Entitateak ere hizkuntza jardueraren parte izan daitezen
Denetariko entitateek Euskaraldian parte hartu dezaten sustatzeko eta parte hartzeari buruzko xehetasunak emateko, agerraldia egin dute gaur [otsailak 20] Euskaraldiko arduradunek.

Hizkuntza ohiturak euskarara ekartzeko ariketa soziala, Euskaraldia, maiatzaren 15etik 25era bitartean egingo dute. Euskaraz “gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan” jarduteko eta entuzteko ariketa izango da, eta prestakuntzak abiadura betean doaz jadanik. Herritarrei ahobizi edo belarriprest izateko deialdia luzatu die antolakuntzak, baina, norbanakoez gain, entitateek ere zeresan azpimarragarria eduki dezatela bilatuko dute. Gaur bertan [otsailak 20], Donostiko San Telmo museoan egindako agerraldian, Euskaraldiaren koordinatzaile Goiatz Urkijok azaldu du zelan landu dezaketen egitasmoa entitateek.
Goiatz Urkijo: “Herritar asko eta askorentzat entitatea da euskaraz hitz egiteko aukera ematen dion eremu bakarra”
Urkijok argitu du “oso garrantzitsua” dela Euskaraldiak entitateenganduen eragina: “Herritar asko eta askorentzat entitatea da euskaraz hitz egiteko aukera ematen dion eremu bakarra“. Lantokiez gain, kirol edota kultur elkarteak ere nabarmendu ditu, baita tabernak zein dendak ere. Espazio horietako ordezkariek zelako ariketa egin gura duten erabaki ahalko dute. Izan ere, orain arteko oinarrizko egitekoez gain, euskararen erabileran “bestelako urratsak” egiteko aukera ere edukiko dute entitateek: “Lanketa sakonagoa egiteko aukera emango zaie izena ematen duen entitate guztiei; lanketa horren barruan, hain zuzen ere, euskararen erabilera sustatzeko aurrerapausoak egitea proposatuko diegu, besteren artean, solasguneak sortzea, bilerak euskaraz egin ahañ izateko neurriak hartzea edota mintzatratuak adostea”.
Denetariko entitateak.
Urkijorekin batera, entitateen ordezkariak ere azaldu dira agerraldian. Denek beraien esperientziak partekatu gura izan dituzte, aurtengo Euskaraldian parte hartuko duten entitateen kopurua “ahalik eta esanguratsuena” izan dadin. Bestalde, denek ala denek azpimarratu dute entitate modura Euskaraldian parte hartzeko epea zabalik dagoela. Entitateen egitekoari buruzko informazio gehigarria behar duenak, aldiz, Euskaraldiaren web orrialdean dauka eskuragarri. Belarriprest eta ahobizi izan gura dutenen izen emate txandari dagokionez, martxoaren 15ean irekiko dute; hori ere webean egin ahalko dute.