Garaipen gozoa txapelketari agur esateko
Eñaut Urreistik eta Gorka Sorozabalek bi setetan irabazi diete Thomas Urrutia eta Thibault Basqueri Eusko Label Winter Series txapelketaren finalaurrekoen ligaxkako azken partiduan.

Hasi zuten eran amaitu dute Eusko Label Winter Series txapelketa Eñaut Urreisti eta Gorka Sorozabalek: garaipenagaz. Gazteak diren arren, elkar ondo ulertu eta esperientzia irabazi dute txapelketak iraun bitartean, eta azken partidua da horren erakusle. Izan ere, Urrutia eta Basqueri bi setetean irabazi zieten atzo (otsailak 10): 15-11 eta 15-7.
Nagusitasunez gailendu ziren Jai Alaiko partiduan mutrikuarra eta lapurtarra, bai aurrean bai atzean, izan ere, Thomas Urrutia eta Thibault Basque ez ziren fin aritu.
Edozelan ere, 0-4ko markagailuagaz galtzen hasi ziren Urreisti eta Gorka. Kantxara egokitzea kosta zitzaien, Amerikako Estatu Batuetako joan-etorriek eraginda edo, ze kantxara eta materialera ohitu beharra izan zuten. Lau puntuko alde horren ondoren, baina, launa berdintzea lortu zuten Urreistik eta Gorkak, eta berdinketagaz jarraitu zuten 11 tantoetara ailegatzerakoan ere.

WInter Series txapelketaren finalaurrekoetako ligaxkako azken neurketa.Eraman
Atzean seguru eta sendo agertu zen Gorka, eta Urreistik gehiago asmatu zuen aurrean. Denetara, partida osoan, hiru horma-biko jaurti zituen, kontrakantxako sarearen ondotik, ia espazio eta angelurik barik. Gorkak, berriz, txula ederra bota zuen 14-11koa egiteko. Lehen jokoko azken tantoa, baina, mutrikuarrak egin zuen, sahietseko posturan egindako tantoagaz: 15-11.

WInter Series txapelketaren finalaurrekoetako ligaxkako azken neurketa.Eraman
Txapelketan ezustekoa eman duen bikotea izan da eurena, maila ona eman duena. “Aurretik ez geneukan elkarrekin asko jokatuta, baina txapelketa honetan jakin dugu bata bestearengana egokitzen, eta AEBtan ere batera gaudenez, ondo aritu garela uste dut. Finalaurrekoetan ez genuen maila ona eman: Aritzen aurka lehen set ona egin genuen, baina zorte eskasa izan genuen eta gero ez genuen gure jokoa erakutsi. Gaur hobeto aritu gara, ez behar bada gure mailarik onenean, baina erakutsi dugu nola jokatzen dugun”, onartu du aurrelari mutrikuarrak.
Finalaurrekoetako ligaxkako azken norgehiagoaren ostean, finalaren atarian gaude dagoeneko. Laugarren aldia amaitzeko finala besterik ez da falta: Aritz Erkiaga, Ion Ibarluzea, Ludovic Ladutxe eta Mikel Mantzisidor izango dira protagonistak. Lehenengo biek aurreko urteko txapela berriro ere janztea bilatuko dute, eta besteek faboritoak gailentzea eta Erkiaga-Zabala, Beaskoetxea-Lopez eta Erkiaga-Ibarluzea bikoteen zerrendan hurrengoak izatea.