Mikel Iriondok emaitza apartak lortu ditu Espainiako Txapelketan
Mikel Iriondo igerlikari ondarrutarrak urrezko eta brontzezko dominak eskuratu ditu master mailako Espainiako Txapelketan, laugarren eta bosgarren postu banaz gain.

Getxoko igeriketa taldean dabilen Mikel Iriondo igerilari ondarrutarrak meritu handiko emaitzak poltsikoratu ditu master mailako Espainiako Txapelketan, Oviedon [Asturias]. 45 eta 50 urte bitarteko kategorian, hiru probatan parte hartu du Iriondok, denetan ala denetan goiko kotan dagoela frogatuz: 100 metro bizkar proban, garaipena lortu du; 200 metro krol eta 100 metro krol probetan, hurrenez hurren, laugarren eta bosgarren postuetan amaitu du.
Bizkarrez igeri egitea “hoberen” egokitzen zaion estiloa da, eta ondarrutarrak lehia horretan lortu du emaitzarik onena, urrezko domina. Lan “gogorraren” emaitza dela aitortu du: “Ondo entrenatuta eta mentalki prestatuta iritsi naiz lehiara; 1.800 igerilari aritu gara eta, beraz, asko izan dira garaipenerako hautagaiak. Ondorioz, pozarren hartzen dut egindako lana”.

Argazkia: Mikel Iriondo.
Bakarka ez ezik, bere taldekideekin batera errelebokako txapelketa ere lehiatu du Iriondok. Brontzezko domina lortu dute 4×50 krol neurketan. Bakarka egindako lorpenaz gain, taldeka lehiatzea “oso polita” izan dela azpimarratu du: “Taldekide guztien lana baloratzen da, guztien esofortzua ezinbestekoa baita. Hortaz, brontzezko domina lortzea pozarren hartzen dugu”. Aurrerantzean, igerilekuko txapelketetan zentratuta jarraitzea du buruan Iriondok, baina ez die aterik zarratzen ur irekietako probei ere.