Altza Burua Lekitto: "Ezin dugu ume bat deskonektatu bere inguru guztia konektatuta egonda"
Altza Burua Lekitto taldeko kideek argi daukate umeei eskuko telefonoa zenbat eta beranduago eman, hobeto izango dela, eta joan den urtean taldea sortu zutenetik, helburu hori lortzeko lanean ari dira.

Noiz sortu zitzaizuen Altza Burua Lekitto taldea sortzeko ideia?
2024ko ekaina inguruan, Miren Ros hezitzailea etorri zen hitzaldi bat ematera, eta hortik etorri zen taldea sortzeko ideia. 2024ko irailean batzar bat egin genuen gaian interesatuta geundenok, eta hor sortu genuen taldea. Helburua da mobila erabiltzeko adina atzeratzea, batez ere, Interneta duten mobilena. Izan daiteke smartphone bat edukitzea Internet barik, baina horren adina ere atzeratu daiteke. Gure gazteek gutxi gorabehera 16 urtera arte smartphonik ez edukitzea nahi genuen.
Beraz, kezka batetik dator taldea sortzeko beharra?
Gaur egun gazte askok dute mobila, eta horrek arduratu egiten gaitu. Hala eta guztiz ere, Miren Rosek emandako hitzaldian esan zuen tendentzia umeek mobila edukitzeko adina atzeratzea dela, eta hori gertatzen ari da Altza Burua egitasmoa martxan dagoen herrietan, ze, besteetan, ez dago desberdintasun handirik. Gu, guraso modura, geure umeen adina atzeratu nahian ibili gara. Orain, Euskal Herrian zehar dagoen Altza Burua sarearen parte gara, eta talde moduan funtzionatzen hasi garenez, hori indartu eta herriratzea da kontua.
Zeintzuk dira ume edo gaztetxoei mobilak goizegi ematearen kalteak?
Umeek denbora asko igarotzen dute pantailen aurrean konektatuta, eta alboan duten inguruari eta pertsonei ez diete garrantziarik ematen. Bakardadea da, azken finean. Horren harira, lagunekin kalera irteten direnean, denak daude bakoitza bere mobilera begira, eta ez dute jolasten elkarrekin, ez dute elkarren artean berba egiten… Horrek ere, bakardade hori ekartzen du; jolasten ere ahaztu egiten zaie. Bullyinga eta mendekotasuna sortu ditzake, baita frustrazioa ere. Edukiari dagokionez, nora heldu daitezkeen da arazoa; izan ere, ez dira helduak, zein eduki ikusi edo ez erabakitzeko. Oraindik umeak direnez, garuna ez daukate garatuta smartphone bat kudeatzeko bezala, eta kalteak narriadura oso handikoak izan daitezke; mugikorrak eskaintzen duen dena eurek bakarrik kudeatzeko ez dute gaitasunik.
“Lagunekin irteten direnean, bakoitza bere mobilari begira egoten da, eta horrek bakardadea dakar”
Eta, zelan hasi zineten egoera horri aurre egiteko lehenengo pausuak ematen?
Miren Rosekin batu ginen, eta aurreko batzarrean emandako gakoak kontuan hartuta, Altza Buruak gidatuta eta Lekeitioko Udalaren laguntzagaz hasi gara lanean. Guraso bezala egiten den bakarkako lanketa horretan ez da erraza umeari esatea ez daukala mugikorrik, gainontzekoek badutenean. Talde bezala elkartuz gero, errazagoa da, eta horri aurre egiteko gakoak Miren Rosek eman zizkigun. Hala, lehenengo pausoa herriko egoera aztertzea izan zen, ikastetxeetan galdetegi bat zabalduz.
Zeintzuk izan dira azterketa horretako ondorioak?
Ikasturte hasieran egin genuen azterketa. Alde batetik, Lehen Hezkuntzako 1. mailatik 6. mailara bitarteako 247 ikasleri galdetu genien: hamar ikaslek badaukate, 235ek ez, eta bi gurasok umeei mugikorra emateko zalantza erakutsi zuten. Bestalde, DBHko lehen eta bigarren mailetan ere galdetegia zabaldu genuen: 94 ikasleren artetik 25ek badaukate mugikorra, 62k ez daukate, eta zazpi gurasok zalantza erakutsi zuten.
Miren Ros hezitzailea aipatu duzue behin baino gehiagotan. Adituek formakuntzetan aipatutako zer nabarmenduko zenukete?
Gazteen artean dagoen bakardade sentimenduak inpaktatu gintuen, zelan hain txarto sentitzen diren. Miren Rosek aipatu zuen inkesta bat egin zela eskola batean, astebetez umeak mobilik barik utziz; astebeteren ostean, bi gaztek lehengo egoerara ez zuten itzuli nahi izan, mugikorra edukitzearen dependentzia horretara. Era berean, gazteen buruan zer dagoen ere ezagutu dugu formakuntzetan. Kaos bat dago euren buruan, eta kaos horretatik alde egiteko sarritan jotzen dute mugikorretara. Arazoa, gainera, ez da ume soil batena; arazoa kolektiboa da. Ezin dugu ume bat deskonektatu bere inguru guztia konektatuta baldin badago. Egin dezakegu, baina kontuan hartu behar da ze gogorra den hori eurentzat.
“Guraso bezala ez da erraza umeari esatea ez daukala mugikorrik, gainontzekoek badutenean”
Umeek eta gazteek ezin dute euren burua kontrolatu, baina, helduek?
Gazteengatik gaude arduratuta, baina gu ere eredu izan behar gara. Norberak bere buruari erreparatu behar dio, eta herri moduan, guk ere ikasten dugun bitartean, umeei erakustea lortu behar dugu. Gure buruari galdetu behar diogu ea zer behar dugun aparatu horretatik, eta ea nora eroaten gaituen.
Egoerari irtenbide bat emateko asmoz, herriko hainbat establezimendutan telefonoak ipini dituzue. Nondik dator ekimena egiteko ideia?
Bai. Altza Buruakoek hainbat ideia proposatu zizkiguten; hau bagenekien Tolosan egin zela, eta atentzioa eman zigun. Umeak mobilik barik egotea nahi badugu, pentsatu genuen umeei segurtasuna emateko ekimen ona izan zitekeela. Herri guztian zabaldu nahiko genuke, denak konplize izateko. Umeen lasaitasuna ez ezik, gurasoena ere asko da. Ze, modu honetan umeek badakite zerbait behar badute, nora joan behar diren telefonoak eskatzera, eta gurasoak ere lasai egongo dira jakinda herriko komertzio guztiak konplizeak direla. Saretze bat modukoa da, eta lasaitasun kolektibo bat sortzen du.
Eta zer moduzko erantzuna izan du herrian?
Erantzuna oso ona izan da. Komertzioen %90 inguruk babestu du, eta gainera, komertzio batzuetan elkarrizketa ere luzatu egin dugu, galderak zituztelako. Besteak beste, galdetu digute ea egoera zelan ikusten dugun, eta euren iritzia ere jaso dugu. Azken finean, guk talde txiki moduan sortu dugun arren, ikusi dugu jende gehiagori arduratzen dion zerbait dela. Ondo goazela sentiarazi digute, ze, ikusi dugu herrian babes hori badagoela, guraso izan edo ez.
Edonor batu daiteke zuen taldera?
Bai, talde irekia gara, eta zenbat eta gehiago izan, hobeto. Gainera, ikuspegi eta ideia berriak beti dira ongi etorriak. Gure ume, gazte eta nerabeen osasuna denon ardura da. Lehenengo, baina, norberak egin behar du hausnarketa, besteei erakutsi ahal izateko; atzetik datozenentzat erreferenteak gara. Aldaketa hau denon onerako izango da, ze, denon arazoa da.