"Jarduna herritarrengana gerturatzeko" herri batzarra deitu du Ondarroako Udalak
Herri batzar irekia martxoaren 13an [eguena] izango da, portuko lonja berriko hitzaldi aretoan, 18:00etan.

Ondarroako Udalak agintaldi erdiko errepasoa egiteko, eta bere jarduna herritarrengana gehiago gerturatzeko helburuagaz, herri batzarra egingo martxoaren 13an [eguena], 18:00etan, portuko lonja berriko hitzaldi aretoan.
Herritarrengana “gehiago” gerturatu eta agintaldiko lehen bi urteen errepasoa egiteaz gain, “aurrera begirako erronkak eta proiektuak” herritarrekin partekatzea ere bada hitzorduaren xedea: “Udalarentzat beti izan dira garrantzitsuak herritarren parte hartzea, iritziak jasotzea eta erabakiak elkarrekin hartzea; udala herritarrei zabalik egotea eta herritarrak entzutea azken batean”. Hala, udal gobernuko ordezkari guztiek parte hartuko dute bileran.
Nahiz eta agintaldiko bi urte hauetan zenbait parte hartze saio burutu diren, oraingoa, “inflexio puntu” gisa planteatu du Ondarroako Udalak: “Lehen parte hartze saioak Kaleandin (trafikoa murrizteko plana), Kamiñazpin (goiko aldeko igogailuari buruz, eta espazio publikoaren antolaketaren ingurukoak (ostalariekin, herritarrekin eta eragileekin) izan dira, eta herritarren parte hartzea nabarmentzekoa izan da guztietan”. Udalak “oso egoki” baloratu ditu aurretiaz egindako herri batzarrak, “elkar entzuteko” eta “azalpenak emateko” baliagarrik izan baitziren. Hala, dinamika horien “baliagarritasuna” ikusirik, agintaldi amaierarainoko plana prestatu du udalak. “Udazkenean auzo batzarrak antolatuko ditu udalak, eta datorren urteko udaberrian beste herri batzar bat egingo da berriro, esandakoari jarraipena emateko eta egindakoen inguruan eta etorriko diren erronkei buruz hitz egiteko”.
Udal ordezkariek zehaztu dutenez, martxoaren 13ko saioa “elkar entzute” ariketa bat izango da, “orain arteko egindakoak errepasatu eta datozen erronkak eta proiektuak azaltzeko”. Udal gobernuak egindako diagnostikoa eta datozen urteetara begira diseinatutako bide orria azalduko dituzte: “Bai herriak eta bai herritarrek aldaketa asko izan dituzte azken urteetan eta beharrezkoa ikusten dugu Ondarroa etorkizunera begira ipiniko duen egitasmoak aurrera eramatea”.
Udalak dei egin die herritarrei saio honetan parte hartzera eta etorkizunera begirako plan eta erronken inguruan hausnartzera: “Gogoratu, martxoaren 13an ikusiko dugu elkar, portuko lonja berriko batzar aretoan”.