera arautegi honen helburua liburutegiak eskaintzen dituen zerbitzuak arautzea da. Era berean, liburutegiak, zerbitzuak eskaintzerako orduan dituen espazioen erabilera arautzea”.