Baso jabeentzat hitzaldia egongo da Ziortza-Bolibarren
Hitzaldia bihar [otsailak 21] 17:00etan izango da, Ziortza-Bolibarko udaletxean. Herriko nahiz Bizkaiko baso jabeei zuzendutako hitzaldia izango da; dirulaguntzak zuzenean eskatzeko aukera egongo da.
Ziortza-Bolibarko Udalak baso jabeentzat aholkularitza hitzaldia emango du bihar [otsailak 21]. 17:00etan ipini dute hitzordua udaletxean, eta bi dirulaguntzaren inguruko informazioa emango dute. Alde batetik udalaren dirulaguntza lerroak azalduko dituzte, eta bestetik, BFAk ematen dituen dirulaguntza lerroak; bertaratzen denak dirulaguntza zuzenean eskatzeko aukera edukiko du. Gaineratu dutenez, haritz landareak eskuratzeko aukera ere egongo da.
Udalaren dirulaguntza lerroei dagokionez, Ziortza-Bolibarren baso lurrak dituztenentzako laguntzak izango dira. Halaber, Iratxe Robles tokiko ekintzen administrria eta Andoni Lariz alkateak emango dituzte azalpenak. Aurreratu dutenez, hiru dirulaguntza lerro dituzte: kontserbaziorako basoentzat, naturatik hurbil dauden baso ekoizleentzat eta espezie autoktonoak landatzeko basoak dituztenentzat. BFAren laguntzei dagokienez, ostera, Bizkaian baso lurrak dituztenentzako informazioa emango du Markel Arriolabengoa Tantai kooperatibako kideak.
Udal ordezkariek adierazi dutenez, dirulaguntzen helburua herriko mendi eta basoetan “kalitate oneko lurra” lortzea da: “Gure eskualdeko basoak gaixo daude, monolaborantzaren erruz. Belaki edo esponja batek bezala ura xurgatzeko gai den lurra behar dugu. Euria egin eta luzaroan horiek gordetzeko gai izango den lurra, hain zuzen. Era horretan, etor daitezkeen uholde handiak saihesten lagunduko dugu. Horrez gain, lurra ura gordetzeko gai bada, lehortze aldiei hobeto eutsiko diegu”.
Helburu hori lortzeko asmoz, udalak hainbat bide landu ditu: “Lehenik eta behin, udalak baso lurrak erosten jardun du azken hiru urteetan, eta hauek zuhaitz eta zuhaixka espezie autoktonoz landatzen jardun dugu”. Horren adibideetako bat da urtarrilean egin zuten zuhaitz landaketa. Udalak bere aldetik lanean badihardu ere, herriko baso jabe pribatuek ere bide bera jorratu dezaten bitartekoak ipintzen ari dira, bidea zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak direla sinetsita: “Bertako espezieak askoz hobeto egokitzen dira eta gaitasun handiagoa dute klima larrialdiari zein bestelako aldaketei aurre egiteko”.
Elkarlana. Bestalde, udalak azpimarratu nahi izan du BFArekin egiten duten elkarlana “garrantzitsua” dela, eta aurrera jarraitzeko eta sakontzeko indarrak batuko dituztela: “Baso jabeei BFAk ematen dizkien dirulaguntzak oso garrantzitsuak dira zuhaitz autoktonoak ipintzeko orduan eta hauek baliatzeko deia egin nahi dugu. Era berean, udaleko dirulaguntzak ere baliatzeko dei egin nahi dugu, lurra zaintzea zeregin onuragarria delako herri osoarentzat”.