Kolorez kolore, Ekai Lersundi omentzen

Edertzeko, margotzeko, egindakoa berregiteko edo desegiteko, ikusgarri egiteko, babesteko, oroitzeko… Koloreek askotarako balio dute, baita omentzeko ere. Hamaika kolore daude, eta kolore denek daukate esanahi bat edo gehiago, eta, era berean, kolore batzuk elkartzean ere, errealitate, aldarrikapen zein borroka jakin bat islatzen da.
2018ko otsailaren 15a ondarrutar eta euskal herritar askoren oroimenean dagoen data da. Gaur, Ekai Lersundiren heriotzaren zazpigarren urteurrenean, Itsasaurren eduki dute hitzordua ondarrutarrek. Bertan dago Ekairen omenezko monolitoa, eta “omenaldi txiki bat”eskaini diote. “Trans ikurrarekin margotutako bankua lixatzeko eta margotzeko aprobetxatu dugu gaurko eguna. Orain dela zortzi urte margotu genuen, eta Ekaik ere parte hartu zuen. Orain, zoritxarrez, ezin izan du egon, baina, era batera hemen dago bera”, azaldu du Elaxar Lersundi Ekairen aitak.
Txoko horrek ingurukoentzat zein herritarrentzat garrantzia eta esangura berezia dauka. Umeen eta nerabeen transexualitateari zein LGTBIQ+ kolektiboari berari ikusgarritasuna emateko borroka islatzen du zelanbait: “Berba egiten ez dena, ez da existitzen, eta ikusten ez dena, gutxiago oraindik. Hau behintzat, hemen dago, eta jendeak pasatzerakoan, ikusi egiten du, eta zer den galdetu egiten du. Beti esaten dut ni ezagutzen nauenak Ekai ere ezagutuko duela”. Enpatia izatearen garrantzia azpimarratu du Lersundik. “Ulertzeko entzuten ikasi behar dugu, ez erantzuteko. Jendea entzun behar dugu ulertzeko eta errespetatzeko. Eskola eta institutuetara joaten naiz, deitzen didaten lekuetara joaten naiz, eta dokumentala ipini, eta solasaldian batzen gara. Nik berba magikoa bat daukat: enpatia. Ez dugu jakin behar bakarrik zer esan nahi duen, baizik eta zer den. Enpatia aplikatu behar dugu; zertarako balio dizu esanahi bat jakiteak, gero egunerokotasunean aplikatzen ez baduzu. Enpatia berba oso garrantzitsua da niretzat”.






































