Daniara buelta, zesta-puntaren "sua bizirik mantentzeko"
Ehun urtetik gora dira zesta-punta AEBra ailegatu zenetik. Azken urteetan, baina, behera egin du kirol horren presentziak han. Suaren garrak bizirik dirauen arren, hori handitu gura dute Eraman Jai Alaikoek. Eta, horretarako, Jai Alai Liga eroango dute hara: Biscayne Cup masterra lehiatuko dute zortzi profesionalek; horien artean daude Aritz Erkiaga eta Mikel Mantzisidor.

Zesta-puntak mende bat baino gehiagoko historia dauka Ameriketako Estatu Batuetan, XX. mende hasierako frontoiak alde batera utzita —San Frantzisko (California) eta San Luis (Missouri)—, Jai Alai kirola 1924an ailegatu zen-eta Floridara, Kubarekin duen hurbiltasunak hala eraginda. Enpresari talde batek lehen frontoia zabaldu zuen Miamin, Hialiah zonaldean, gaur egungo Miamiko metropoliaren parte den horretan. Ondorioz, Hialiahko frontoian hasi zen zesta puntaren abentura amerikarra.
Hala ere, 1926an, Miamiko frontoirik ezagunena eraiki zen: garai hartan Biscayne fronton modura ezaguna zena. Hialiah baino handiagoa zen, dotoreagoa eta kokaleku hobean zegoena. Baina urte horretako urakan handi batek Miami hiria txikitu zuen, lehen frontoia betiko ixtea eraginez. Ondorioz, frontoi bakarra geratu zen han: Biscayne. 1929ko Depresio Handiaren ostean, Bostongo enpresari batek, Richard Berensonek, Biscayne pilotalekua erosi zuen. Enpresari garrantzitsua izan zen Berenson zesta-puntaren historian, are gehiago 30. hamarkadan Floridan apostua legeztatu zenean (1935). Aldaketa horrek zesta-punta piztea eragin zuen: frontoi berriak zabaldu zituzten; Floridakoez gain, 1970. hamarkadan Conneticuten, Rodhe Islanden eta Nevadan ireki zituzten.
Daniako frontoian, baina, lehenago hasi zen jokoa, 1953an, Durangoko Ezkurdi eraiki baino hiru urte aurretik eta Gernikako Jai Alai baino 10 urte arinago. Hasieran, The Palace bezala ezagutzen zuten, eta zesta-punta ikustera joatea “prestigio handiko ekintza sozial” bihurtu zen.
Denetara, 16 frontoi eta 500 puntista ere izan ziren aldi berean lehiatzen hainbat enpresak kontratatuta. Hasieran denboraldiak hiruzpalau hilabetekoak ziren, eta pilotariak frontoi batetik bestera mugitzen ziren, baina 80. hamarkada hasieran, negozioaren errentagarritasuna ikustia, eskaintza urte osora zabaltzea erabaki zuten. Bidea arrakastatsua izaten ari zen arren, pilotariek grebara jo zuten; ez zen euren lehen lan gatazka izan, baina bai garrantzitsuena eta mugarria ezarri zuena. Lanuzteak 1991era arte iraun zuen, eta, hiru urte horietan, beste kirol berriak agertu ziren, apusturako modu berriak legeztatzeagaz batera. Orduan hasi zen zesta-puntaren dekadentzia amerikarra, eta frontoiak banan-banan ixten joan ziren, 2021eko azaroan azken pilotaleku luzea itxi zuten arte: Dania Jai Alai.
2022az geroztik, bizpahiru hilabeteko zesta denboraldiak eskaintzen ditu Daniako frontoiak eta 22 euskal gaztek osatutako talde batek Floridara joan, mundua ezagutu eta pilotari bezala hobetzeko aukera dute oraindik. Suak bizirik dirau.

Puntistak, Danian.Eraman Jai Alai!
Sua indartzeko lehia.
Zesta-puntaren garrak bizirik dirauen arren, hori areagotu gura dute Eraman Jai Alaikoek. Eta, horretarako, Jai Alai Liga eroango dute hara. Ligako nazioarteko lehen txapelketa hartuko du Daniako frontoiak: Biscayne Cup. Izen hori zesta-puntak Floridan izan duen 100 urteko historia omentzeko asmoz jarri diote. Horrez gain, Euskal Herriak zonalde horretan izan duen presentzia ere nabarmendu gura dute.
“Guretzako jauzi zail bezain garrantzitsua da han txapelketa antolatzea. Arrazoi asko daude baina garrantzitsuena da bertan zesta-puntak urte luzez izan duen presentzia mantentzen segitzea. Zesta-puntaren historiak 140 bat urte baditu, Floridan 100 urtez egon da presente. Hango Jai Alairen historia da hemengoaren besteko garrantzitsua. Orduan, aukera polita da berriro han txapelketa handi bat egitea”, onartu du Zigor Etxebarria Eraman Jai Alai! enpresako kideak.
AEBtan frontoiak itxi egin zituztenean hasi zen Euskal Herrian garai berri bat, eta kirola «une oso onean» dagoela uste du Etxebarriak: “Berriro goaz hara, guretzako garrantzitsua delako oraindik zabalik dauden frontoi luzeetan Jai Alai bizirik mantentzea. Nahiz eta hiru hilabeteko denboraldia egin han, uste dugu txapelketa bat hara eroateak eta ligaren parte izateak Floridan Jai Alai bizirik mantentzea dakarrela”.

Puntistak, Danian.Eraman Jai Alai!
Hala, lehiaketa, master kategoriako torneoa izango da, otsailaren 20tik 22ra bitartean jokatuko dena. Eta Aritz Erkiaga, Imanol Lopez, Xabi Barandika, Unai Lekerikabeaskoa, Mikel Mantzisidor eta Johan Sorozabal izango dira protagonista nagusiak. Baina ez dira bakarrik egongo, eurekaz izango baita momentu honetan Danian jokatzen ari den txapelketako bikote irabazlea. Lehia hori urtarrilaren 3an hasi zen, otsailaren 14an amaituko da, zortzi bikotek parte hartzen dute eta Jai Alai ligarako puntuagarria da.
Puntista horiek denak izan dira Daniako frontoian, denek ezagutzen dute nolakoa den, zelan jokatu behar den, eta zaleek ere ezagutzen dituzte eurek. Izan ere, hemendik doazen pilotarietako batzuk itxi zuten frontoia 2021an. Orain, beste aro bat hasi da: orain pilotari gazteentzako aukera da. “Han egon ginenean, abenduan, zaleekin kontaktua izan genuen eta eskatu ziguten Lopez, urte askotan han ibilitakoa, eroateko; baita Erkiaga ere, pilotari onenen artean dagoena. Nola ez, Barandika, Lekerika eta Johan ere ezagutzen dituzte, han hainbat urte eman dituztelako, eta jendeak eskatu du eurek joatea. Mantzi, aldiz, sekulako maila handia ematen ari da, eta txapelketa horretara eroatea pentsatu dugu”, azaldu du Iñaki Osa Goikoetxea Eramaneko kirol zuzendariak.

Zesta-puntari buruzko kartela.Eraman Jai Alai!
Lopezek lehen urratsak Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian eman bazituen ere, AEBtan “pauso garrantzitsuak” eman zituen: “Pasatu dira urte batzuk han egon nintzenetik, eta eurek hori eskatzen badute ni gustura joango naiz, lehengo momentu haiek berpiztera”. Zesta-puntarekin Euskal Herrian dagoen olatua ez dago oraindik han, eta hori berpizteko aukera izan daitekeela uste du. “Txapelketa egitea erraminta bat izan daiteke horretarako”.
Mantzik txikitatik izan du Ameriketara joateko ametsa, zesta-puntan aritzekoa, eta txapelketa honek eskaintzen duen aukera aprobetxatuko duela dio: “Han txapelketa garrantzitsu bat jokatzeko aukera dugu. Oso polita da horrelako frontoi batean txapelketa bat lehiatzea. Winter Series ona egin dugu, eta nik argi daukat aukera denak aprobetxatzeko gogoa daukadala. Hori da egingo dudana”.

The Miami Herald egunkarian, zesta-puntari buruzko erreportajea.Eraman Jai Alai!
Barandikak eta Lekerikak sei urte egin zituzten han, eta etxe modura sentitzen dute Daniako frontoia. Agur esan zioten 2021ean, eta ligako txapelketa jokatzera bueltatuko dira. “Han bizitako urteak oso politak izan ziren, baina hori dela eta etorri da gero hemengo loraldia. Pozgarria da hara itzultzea, etxean bezala egon ginelako han, oso ondo tratatu ziguten, eta frontoian gustura ibili ginen. Pertsonalki, pozgarria da Gernikako enpresagaz han txapelketa hau jokatzea”, azaldu du Barandikak.
Duela hiru urte Daniako frontoia itxi zutenean imajinatu ere ez zuen egiten Lekerikak han txapelketa bat jokatuko zuenik hiru urtetan: “Albiste pozgarria da. Imajinatu ere ez genuen egiten, baina gauza asko pasatu dira: Winter Series txapelketa sortu da, horrek zesta-puntari bultzada handi bat eman dio, eta publiko berria ere hurbildu da kirol honetara. Gainera, liga ere sortu da”. Ligan, urtetik urtera, gero eta txapelketa gehiago ari dela antolatzen azpimarratu du gernika-lumotarrak, hori ona dela esanda: “Kariño asko diogun frontoia da, ia zazpi urtez aritu ginen bertan, kiniela asko jokatuz”.
Erkiagak ere gogoratu du Daniako frontoia itxi zutenean “betirako itxiko” zela zirudiela, baina gazteei aukerak eskaintzeko denboraldi laburrak egitea “garrantzitsua” dela dio: “Guk han ikasi genuen jokatzen, han ikasten da puntuen balioa zein den. Beraz, gazteak joatea oso garrantzitsua da zesta-puntarentzat, eta txapelketak honek indartu dezake gazteen hango denboraldia”.
Sorozabalek ere, plazerra dela bueltatzea dio, aukera aprobetxatuko duela esanda.

Daniako frontoia jendez beteta.Eraman Jai Alai!
Apustu nagusiena: kirola.
Hala ere, Daniakoa ez da zirkuituko “beste” proba bat Eramanekoentzat, denboraldiko apustu nagusiena da: “Proiektu honen helburuak ligarako banatuko dituen puntuak baino askoz garrantzitsuagoak dira”.
Izan ere, Eraman enpresaren helburua da zesta-puntaren sua bizirik mantentzea munduan zutik geratzen diren frontoi luzeetan. Eta nazioartekotze horren lehen pausoa Danian eman dute. Zergatik? Ameriketako Estatu Batuetan oraindik zabalik dagoen frontoi luze bakarra delako, hiru hilabeteko denboraldia eskaintzen duelako, Daniako denboraldiak pilotari gazteen hobekuntzan lagun dezakeelako eta harreman ona dutelako Dania Jai Alaiko intendentziarekin (Benny Bueno). “Gure belaunaldiarentzat Dania izan da frontoirik ezagunena eta gertuen sentitu duguna. Historia handiko pilotalekua da”.
Ilusioa berpiztea da asmoa. Hori da Eramanekoen helburu nagusia, ze, AEBtan badago oraindik zesta-puntaren jarraitzaileek osatutako komunitatea. “Bertako zaleen artean ilusioa berpiztea eta jarraitzaile guztiak txapelketa handi batean elkartzea da asmoa. Txapelketa topagune bat izatea gura dugu. Galduta dagoen egun hori berreskuratu nahi dugu, remember bat egin”, nabarmendu du Etxebarriak. Izan ere, komunitatea “benetan zabala” dela diote: han daude pilotari ohiak, zaletuak, enpresetakoak… “Zesta-puntako komunitatea zabala dago han, eta uste dugu frontoia beteko dela, giro onean elkar batzeko hitzordu ona izango dela. Lehen egun askotan lehiatzen zen, baina guk asteburu bateko topaketa antolatu dugu. Ikusmina badago”.
Horrez gain, bertako publikoari goi mailako txapelketa bat eskaini gura diote, pilotaririk onenak bertara eroanda, AEBtako garai bateko txapelketa handiak gogorarazteko: NAJF, Citrus, World Series, etab. “Bertako jarraitzaileak, enpresak eta erakundeak aktibatu gura ditugu. Eurena da zesta-punta bizirik mantentzearen erantzukizuna, baina horretarako beharrezkoa ikusten dugu txapelketa handi bat antolatzea”.
Zesta-punta, gainera, kirol ikuskizun bezala aurkeztuko dute, ez apustuetarako kirol modura. Izan ere, kirolaren aldeko apustu sendoa egin dute Eramanekoek. “Orain arte, Floridako historian, apustuagaz oso lotuta egon da Jai Alai, eta orain kontrakoa da. Horri buelta eman diogu, kirola bihurtuz protagonista. Aldaketa garrantzitsua da era berri honetan. Orain arte apustuagaz lotuta egon da, horren arabera egin direlako frontoiak zabaldu eta itxi, eta orain, kirola izango da garrantzitsuena”, esan du Etxebarriak.
Zesta punta, herri proiektua.
Herri proiektu modura ikusten dute Eramanekoek zesta-punta: “Zesta-punta gure herri identitatea zabaltzeko erreminta bat dela uste dugu, baita Jai Alaik nazioarteko presentzia izan behar duela ere”.
Hau hango aro berrirako lehen pausoa den galdetuta, “apustu zaila” dela onartu dute Eramanekoek, aproba bat egin gura dutela gehituta: “Aproba bat da. Han txapelketa egitea uste dugu interesgarria izan daitekeela, eta ikusiko dugu egonkortzen den edo ez. Asmoa bada ligaren parte bihurtzea, ligaren beste geltoki bat izatea Dania”.