Urreisti eta Gorka, Biscayne Cup txapelketara
Jon Tambourindeguy eta Danel Mandiola menderatu dituzte Biscayne txapelketako aurrekanporaketa faseko finalean, Danian. Bikoteak eta finalaurrekoak zehaztu dituzte.

Eñaut Urreisti mutrikuarrak eta Gorka Sorozabal biarriztarrak Daniako (Florida) Invitational Tournament txapelketa irabazi zuten joan den barikuan (otsailak 14) Jon Tambourindeguy bidartarrari eta Danel Mandiola markina-xemeindarrari finalean 21-6 irabazita. Hori lortuta, Urreistik eta Sorozabalek eguenetik (otsailak 20) zapatura (otsailak 22) bitartean ospatuko den eta Jai Alai Ligaren parte den Biscayne Cup txapelketan parte lehiatuko dute; izan ere, barikuko final hori Biscayne Cup txapelketaren aurrekanporaketa faseko finala izan zen.
Amerikako Estatu Batuetan 15 puntuko set bakarrera jokatu dituzte aurre kanporaketak, baina finala 21 tantora lehaitu zuten, beste guztien aldean. Azken neurketa horretan, gorriek hasieratik hartu zuten aldea, beste erritmo, abiadura eta indar bat erakutsita. Euskal Herriko lehaiketetan buru-belarri aritu dira Urreisti eta Sorozabal, gorengo mailako pilotarien aurka lehiatzen, eta, esperientzia hori nabaritu egin zen kantxan. Izan ere, goi mailako zesta-punta erakutsi zuten, goi mailako erritmoa kantxaratuz.
Aurrekanporaketa fasea Jai Alai Ligako txapelketa baten aurrekanporaketa fasea izateaz gain, ligarako puntuagarria ere bada, eta, ondorioz, finala irabazita, 500 puntu eskuratu dituzte bai Urreistik bai Gorkak. Beste finalistek, 300 puntu lortu dituzte, eta 180 izan dira Garcia, Laborde, Victor eta Oyhenardentzat. Celayak, Oierdik, Aaronek, Portetek, Txanikak, Atainek, Benetrixek eta Zugaitzek 90 puntu jaso dituzte.
“Proiektu honen helburuak ligarako banatuko dituen puntuak baino askoz garrantzitsuagoak dira”
Urreistik, gainera, partiduko garaipena eskuratzeaz aparte, jaialdi horretako kiniela denak irabazi ditu; hau da, 7, 8 eta 9 kinielak eta ondorengo partidua. Hala, Floridako denboraldiko estatistiketan, lehen postuan dago, 72 kinielakin, eta bigarrena da Gorka, 71rekin. Tambourindeguy da hirugarrena 70ekin eta 65 ditu laugarren sailkatu den Txanikak. Horren ostean, Oyhenard da bosgarrena, 64rekin. Hala ere, kontutan izan behar da Urreistik eta Gorkak kiniela gutxiago jokatu dituztela, Winter Series txapelketa jokatzera Euskal Herrira egin dituzten bidaiengatik.
Txapelketarako prest
Garaipen horri esker, Biscayne Cup txapelketara sailkatu dira Urreisti eta Gorka. Hain zuzen ere, gaur [otsailak 18] eman dituzte bikote eta kanporaketen berri: Urreisti-Gorka bikoteak Johan-Lopez bikotearen aurka jokatuko du finalerdietan. Beste finalaurrekoan, Barandika-Lekerikak Erkiaga eta Manciren aurka neurtuko dituzte indarrak. Finalaurrekoak Youtubetik emango dituzte eta finala EITBn emango dutela aurreratu dute.
Hala, zesta-puntaren garrak AEBtan bizirik dirauen arren, hori areagotu gura dute Eraman Jai Alaikoek. Eta, horretarako, Jai Alai Liga eroan dute hara. Ligako nazioarteko lehen txapelketa hartuko du Daniako frontoiak, eta izen hori zesta-puntak Floridan izan duen 100 urteko historia omentzeko asmoz jarri diote. Hori bai, txapelketa master kategoriakoa torneoa izango da.