Hezkidetzari buruz ariko dira urteko lehenengo Hezkuntza Foroan
Eguenean [otsailak 13], 18:00etan, Uhagonera bertaratzeko deia egin diete herriko hezkuntza formaleko nahiz hezkuntza ez-formaleko eragileei. Besteak beste, bertaratzen direnen artean ekainera bitarteko agenda egingo dute.
Iaz sartu zen Markina-Xemein Oinherri herri hezitzaileen sarean, eta ordutik, herri hezitzailea izateko helburuagaz, hainbat izan dira eman dituzten pausoak. Horietako bat, hezkuntza foroak izan dira: iaz hainbat saio egin zituzten, eta ikasturtea “aurrera jarraitzeko gogoz” amaitu zuten. Hori horrela, heldu diete berriro ere hasierako helburuari, eta ipini dute hurrengo hitzordua: eguenean [otsailak 13], 18:00etan elkartuko dira, Uhagonen.
Iazko hiru hezkuntza foroetan ateratako hiru erronketako bat lantzen hasiko dira eguenean: “Herri moduan ditugun hiru erronka atera ziren iaz: hezkidetza hezkuntza ez-formalean, kulturartekotasuna eta euskara eta ume eta gazteen parte hartzea. Aurten ikasturterako erronka legez hartu dugu hezkidetza hezkuntza ez-formalean lantzea”. Hori horrela, herriko eragile eta agente ezberdinak elkartu nahi dituzte foroan: “Helburua da hezkuntza komunitateko eragile ezberdinak batzea, eta baita agente ezberdinak ere: udala, hezkuntza formaleko eragileak, hezkuntza ez-formalekoak…”. Erronka hura “elkarbanatu eta kolektibizatzea” da euren helburua: “Herri hezitzailearen filosofia horretan denok daukagu ardura herria benetan hezitzailea izateko”.
Halaber, eguenean hezkidetzaren inguruan egingo dute berba, eta ekainera bitarteko agenda bateratua egingo dute eragileekin. Hezkuntza forora joan orduko hainbat hausnarketa egitea proposatu dute: “Zer dela eta gonbidatu zaituztegula uste duzue? Zer ekarpen egiten duzue Markina-Xemein hezitzailea izan dadin? Zeintzuk dira esku artean dituzuen egitasmoak? Eragile guztiek egiten dute ekarpenen bat, baina ez dira kontziente izaten. Hezkuntza foroan horren kontzientzia hartuko dugu, denok batera eragiteko horretan”.