Lekeitioko Udalak "informazio gardena eta benetakoa" emateko eskatu dio oposizioari
Lekeitioko Udalak joan den astean onartu zituen 2025eko aurrekontuak, EH Bilduren aldeko eta EAJren kontrako botoekin. Kontrako boto horiek justifikatzeko "informazio okerra" zabaltzea "onartezina" dela salatu du EH Bilduren udal gobernu taldeak.
Lekeitioko Udalak joan den astean onartu zituen 2025eko aurrekontuak, EH Bilduren aldeko botoekin eta EAJren aurkakoekin. EH Bilduren udal gobernu taldearen esanetan, aurkako botoa ematea aukera den arren, aurkako boto hori justifikatzeko “informazio okerrak zabaltzea onartezina” dela azpimarratu dute: “Horregatik, udal oposizioari eskatzen diogu arduratsua izateko eta herritarrengana zuzentzen denean informazio gardena eta benetakoa esateko”. Halaber, aurtengo aurrekontuen inguruan zabaldutako “ideia nahasi edo okerren” aurrean argipenak emateko beharra sentitu dute.
Alde batetik, “gardentasun falta” salatu zuten jeltzaleek, udalaren aurrekontuan batzordeetatik pasatu ez zirela esanez. Udalak azaldu duenez, aurrekontuak “behin eta berriro” aztertu dira Ogasun Batzordeak, eta udaleko alderdi politiko biek eduki dute aukera ekarpenak egiteko. Era berean, iazko azaroan herritarrei ekarpenak egiteko aukera eduki zuten, kultur etxean nahiz udaletxean ipini ziren buzoien bidez. Gaineratu dutenez, aurtengo udaberritik udazkenera herri prozesu bat ipiniko dute martxan, “herritarren erabakitzeko Lekeitioren erronkak zeintzuk izan behar diren datozen urteetan”. Bertatik jasotakoa urteko aurrekontuak zehazteko “erreferentziatzat” hartuko dutela adierazi du udalak.
Oposizioak udalaren “immobilismoa eta etorkizunera begirako proiektu falta” ere salatu zituen. Udalak, ostera, azaldu du iazko aurrekontuetan erabakitako erronken %90etik gora egin dutela: “2024an egin gabe geratu zena oraintxe egiten ari da edo bideratuta dago”. Ildo beretik, azpimarratu nahi izan dute iaz “aspaldiko proiektu gehien” egin zirela: “Batzuk aipatzearren: herri udalekuak, aparkaleku sistema berria, Auzolanean bixi-bixi ildoa, Lekeitio 700, aisialdia, etxebizitzaren diagnostikoa, euskara bultzatzeko planak, ingurumen proiektuak, baso erosketa, Next Generation proiektuak, eta abar”.
Musikaia Musika Eskola izaera publikoko eskola izan zedin “egindako ekarpen guztiak aurrekontuetan ez sartzea” ere salatu zuen EAJ-k. Udalak adierazi du argi daukala musika eskola “oso inportantea” dela “herri nortasunarentzat eta kulturarentzat”; halaber, udalera heldu bezain pronto hasi ziren Musikaiagaz lanean, eta aurten 100.000 euro bideratuko dituzte musika eskolari bultzada ekonomikoa ematera.
Udalak aparkalekuen erosketa aurreikusita duela azaldu du, “baldin eta BFAk baimentzen badu”.
Azaldu dutenez, azken urteetan 27.000 euro bideratzen zituen udalak musika eskolara: “Oposizioak bere oharrean exijitzen dio udalari 200.000 euro bideratu behar dela musika eskolara. Eta orduan, zergatik hainbeste urtean 27.000 euro bakarrik bideratu dituzte? Eta zelan justifikatzen da herritarren aurrean 27.000 eurotik bat-batean 200.000 eurora igotzea? Udal honek arduraz kudeatzen ditu herritarren diruak, eta seriotasuna eskatzen diogu oposizioari ere”.
EH Bilduren udal taldeak gaineratu du Lekeitio bezalako udal batentzat kopuru “oso handiak” direla aurten bideratuko dutena bezalakoak, eta Musikaiak behar duen finantzazioa urterokoa denez, kanpo enpresa batekin musikari lotutako herri analisi bat egitea erabaki zuten: “Analisi horrekin jakin nahi genuen aurrekontu totaletik musikara zenbat bideratzeko gai den udala. Kanpo enpresa hori analisia egiten ari da, eta behin emaitzak daudenean erabaki beharko da zenbat bideratzen den musika eskolara eta beste musika elkarteetara”.
Lekeitio 700. Oposizioak salatu zuen udal gobernuak Lekeitio 700 egitasmoaren aurrean “konpromiso falta” izan duela, “5.000 euro bakarrik” bideratu zutela esanez. Halaber, udal gobernuak argitu du hori ez dela horrela: “2024ko azaroaren 3an hasi genituen 700. urteurreneko ospakizunak eta udalak 100.000 euroko inbertsioa egin zuen. Argitu beharra dago 2025erako udalak 150.000 euro gehiago inbertitu dituela Lekeitio 700 dinamikan”. Gaineratu dute egindako “gestio eta lanari esker” 150.000 euro horietatik 145.000 euro dirulaguntzetatik jaso dutela; dirulaguntzei esker aurreztuko duten dirua beste proiektu batzuetan inbertituko dute.
Dirulaguntzen ildotik jarraituz, Next Generation dirulaguntzekin lortutako 1.000.000 euroak “galtzeko arriskuan” egon zirela azaldu dute udal ordezkariek, “aurreko udalaren utzikeriagatik”: “Urte betean udal gobernu honek proiektuak birdefinitu eta udaleko langileen lan handiari esker proiektu guztiak martxan jartzea lortu da. Horrela, dirulaguntza ez da galdu, eta herriaren mesederako proiektuak martxan daude”.
Lekeitioko Udalak aurten 100.000 euro bideratuko ditu musika eskolari bultzada ekonomikoa ematera.
Azkenik, aparkalekuen erosketari buruzko argipenak eman dituzte. “Zeresan handia eman duen gaia izan da, baita oposizioaren aldetik ere. Orain arte oposizioak sistema berriaren kontrako jarrera izan badu ere, orain goiko bi aparkalekuak erosi behar direla esan du. Poztekoa da sistema berria herriaren mesederako dela konturatu izana”. Hala, udalak aparkalekuen erosketa aurreikusita duela azaldu du, “baldin eta BFAk baimentzen badu”.
Proposamen zehatzak. Oposizioak aurrekontuetan sartzeko hainbat proposamen egin zituen, eta salatu zuten EH Bilduk ezezkoa eman zuela, 2024ko aurrekontuen likidazioaren baldintzapean ipinita. Hala, EH Bilduren udal gobernuak oposizioak egindako proposamenen egoera azaldu nahi izan du: “Etxebizitza diagnostikoa eginda dago eta bihar [otsailak 20] aurkeztuko da; Zumatzeta eta San Inazio proiektua aurten egingo da, orain arte egin gabe egon da eta; Alde Zaharra aratzeko plana (PERI) aurten egingo da, 30 urtean aldatu gabe egon da-eta; eta Maderas de Lekeitio eta Antzorizko eremua aurrekontuetan sartuta dago”.
Halaber, udalak aldarrikatu du herritarrek “informazio gardena eta zuzena” izateko eskubidea dutela: “Lekeition hobeto bizitzea da udalaren helburua, eta oposizioan dagoenarena ere izan beharko luke. Herriaren alde lan egiten duten herritarrak ditugu ondoan eta horrela izaten segitzeko informazio garden eta zuzena izateko eskubidea dute guztiek. Horregatik, uste dugu oposizio arduratsua behar duela Lekeitiok. Egin dezagun bidea batera, zintzotasunez”.