Kirol eta kultur jardueretarako nahiz aisialdirako aterpea
Egaña frontoia estaltzeko lanak amaituta, garai bateko lantegiko beharginak omendu dituzte irekiera ekitaldian. Egokitu berri duten espazioa kirol eta kultur ekitaldietarako zein aisialdirako erabiliko dute mutrikuarrek.

Eraberritze lanak amaituta, Egaña frontoi estalia da orain, eta irekiera jaialdian elkartu ziren mutrikuarrak atzo arratsaldean [otsailak 14]. Udalak frontoiari aterpea ipiniko zitzaiola agindu zuen, eta, babestuz, herritarrak goxo hartu ditu Egañak.
Garai bateko langileen aterpe izan zena, herritarren aterpe izatea nahi dute orain, eta, kirolerako ez ezik, kultur eta aisialdi jardueretarako erabili ahalko dute. Egaña lantegiko beharginei omenaldi xumea eskaini zieten atzo, eta horietako batzuk irekiera ekitaldian egon ziren. Horiei Agurra eskaini zieten Gure Ametsa Dantza Taldekoek.
Era berean, Mutrikuko Bertso Eskolako Alexander Idoetaren, Xabi Astigarragaren eta Peru Vidalen bertsoekin eta Erraldoi eta Buruhandien Konpartsako kideen saioarekin girotu zuten ekitaldia, txistulariek musikatuta. Gainera, argazkien bidez inguruak izan duen bilakaera islatu zuten, Egaña enpresaren argazki zaharretatik hasi, eta gaur egungo Egaña frontoiari ateratakoetara arte.
Ainhize Azpiazuri alkateak esan bezala, herriarengandik egindako lana aitortu nahi izan zieten guztiei: “Espazio handi honetan, frontoi eta atzeko etxeetan, urte askotan Egaña lantegia egon zen, eta enpresa horretatik mutrikuar piloa pasatu ziren; urte askotan, makina bat mutrikuarrek behar egin dute enpresa horretan. Inaugurazio hau eurei omenaldi txiki bat egiten hasi nahi dugu, herriarengatik egin zuten lan dena eurei eskertuz”. Esker ona betierekoa izan dadin, udalak plaka jarri du frontisaren aldamenean.
1996an itxi zuten enpresa, eta 2001ean eraiki zuten frontoia. Orain arte aterpea eduki ez badu ere, mutrikuarrentzat topagune izan da. “Askotan ikusi ditut palaz, erraketekin, patinekin, jendea jolas librean… eta bazkariren bat edo beste ere egin da. Baina, Euskal Herrian, askotan eguraldiak ez digu lagatzen espazio batzuei erabilera egokia ematen, eta udalean erabaki zen honi aterpe bat jarri behar zitzaiola, eta, horrela, espazioa pixka bat egokitu”. Gainera, zenbait jardueretarako espazio falta dutela ikusita, erabilera anitzeko espazioa izateko egokitu dute: “Kirol erabilera dauka dudarik gabe, baina udalaren helburua ez da bakarrik erabilera hori edukitzea; zoritxarrez, Mutrikuk ez dauka kultur areto egokirik, baina hau izan liteke. Egokiena ez da izango, baina kultur areto bat ere izan liteke ondo erabilita, eta aisialdirako gune ere bai”. Hain zuzen ere, askotariko erabilerak eman nahi dizkietela erakusteko prestatu dituzte asteburu honetako ekintzak; kirola, kultura eta aisialdia uztartuko dituzte.
Gaur, 17:30etik aurrera Danok Bat Pelotazale Elkarteko benjamin kategoriako neska-mutilek zesta partiduak jokatuko dituzte, eta 18:30ak aldera esku pilota partiduak izango dituzte, eta 19:30ean, palakoak. Bihar, aldiz, Itoitz. Udako sesioak dokumentalarekin emango diote amaiera asteburuari, 10:00etan.
Lanak. Mutrikuko Udalak 875.000 euroko inbertsioa egin du Egaña frontoia egokitzeko. Aitor Itza Garapen ekonomikorako zinegotziak azpimarratu zuen herriarekin egindako proiektua dela. “Herria beti egon da honen zain, eta beti esaten dut denon artean, herritarren artean egin dugula proiektu hau. Herritarrok merezi dugun, merezi duzuen eremu bat sortzea nahi genuen. Mutrikuarrok gozatu, mutrikuarrok aprobetxatu, eta denon artean zaindu beharko dugu. Aurretiaz ere egon zen gune hau estaltzeko proiektua, baina ikusi genuen proiektu horrek ez zuela betetzen herriak eskatzen zuena, eta, orduan, herriarekin Egañarentzako proiektu bat egiten hasi ginen”. Gogoratu zuen herriko kirol zein kultur taldeekin eta inguruko auzotarrekin batu zirela; izan ere, halako obra batek inguruko bizilagunei “zein onura eta zein kalte” egin ziezaiekeen kontuan hartu nahi izan zuten.
“Ez da izan obra erraza. Lur-kutsatu eremu bezala katalogatuta zegoen. Hori dela eta, kutsadura hori kentzeko 98 kata, azterketa egin behar izan dira, eta kutsatutako 83 metro kubiko lur kendu dira”, azaldu zuen Itzak.































































