Gizarte aktibazioa sustatzeko aldebiko erronda hasiko du Gernika-Palestina Herri Ekimenak
Palestinako su etena arriskuan dagoela iritzita, Gernika-Palestinak euren ekimenekin elkarlanean aritu diren eragile sozial, politiko eta sindikal guztiekin aldebiko erronda hastea erabaki du, gizartea aktibatzeko eta egoerari erantzun bateratua emateko asmoz.
Gernika-Palestina Herri Ekimenak “arretaz, kezkaz eta tentuz” jarraitzen du gatazkan dauden alderdi guztien artean adostuta eta nazioarteko bitartekaritzarekin batera duela gutxi hasi duten su etenaren jarraipenaren inguruko gertakarien garapena. Eta, su etena arriskuan dagoela iritzita, Gernika-Palestinak euren ekimenekin elkarlanean aritu diren eragile sozial, politiko eta sindikal guztiekin aldebiko erronda hastea erabaki du, egoerari erantzun bateratua emateko asmoz.
“Palestinarrak euren lurraldetik ateratzeko deportazio masiboak egiteko mehatxuek, Gazako populazio palestinarra lekualdatzeko oztopoek, laguntza humanitarioaren etorrera eskasak, Zisjordaniako erasoek eta Amerikako Estatu Batuetako presidenteak Israel genozidio ekintzetara itzultzeari buruz esandakoen korolarioak… berretsi baino ez digute egiten sakoneko arazo politikoari heltzeko eta palestinar herriaren existentziaren eskubidea bermatzeko dagoen elkarrizketa eta negozazio bideak mantentzeko beharra”.
Zentzu horretan, Gernika-Palestinak aldebiko erronda hasiko du helburu bateratuak prestatzeko. Tartean, gizarte zibila eta bertoko eragileak aktibatzea bilatuko dute, Palestinari elkartasuna adierazteko, genozidioa gaitzesteko eta adostutako su etenaren faseak babesteko.
Horrez gain, krisi humanitarioari aurre egiteko elkartasun ekonomikoari eustea ere bilatuko dute, Gazatik UAWCk (Union of Agricultural Work Committes) eta UPWCk (Union of Palestinian Women´s Committees) eskatzen duten moduan.
Gainera, nazioarteko komunitatea “interpelatzen” jarraituko dute, konponbide iraunkorrak bilatzen benetan inplika dadin eskatzeko, eta lehendik dauden ebazpenak eta etorkizunean hartuko direnak betetzea bermatzeko.
Bien bitartean, Israelen genozidioa amaitzeko eta Palestinarekiko elkartasunaren garra bizirik mantentzeko borondatea adierazten duten mobilizazio guztietan parte hartzera animatu ditu herritarrak Gernika-Palestina Herri Ekimenak.