Zalantzen Txokoa: zalantza eta txoko asko
Zalantzen Txokoak formatua aldatu du aurten Winter Seriesen. Hirugarren epaile bat sartu dute, eta erabakien inguruko azalpenak ematen dituzte. Zalantzak gutxiago badira ere, batzuk argitu gabe jarraitzen dute. Jai Alaik txoko asko ditu, pertsonen begiak zein kamerak ere heltzen ez direnak. HITZAk Zalantzen Txokoaren protagonistetako batzuk bildu ditu. Denek ala denek inflexio puntu bera jarri dute: Durango.

Zalantzak edonon, edozeini, edonoiz agertu ahal zaizkio. Egunerokotasunean daude. Bakoitzak bere txokoak ditu zalantza horiek argitzeko, kirola, kafea, garagardoa… Orain zesta-puntak ere badauka berea, bere Zalantzen Txokoa. Kasu honetan, pertsona bat da: Antxon Alberdi etxebarritarra.
Baina Zalantzen Txokoa ez da aurtengo Winter Serieseko berritasuna. Iaz ere erabili zuten epaileek. Aldatu dena formatua izan da; orain hirugarren epaile bat dago, horretarako bakarrik dagoena, ez beste ezertarako.
Inflexio puntu argi bat dute sortzaileek buruan, batez ere, Zigor Etxebarria Eraman Jai Alaiko zuzendariak, baina baita zesta-punta zale guztiek ere. Hain zuzen ere, gutxitan ikusi da Aritz Erkiaga haserre frontoian, ez behintzat hainbeste eta hain nabarmen. Askok gogoan izango dute Jai Alai Ligako Lauko Finaleko finalerdietan Durangon gertatutakoa: Erkiaga-Basque vs Barandika-Lopez. Bere onetik aterata zegoen ispastertarra, inoiz ez bezala. Arrazoia? Epaileen erabakiak.
Antxon Alberdi: “Nahiko nuke jokatzen ditudan partiduetan Zalantzen Txokoa egotea; emaitza justuago bat lortzekoerreminta bat da”
Protagonistak ere ondo gogoratzen du Durangoko partida hura. “Nire ustez, Lopezek argi eta garbi bi aldiz pilota ukitu zuen, baina epaileek ez zuten ezer ikusi edo entzun”. Erabaki zalantzagarri guztiak gernikarraren eta zumaiarraren aldekoak izan ziren, Erkiagaren etsipenerako. Erabakiek guztiz baldintzatu zuten partidaren, eta ondorioz, txapelketaren etorkizuna. “Ez da posible”, argi dauka Etxebarriak. Inflexio puntua izan zen.
Zerbait aldatu beharra zegoen. Hilabete bat baino gutxiago falta zen Jai Alai Winter Series hasteko, gaur egungo txapelketarik garrantzitsuena. “Ez zen momentuko erabaki bero bat izan, denbora generaman enpresan epaileen inguruko hausnarketa bategaz. Kiroleko alde askotan aurrera egin dugun bezala, epaileen artean ere beharrezkoa zen”, berretsi du.

Erkiaga eta Basque, DurangonEraman Jai Alai
Zuzenean Alberdigaz jarri zen harremanetan. Alberdi puntista izateaz gain, epailea ere bada, eta azken Winter Seriesetan komentarista lanetan aritu izan da EITBrako. “Profila da”, pentsatu zuen zuzendariak. Hasiera batean shock egoeran geratu zen etxebarritarra, ez zuen espero. Denbora gutxi zen. Gainera, lehen proposamen bat zen, landu beharrekoa. Alberdi bera ere zalantzen txokora joan zen, pertsonalera. Azken batean, telebistan aritzekoa zen, eta astelehenero Gernika-Lumon lanean egoteko konpromisoa hartu beharko zuen. Azkenean, puntista arloa nagusitu zen bere barnean. “Nik, pilotari moduan, nahiko nuke partiduetan egotea, emaitza justuago bat lortzeko erreminta bat da; kirolaren onerako da”, aitortu du.
Ludovic Ladutxe getariarrak eta Mikel Mantzisidor mutrikuarrak, adibidez, Zalantzen Txokoari esker lortu zuten, hein handi batean, finalerako txartela. Hirugarren seteko azken tantoan, launako berdinketan, Basquek horma-bikoa jaurti zuen, eta tanto egin, baina aurretik botea egin zion pilotak saskian. Zalantzen Txokoa barik, eztabaida sortuko litzateke, emaitza aldatu, etorkizuna aldatu.
Etxebarria orain arteko emaitzagaz “pozik” dago, balorazio positiboa egin du. Eraman Jai Alai enpresatik “etengabe” berritasunak eta hobekuntzak bilatzen daude. Formula bat dute, ez dena sekretua, probak egitearena, nahiz eta hasieran, agian, akatsak egin. Ez dute beste biderik gauzak probatzeko. Esperimentazioa da Zalantzen Txokoa bera ere.
Irudiekin nahikoa?
Erkiagak beste buelta bat eman nahi izan dio. Nahikoa da irudiekin? “Ez da bakarrik bideoa edo irudia, zesta-puntan batzuetan soinua ere bada. Hau da, pilota batek saskia jotzen duenean, agian, irudietan ez da argi ikusten, baina frontoian, batez ere puntistek, bai entzuten dugula jotzearen soinua”. Urreisti eta Gorkaren aurkako partida ekarri du gogora: 3 eta 4ko markagailuagaz, Erkiagak sakea atera, eta epaileek Urreistiren saskiak pilota ukitu zuela adierazi zuten. Emankizunean, Xabier Euzkitzek zarata entzun zuen, baina Jokin Arbek ez. Zalantzen Txokotik, berriz, Alberdik ez zuen pilotaren norabide aldaketarik ikusi, eta tantoa errepikatu egin zen. “Lagun askok esan didate zarata entzun zutela, agian, ez hainbestekoa pilotaren norabidea aldatzeko, baina zerbait entzun zela”.
Zigor Etxebarria: “Batzuetan, irudiak argigarriak dira, baina beste batzuetan, ez hainbeste; zaila da kantxa osoa hartzea”
Julio Gerrikaetxebarria epaileak eskertu egin du aurtengo aldaketa. 25 urte baino gehiago daramatza epaile lanetan. Bizkaiko frontoi askotan aritu da: Lekeitio, Berriatua, Durango, Bilbo… Hori bai, denetan nahiko luke Zalantzen Txokoa izatea. Azken batean, sei begik lauk baino gehiago ikusten dute, eta batez ere, hobeto ikusten da pantaila aurrean eta kamara desberdinen angeluekin. “Oso lagungarria den tresna da, baita epaileentzat ere, ez bakarrik puntista eta ikusleentzat”, argitu du.
Epaileek ezin dute dena ikusi, are gutxiago pilota 200 kilometro orduko abiaduran badoa. Hemen ere zalantzen txokoak daude, toki ezkutuak, begiak heltzen ez diren tokiak; adibidez, puntistek beraiek oztopatu dezakete ikuspegia. Horretan laguntzen duten dauden 6-7 kamerek.
“Ez ditu zalantza denak argitzen”, dio Erkiagak. Erabaki argiak agerian uzteko bai balio du, baina aurrelariak uste du ez dituela polemika guztiak kenduko. Hori posible bada. Eta ispastertarrak berak horri buruzko zalantza asko ditu. Durangoko abiapuntura itzuli da: “Gero, partida errepikatuta ikusi nuen etxean, eta irudietan ere ez zen ikusten nik kantxan sentitu nuena”. Puntistak epaile lanetan aritu izan dira Ameriketako Estatu Batuetan, badakite zer den kontrakantxan aritzea, eta onartzen dute epaileen lana “oso zaila” dela.
Frontoiko hormak
Hala ere, normala denez, Zalantzen Txokoak oraindik hobetzeko asko dauka. Zesta-punta batez ere kontrakantxatik ematen den kirola da, eta, orduan, horrek baldintzatu egiten du, angeluak zailtzen ditu, dena ikustea zailagoa da; epaileei gertatzen zaien gauza bera gertatzen zaie kamerei. Epaileentzat ikustea zaila bada, kamerek batzuetan ez dute askorik laguntzen. Teknikoki oraindik hobetzeko asko dago, eta horretan lanean daude.
Hain zuzen ere, Etxebarriak dio Zalantzen Txokoa oraindik “berde” dagoela, frontoi askotako hormak bezala. Aldi berean, nonbaitetik hasi beharra dago, eta Winter Series abiapuntu bikaina da betiere, egungo onena. “Ezin gara zain geratu; batek daki noizko lortuko ditugun behar besteko zehaztasunak. Beraz, bitartean, maite dugu kirolaren alde lan egiten jarraitu behar dugu”. Gerrikaetxebarriak argi dauka Winter Seriesean geratzeko etorri den tresna dela: “Espazioa eta instalazioak egon badaude Jai Alain, jarri eta landu ahal izateko”.
Aritz Erkiaga: “Ez da bakarrik bideoa edo irudia, zesta-puntan batzuetan soinua ere garrantzitsua da“
“Batzuetan ez da kamera gehiago jartzea bakarrik”, esan du Erkiagak. Esate baterako, sakea luze edo labur denerako, kamera “oso urrun” dagoela dio, eta horrela zaila dela irudi argi bat ikustea.
Irudietan ikusi du Eraman Jai Alaiko arduradunak aurrerapen handiena dagoen txokoa: “Batzuetan irudiak argigarriak dira, baina beste batzuetan ez hainbeste, pilota ez delako ikusten edo angelua ez delako egokiena. Azken batean, zaila da kantxa osoa hartzea”. Etorkizuna, adibidez, Zalantzen Txokorako bakarrik bideratutako kamerak izan beharko dira. Eta ez edozelakoak. “Zesta-puntan pilota ikaragarri arin doa, eta kameraren arabera, frame batetik bestera pilotak lurra non jotzen duen galdu daiteke”, dio Etxebarriak.
Erkiagak teniseko eredua ekarri dugu gogora. Grand slam txapelketa handietan ez daude lehen egoten ziren pistako epaileak, sakonean kokatzen zirenak marrei bakarrik begira. Orain, teknologiak egiten du hori guztia, pistan bertan jarritako sentsoreekin. Milimetrikoki kontrola dezake pilotaren botea marran eman duen edo ez.
Zesta-punta ez da esku pilota bezalakoa; esku pilotan, zalantza batez ere atxikian edo bigarren botean oinarritzen da. Zesta-puntan, ostera, kontu gehiago daude. Batez ere, pilota beste abiadura batean doa, erabakiak are gehiago zailduz. “Askotan errebesez sartzen garenean, zarata entzuten da, baina batzuetan zaila da jakitea zestarekin horma edo pilota ukitu duzulako izan ote den”. Hori irudietan ikustea zaila da.
Baina irudiek ez diete legitimitatea kentzen kantxako epaileei? Gerrikaetxebarriak argi dauka “ezetz”, laguntzeko dagoela. Orduan presio gehiago izango dute? “Ezta ere”, argitu du. “Gaur egun zesta-punta errazagoa da alde horretatik; bi bando daude, bikote bakoitzaren aldeko bana. Kinieletan, adibidez, bikote gehiago zeuden eta orduan interes gehiago zeudenez, presioa ere bestelako izan zitekeen. Gainera, orain ez dago apusturik, eta horrelakoetan, diru kontuek baldintzatu dezakete”. Eta norberaren presioa? “Ezta ere”. Bere betiko epaile lana egiten duela dio, betiko moduan, kontuan hartu barik Zalantzen Txokoa dagoela.
Alberdik argi dauka epaileek haien lana osatu behar dutela, Zalantzen Txokoa egoteak berdin diola: “Naturaltasunez erabili beharreko zerbait da, zaila da frontoian dena ikustea; beraz, zerbait ikusten ez badute, laguntzeko tresna da”.
Julio Gerrikaetxebarria: “Oso lagungarria den tresna da, ez bakarrik puntista eta ikusleentzat, baita epaileentzat ere”
Uste dute batez ere boteak direla ikusteko eta aztertzeko zailenak. “Winter Seriesen ikusi dugu Zalantzen Txokoko epaileak ezin izan duela batzuetan erabakirik hartu, irudian ez zelako argi ikusten. Bestalde, zalantzagarri egon diren erabakiak ere hartu izan dira, nik neuk epaile moduan hartuko ez nituzkeenak”, gogoratu du Erkiagak.
Ahotsa eman
Zalantzen Txokoa bera ere garatzen joan da jardunaldiak aurrera joan ahala. “Komunikazioa hobetu dugu, ez bakarrik epaileen artean, baita telebistako errealizadoreekin eta kamerekin ere. Helburua ahalik eta irudirik onena eta argiena lortzea zen erabaki bat hartzeko”, dio Alberdik.
Gerrikaetxebarria eta Alberdiren arteko komunikazioa etengabea da. Puntista batek zerbait erreklamatzean, berehala hasten dira hizketan, eta etxebarritarra irudiak birpasatzen hasten da. Gernikarrak argi dauka edozein ezin dela Zalantzen Txokoan aritu, Alberdi ezin hobea dela horretarako: “Epailea da, badaki zer den kantxan egotea, eta gainera, puntista da. Beraz, ondo baino hobeto daki egoera bakoitza epaitzen”.

Eñaut UrreistiEraman Jai Alai
Adibidez, futboleko VAR formatuagaz alderatuta, aurten Zalantzen Txokoan azalpenak zuzenean ematen dira. “Aurrerapauso bat da beste kirol batzuekin alderatuta”, diote. Horrela, ikusle guztiek, frontoikoek eta pantailako beste aldekoek, erabakiaren arrazoiak berehala jasotzen dituzte. Hemen lanketa bat egiten ari dira. Etxebarriak berak ere zalantzak ditu zuzeneko komunikazio horren inguruan, batez ere frontoi guztiek ez dutelako bermatzen horretarako aukerarik.
Alberdik aitortu du “unerik zailena” dela berarentzat, “urduri” jartzen dela azalpena ematerakoan: “Denak zure zain daude, zuri begira”. Nahiz eta erabakia argi izan, zelan esaten den garrantzitsua da. Gainera, frontoian jokoa bera baino askoz haratago doazen faktoreak sartzen dira jokoan: laguntasunak, emaitzak… “Garbitasuna eta gardentasuna” ematen dutela argi dute. Horrez gain, Alberdi saiatzen da ahalik eta “ulergarrien” azaltzen zer erabaki hartu den eta zergatik.
Epaileak erdibidean
Gerrikaetxebarriak epaileen lana goraipatu eta balioan jarri nahi izan du. Ez dugu ahaztu behar epaile barik, edozein kiroletan, ez dagoela txapelketarik. Salatu du duela 20 urtetik ez dutela igoerarik izan haien kuotetan, eta diruagatik izango balitz, inor gutxi ariko zela kontrakantxan. Inguruko epaileak esku bateko atzamarrekin kontatu daitezkeela dio. “Jendeak uste du Winter Seriesen lan egiteagatik asko kobratzen dudala, baina ez da horrela. Gustatzen zaidalako nago astelehenero, Jai Alai nire bigarren etxea delako”, dio Alberdik. Enpresaren eta federazioaren artean, epaileak erdibidean daude, haien lan baldintzak hobetu nahian.
Zalantzen Txokoari dagokionez, telebistak berak ere mugak jartzen ditu, ez dago txapelketa guztietan, ez behintzat partida guztietan. Masters series edo grand slam askotako finalak eman zituen iaz EITBk, baina finalerako bidean ere momentu erabakigarriak egon daitezke. Beraz, ez litzateke erabat justua izango.
Iazko Bilboko Iron Cup txapelketan, bi partida bakarrik eman ziren EITBtik, baina Etxebarriak aurreratu du oraingoan sei izango direla. Horrek beste aukera bat zabaldu lezake. Hala ere, ez da hain erraza. Deportivoko instalazioak aztertu beharko dituzte, Jai Alai baino askoz txikiagoa delako, eta teknikoki ere bideragarria ote den ikusi. Era batera edo bestera, gaur gaurkoz, zuzendariak ez du argi ikusten erabakia.
Horregatik, Eraman Jai Alai enpresatik aurreratu dute Markina-Xemeingo Leartiker zentro zientifikoagaz harremanetan daudela. Irudiek ahalik eta gehien eta hobekien lagundu dezaten, zenbat fotograma beharko liratekeen zehaztu nahi dute. Zalantzen Txokoak ere, bere barnean zalantzez beteriko txokoak dituelako.