"Indarkeriarik gabeko bizitza" edukitzeko eskubidea aldarrikatu dute
Irungo erailketa matxista salatzeko elkarretaratzeak egin dituzte eskualdeko hainbat herritan, Markina-Xemeinen, Munitibarren, Etxebarrian eta Lekeition, kasu. Gaur [otsailak 8] iluntzean Aulestin elkartuko dira, eta bihar [otsailak 9] eguerdian, Ondarroan.

2025. urtea hasi denetik ematen den bigarren erailketa matxista da Irungoa. Horren aurrean, eskualdeko hainbat herritan elkarretaratzeak antolatu dituzt senide, lagun nahiz gertukoei babesa eta elkartasuna adierazi eta erasoa salatzeko asmoz. Markina-Xemeinen, Munitibarren eta Etxebarrian atzo [otsailak 7] iluntzean elkartu ziren eta Lekeition, ostera, gaur [otsailak 8] eguerdian.

Lekeitio.Potxuak Martxan.
Markina-Xemeingo Mugimendu Feministak ozen adierazi zuen Irungo hilketak “agerian” uzten ditula “sistemaren hutsuneak”: “Urteak daramatzagu esaten sistema zisheteropatriarkatu, kapitalista eta arrazistak egituraz sostengatzen duela indarkeria matxista, eta horren azken ondorio lazgarri eta ikusgarriena erailketa dela”. Indarkeria matxista “lehen mailako arazo politikoa” dela salatu zuten, eta arazoari aurre egiteko neurriak exijitu zituzten: “Gaur egungo jarrera konplizeek alboratzeko eta arazoari aurre egiteko benetako neurriak hartzeko exijitzen dugu, denon bizitzak daude jokoan”.

Markina-Xemein.Markina-Xemeingo Talde Feminista
Indarkeriarik gabeko bizitza edukiko eskubidea dutela aldarrikatu zuten: “Nazkatuta, amorratuta eta haserre gaude. Askeak izateko eskubidea daukagu, beldurrik gabe bizitzekoa. Horregatik, gaur egin dugun moduan, aurrerantzean ere elkar zaintzen, borrokatzen eta kalera irteten jarraituko dugu, indarkeria matxistarekin behingoz amaitu arte. Nahikoa da”.
Gaur eta bihar [otsailak 8 eta 9] ere, elkarretaratzeak deitu dituzte eskualdeko talde feminista nahiz udalek.
- Aulesti. Gaur [otsailak 8], 19:30ean, herriko plazan.
- Ondarroa. Bihar [otsailak 9], 13:00etan, Alamedan.

Etxebarria.Emare.