‘Egin nirekin ere euskaraz!’ kanpaina errepikatuko du Uemak
Aurten, beste herrialdeetatik etorri eta ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari diren euskaldunak ikustarazi nahi dituzte. Lekeitioko eta Mutrikuko adibideak jarri dituzte.
2023ko azaroan hasi zuen Uemak Egin nirekin ere euskaraz kanpaina, euskaldun arrazializatuen inguruko aurreiritziak gainditzeko helburuagaz. Lehen urtean haurrak eta nerabeak izan ziren protagonista eta oraingoan ostalaritzan eta merkataritzan lanean ari direnen gainean jarri nahi izan dute arreta.
Hain zuze ere, beste herrialdeetatik Euskal Herrira etorri, euskara ikasi, eta jendaurrean aritzen diren tabernariak, zerbitzariak eta dendariak dira kanpainaren oinarria, eta horiekin erdaraz hasten diren euskaldunen aurreiritziak gainditzea dute helburu. Hainbat udalek egindako eskakizunaren ostean jarri dute martxan kanpaina.
Beste askoren artean, Lekeitioko Khadim Saliou dendako Guina Lodiagne senegaldarra eta Mutrikuko Piper Jatetxeko Keyla Vias boliviarra eta MFT Tabernako Ansoy Senghor senegaldarra kanpainaren protagonista dira. Horrez gain, Azkoitia, Ibarra, Tolosa, Arbizu, Etxarri Aranatz, Larrabetzu, Lezo eta Zaldibiako ostalariak eta merkatariak dira kanpainan agertzen direnak.
Askotan, ordea, “azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik” erdaraz hitz egiten diete
Kanpainaren nondik norakoak azalduz, udalerri euskaldunetarako kartelak eta diptikoak prestatu ditu UEMAk. Era berean, sare sozialetarako edukia eta bideoak ere zabalduko dituzte, UEMAk eta hainbat udalek. Bideo orokorra lehenik, eta kanpainan parte hartzen duten tabernari eta ostalarien banakako bideoak ondoren, egunez egun.
Abiapuntua
Egin nirekin ere euskaraz! kanpainaren abiapuntuan Kulturartekotasuna udalerri euskaldunetan egitasmoa dago. Kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa Zaldibian abiarazi zuen UEMAk lehenik, HUHEZIgaz eta Zaldibiako hainbat eragilerekin batera, eta azken urteotan 29 herritara zabaldu dute. Herri horietako zenbaitek kezka adierazi dute, lanketa handia egin arren aurreiritziek “indar handia” dutelako oraindik, eta beste herrialdeetatik etorritakoei askotan erdaraz egiten dietelako herritarrek, euskaraz jakin arren. “Horren aurrean, euskarak kolore asko dituela, eta azalaren kolorea askotarikoa izan arren herritar horiek ere euskaldunak direla nabarmendu nahi du kanpainak”.
Gogoratu dute kanpainako protagonistak euskaldunak direla. Askotan, ordea, “azalaren koloreagatik, aurreiritziengatik edota auskalo zergatik” erdaraz hitz egiten diete gainerako herritarrek. “Badakite, ordea, euskara dela zubirik ederrena, eta euskara ukatzen dieten bakoitzean zubia ere ukatzen dietela sentitzen dute. Kanpokoak direla esaten zaiela zeharka”. Horregatik, beraiei ere euskaraz egitea nahi dute. “Gustatzen zaielako, eta euskaldunak sentitzen direlako”.