Egaña frontoia inauguratuko dute barikuan
Bihar [otsailak 14] inauguratuko dute Mutrikuko Egaña frontoia, eta asteburu guztiko egitaraua egingo da bertan.

Hilabeteetako prozesuaren ondoren, bihar [otsailak 14] inauguratuko dute Mutrikuko Egaña frontoia. Udaletik adierazi dutenez, “oso pozik” gelditu dira emaitzarekin, eta herritarrekin egindako prozesua izan denez, asteburu guztiko egitaraua antolatu dute “behar bezalako” inaugurazio jaia egiteko: “Oso pozik gaude emaitzarekin; nahiz eta herritarrek oraindik ez duten Egaña frontoia barrutik ikusi, uste dugu beraien gustukoa izango dela”.
Frontoia estaltzeko obrak abendu amaierarako edo urtarrilaren hasierarako amaitu behar bazituzten ere, prozesuan zehar izandako zenbait oztopo direla eta, otsailean amaitu dituzte: “Irailean hasi ginen lanekin, eta gure aurreikuspena duela hilabete eta erdi inguru Egaña frontoia prest egotea zen. Baina oztopoak direla medio, ezinezkoa izan da. Izan ere, Egaña lur kutsatuaren gainean eraikita zegoenez, lur kutsatua kentzeko azterketak egin behar izan ditugu. Kendu eta hamabost egun egon behar izan ginen zain, kutsatua zegoen edo ez jakiteko. Lehenengo aldian, oraindik kutsatuta zegoela ondorioztatu zuten, beraz, bigarrenez egin behar izan genuen azterketa, baita hirugarrenez ere. Lur kutsatua kentzeko prozesuaren ondorioz atzeratu dira obrak”.
Hobekuntzak. Proiektua aurrera eramateko 875.000 euroko aurrekontua definitu zuen udalak, eta Mutrikuko Udaletik zehaztu dute ez dutela “desbideraketarik” izan. Gainera, proiektatuta zegoena gauzatzeaz gain, hobekuntza gehiago ere egin dituzte, aurrekontua gainditu gabe: “Hasieratik proiektuan definituta zeuden aldaketa guztiak egin ditugu, aurrekontua gainditu gabe, eta horrez gain, zenbait hobekuntza gehiago egitea ere lortu dugu: toldoa jarri, harmailan eserleku erosoagoak ipini, ezkerreko paretari hezetasuna kendu…”.
Prozesuan zehar obraren “gainean” egon behar izan direla aipatu dute: “Lur kutsatuaren aferarekin, gainean egon behar izan gara prozesuan zehar. Herriarekin elkarlanean egindako proiektua izan da, eta exekutatzearen ardura gurea izan da, baina emaitzarekin oso pozik gaude. Balio izan du”.
Asteburuko egitaraua. Helburua frontoiari erabilera anitza ematea denez, asteburuan ere “denetarik” izango dute mutrikuarrek. Bihar [otsailak 14] 18:30ean hasiko da jaialdia, eta irekiera “ofiziala” emango diote Egaña frontoiari: “Irekiera jaialdian, Egaña enpresan lan egin zuten langile guztiak omentzeko tartea hartu nahi dugu, baita ere gure esker onak adierazteko. Ezin dugu ahaztu mutrikuar askok egin zutela lan bertan”.
Ondoren, Mutrikuko Bertso Eskolakoek girotuko dute frontoia bertsoekin, eta amaitzeko, Egañaren prozesua zein izan den azalduko dute. Gainera, Erraldoi eta Buruhandien konpartsa ere bertan egongo da.
Etzi [otsailak 15] kirol ekintzak egongo dira arratsaldean zehar. 17:30ean emango diote hasieran Danok Bat Pelotazale Elkarteko benjamin kategoriako neska-mutilen zesta partidekin. Ondoren, 18:30ean esku pilotaren txanda izango da, eta 19:30ean, palaz jokatuko dute mutrikuarrek. Domekan [otsailak 16], Itoitz. Udako sesioak dokumentalarekin emango diote amaiera asteburuari, 10:00etan.