‘Ai Gure Juaneteak’ antzezlana Ikusgarrira helduko da
Lekeitioko Zinemazale Elkarteak antolatuta, barikuan [otsailak 7] eskainiko dute, 20:30ean, zinema aretoan.

Patxo Telleriak, Lekeitio 700 egitasmoaren baitan, Ai gure juaneteak! Ikuskizuna aurkeztuko du barikuan [otsailak 7], 20:30ean, Ikusgarri zinema aretoan. “Gure ondare emo zionalaren ezinbesteko zatiak direlako”, dio. Hainbat emanaldi eskaini dituzte azken hilabeteetan eta arrakasta erabatekoa izan da, Mutrikun, adibidez, azaroaren amaieran aurkeztu zuten. Horregatik, Lekeitioko Zinemazaleen Elkarteak ez du zalantzarik izan ikuskizuna herrira ekartzerakoan. Sarrera gutxi batzuk geratzen dira salgai, 12 eurotan daude, www.ikusgarri.sacatuentrada.es webgunean Zerbyte dendan eta lehiatilean geratzen badira antzezlanaren aurretik.
Lanaren testua Mikel Laboaren zenbait kanten berrinterpretazio erabatekoa da: Izarren hautsa, Haika Mutil edota Baga biga higa, besteak beste. Horiek oinarri hartuta sortu du Telleria dramaturgo eta aktoreak ikuskizuna. “Hitzak eta melodiak ikuspuntu berrietara eramateko ahalegina egin, eta bide berrietatik abiatuko dira desegituratze eta desitxuratze erradikalarekin”, azaldu du.
Hamarkadak pasatu dira kanta horiek konposatu zirenetik, baina diotenez, “ez dute galdu orduko indarra eta zirrara”. Kanta “berriak” dira, bakoitzak Laboaren kanta bat inspirazio iturri modura daukana: “Obran entzungo diren letra batzuk asko aldentzen dira jatorrizko gaitik edo letratik, eta, beste batzuek, ordea, lotura zuzenagoa eta estuagoa dute. Baina, denak ere, guztiz ikuspuntu eta bertsio pertsonalak eta desberdinak dira”.
Jatorrizko bertsioaren zati laburrak kantatzen dituzte tarteka, baina, batez ere, kanta bakoitzaren “ikuspuntu berriak” eskaintzen dituzte. Eszenaratzea minimalista da, “protagonistei, hitzari eta musikari, garrantzirik handiena emateko”. Zumetaren iruditeri estetikoa baliatzen dute eszenografiarako, eta garai hartako agerraldi eszenikoen aurkikuntza estetiko eta eszeniko batzuk berrerabiltzen dituzte.
Hibridoa
Ikuskizun hibridoa dela azaldu du Telleriak, hau da, generoak nahasten ditu. “Gaur egun arte eszenikoetan ematen den prozedura hori ez da bat ere ezohikoa. Generoak gero eta gehiago nahasten dira. Antzerkigintzan lehen oso estandarizatuta zeuden generoak guztiz lausotuta eta guztiz nahastuta edo hibridatuta ageri dira egun. Musika eta gorputz adierazpena ere nonahi lantzen dira. Obra honetan, nik esango nuke nahasten direla antzerkia, poesia eta musika asko”. Obra ez da poesia errezitaldi bat beraz, “inondik inora ere”, gehiago hurbiltzen baita musika edo antzerki lan batera, baina poesiaren tonua ere badago: “Izan ere, nik antzerkia idatzi izan dudanean, kanpoko arazoak edo gizarteko eta pertsonen arazoak kontatu izan ditut, barrutik idatzitakoak”.