Euskaraldia lantzeko proposamen didaktikoa sortu dute
Euskaraldiaren webgunean eskuratu daitezke proposamenak, eta adin tarteka osatu dituzte: Altxa (3-9 urte), Dantza (9-12 urte) eta Jalgi (12-16 urte).

Euskaraldiak xaxatzaile izateko deia zabaldu die Euskal Herriko gaztetxoei. Euskaraldia lantzeko ume eta gaztetxoei zuzendutako proposamen didaktikoak ondu dituzte Euskaraldiko lantaldeak eta Ikastolen Elkarteko kideek elkarlanean. Izan ere, Euskaraldian parte hartzeko oinarrizko baldintzak euskara ulertzea eta 16 urtetik gora izatea badira ere, ekimenaren sustatzaileen berbetan, 16 urte azpiko herritar gazteek ere «zeresan itzela» daukate euskararen biziberritzean zein erabileran, eta, beraz, eurei zuzenduta prestatu dute ikastetxe zein bestelako zentroetan ariketa lantzeko materiala. Goiatz Urkijo Euskaraldiko koordinatzaileak esan bezala, «ikastetxeek ezinbesteko ekarpena egin diote euskararen biziberritzeari, bai ikasleei dagokienean, bai gurasoei dagokienean».
Material didaktikoak bi helburu ditu: batetik, haur eta gazteei Euskaraldiaren berri emanez, haiek ariketan duten egitekoa azaltzea eta horrek duen garrantziaren berri ematea; eta, bestetik, ume eta gazteen kontzientzia soziolinguistikoa piztea eta haiek informatzea, prestatzea eta ahalduntzea, euskararen erabileraren gaian agente aktibo izan daitezen. Adin tarteka osatu dituzte proposamenak: Altxa (3-9 urte), Dantza (9-12 urte) eta Jalgi (12-16 urte).
Gura duenarentzat euskaraldia.eus atarian eskuragarri dago materiala. Sustatzaileen iritziz, xaxatzaileek «egiteko garrantzitsuak» dituzte Euskaraldian, ariketa izan bitartean–maiatzaren 15etik 25era–, baita aurretik ere. Etorkizuneko parte-hartzaileak izateaz gain, euren etxeetan erabileraren aldeko «ezinbesteko pedagogia» egin dezakete, ariketaren nondik norakoak azalduz, eta Euskaraldiak proposatzen duena etxeetan egitera animatuz, hau da, lehenengo hitza euskaraz egiten, eta elkarrizketa elebidunak mantentzea sustatuz. Izan ere, Urkijok gogoratu duenez, etxe askotan euskararen berri umeen eta nerabeen eskutik edukitzen dute soilik.
Proposamen didaktiko horiek Euskal Herriko ikastetxe guztietara bidaliko dituzte, «horiek direlako umeak eta nerabeak biltzen dituzten ingurune naturalak». «Badakigu ikastetxe askok oso gustura hartzen dituztela Euskaraldiaren inguruko lanketak» zehaztu du Urkijok, eta eskerrak eman dizkie Euskaraldia euren eremuetan modu horretan sustatzeagatik. Hezitzaileek zein jarduera egin eta nola egin aukeratu ahalko dute. «Euskaraldiaren inguruan egiteko 11 jarduera aurkituko dituzte hezitzaileek, ikasleekin hizkuntzari buruz hausnartzeko eta bizipenak partekatzeko», azaldu du Xabi Lasa Ikastolen Elkarteko Hizkuntza Egitasmoetako mahaiburuak. Ildo horretatik, Inma Muñoa Ikastolen Elkarteko kideak azpimarratu du hezkuntza zentroetan eta familian erabiltzeaz gain, beste hainbat taldetarako ere aproposa dela: «Material hau ez da eskola giroan erabiltzeko soilik. Haur eta gazteen artean euskararen erabilera sustatzeko aisialdi nahiz kultur ekimenak abian dituzten euskara elkarte, aisialdi talde eta antzekoetan ere erabilgarria dela uste dugu. Horregatik begiratu on bat eman eta materiala erabiltzera animatu nahi ditugu haur eta nerabeekin modu batean zein bestean aritzen diren guzti- guztiak».