VIII. Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketarako lanak aurkezteko epea zabalik dago
Lana aurkezteko azkenengo eguna martxoaren 25a [martitzena] izango da.
Mutrikuko Kultura Batzordeak zortzigarren aldiz antolatuko du aurten Ziriako Andonegi mikroipuin lehiaketa. Lanak aurkezteko epea zabalik dago, eta martxoaren 25era [martitzena] arte izango dute parte hartzaileek mikroipuinak entregatzeko aukera. Antolatzaileek adierazi dutenez, edonork parte hartu ahalko du lehiaketan, eta bakoitzak “nahi beste” lan aurkeztu ahalko ditu, baina egile bakoitzak sari bakarra jasoko du.
Aurreko urteetan legez, gaia librea izango da, eta gehienez, 100 hitz izan beharko dituzte mikroipuinek. Horrez gain, euskaraz idatziak, originalak eta aurretiaz argitaratu gabeak izan beharko dira. Parte hartu nahi duenak inprimaki bidez entregatu beharko ditu lanak: “Inprimakia betetzerakoan egilearen datu guztiak bete beharko dira, nortasun agiria barne, eta baita goitizena ere”. Bidalketan idazlanaren fitxa ere atxiki beharko da goitizenez sinatuta.
Epaimahaia Mutrikuko Kultura Batzordeak aukeratuko du, eta hartutako erabakia ezingo da aldatu. Sari banaketa apirilaren 10ean izango da, Zabiel kultur etxean, eta hiru sari banatuko dira; 18 urtetik gorakoetan lan onenaren saria lortzen duenak, 500 euro irabaziko ditu; mutrikuarren arteko lan onenak 200 euro; eta 18 urtetik beherako lan onenak, berriz, 200 euro.
Aurkeztutako lanek maila egokirik ez balute, sariak eman gabe gera litezke. “Mutrikuko Udalak beretzat gordetzen du saritutako lanak argitaratzeko eskubidea, egileen izenak aipatuta beti ere”.