'Ondarroatik independentziara' eguna antolatu du Ernaik
Ondarroako Ernaik egun guztiko egitaraua antolatu du zapaturako [otsailak 22]. 13:00etan emango diote hasiera egunari, erakusketa ibiltariagaz.
Aldarri independentistez beteko dute Ondarroa zapatuan [otsailak 22]. Herriko gazteek hitzordu “garrantzitsua” daukate etzi; izan ere, Ernaik Ondarroatik Independentziara eguna antolatu du, egun guztiko egitarauagaz. “Independentziaren aldeko aldarria erdigunera ekarri, ditugun kezkak partekatu eta elkar ezagutzeko helburuagaz antolatu dugu zapatuko eguna”, adierazi dute antolakundeko kideek.
13:00etan emango diote hasiera egitarauari, erakusketa ibiltariagaz, Haizea Telleria bertsoez arduratzen den bitartean. “Herrian zehar jarriko dugun erakusketagaz hasiko dugu eguna, 13:00etan. Gaztetxean batuko gara eta bertan egingo dugu lehenengo geldialdia. Erakusketan, Ondarroako Ernaik egidako hamar ekintza agertuko dira, gutxi gorabehera, independentziarako bide honetan garrantzitsuak izan direnak. Geldialdi bakoitzean Haizea Telleria bertsolaria arduratuko da mezua bertso bidez helarazteaz”.
Herrian zehar ibili ondoren, gaztetxera itzuliko dira berriz, eta bertan bazkalduko dute. Antolatzaileek adierazi dutenez, izena emateko aukera dago oraindik, sare sozialetan zabaldu duten galdetegiaren bidez. “10 euro izango da bazkaria, opari eta guzti”. Tripa bete eta gero, urteroko udaberriko ekimenaren aurkezpen dinamikoa egingo dute. “Aurten Berriozarren egingo da Gazteon Eskutik ekimena, apirilaren 17tik 20ra. Ondarroatik bertara joateko asmoa duen oro gonbidatuta dago bazkalostean egingo dugun aurkezpenera”. Oraindik ekimenera joateko asmorik ez dutenei, sarrera erosteko deia egin die Ondarroako Ernaik: “Gazte independentiston topaleku izango da Berriozar. Animatu, oraindik sarrerak badaude eta!”. Aurkezpenaren ondoren, independentziara egin beharreko bideaz hausnartuko dute.
Egunari amaiera emateko, 22:00etan batuko dira berriro gaztetxean. Lumatzak MJ taldea izango da oholtzara igo eta gaua girotuko duena, eta gero, DJ kolektiboa egongo da; hau da, nahi duen edonor igo ahalko da oholtzara musika jartzera.
“Hego Euskal Herriko herri desberdinetan gabiltza Independentziara egunak antolatzen, eta zapatuan, Ondarroaren txanda izango da. Martxoaren 15ean Markina-Xemeinen batuko dira herriko gazte independentistak, eta martxoaren 29an berriz, Lekeition”. Ondarroako Ernaik zapatuan gaztetxera bertaratzeko deia egin die herriko gazteei: “Goazen independentziaren aldarria erdigunean jarri eta honetaz hausnartzera. Zapalkuntzarik gabeko Euskal Herria lortzeko bidean, beharrezkoa da antolatzea. Beraz, animatu zapatuan Ondarroako Gaztetxera“.