Zaintza errazteko, hamaika zerbitzu
Lea-Artibain zaintza errazteko bidean, hainbat zerbitzu eskaintzen dituzte Lea-Artibai Mankomunitateak, BFAk, Eusko Jaurlaritzak nahiz ikastetxeek. Herritarrei hainbat zerbitzuren inguruan informatzeko tartea hartu dute gaur [otsailak 20].

Zaintza da Lea-Artibai Mankomunitatearen bi lan ildoetako bat, eta gaur [otsailak 20] eskualdean zaintzarako egiten diren ekarpenak aletu dituzte, herritarrek zerbitzuen berri izan dezaten. Hala, eskaintzen diren hamaika zerbitzuetako batzuetan sakontzeko tartea hartu dute.
Hori horrela, Markina-Xemeinen elkartu dira Leire Markuerkiaga Lea-Artibai Mankomunitateko ordezkariagaz batera, Jose Antonio Barañano eta Ainhoa Resano BFAko ordezkariak eta Marian Olabarrieta Eusko Jaurlaritzako Bizitza Beterako Laguntzen zuzendaria. Bestalde, eskualdeko ikastetxeek ere zaintzaren inguruan egiten duten ekarpena dela eta, bertan egon dira Gemma Anakabe eta Maribel Arrien Ondarroako Institutuko ordezkariak eta Goretti Astigarraga eta Ainhoa Illoro Lea Artibai Ikastetxeko ordezkariak.
Markuerkiagak etxez etxeko zaintza zerbitzua eta zaintzaileen zaintza zerbitzuan sakontzeko tartea hartu du. Azaldu duenez, etxez etxeko zaintza zerbitzuari dagokionez, eskualdean 140 familia onuradun daude zerbitzuan. Era berean, beste hainbat zerbitzuen artean, Arnas zerbitzua ere badutela azaldu dute: “Zaintzen duen pertsonari ordu batzuk eskaintzen dizkiogu berak nahi duena egiteko. Hainbat ordu ditu berak nahi dituenean hartzeko, eta guk ordu horiek betetzeko langile bat bidaltzen dugu”.
Zaintzaileen zaintzari dagokionez, hiru azpi proiektutan banatu dute; hirutatik bitan, Bizitzen elkargoaren laguntza dute. Alde batetik, psikologo zerbitzua eskaintzen dute, norbanakoentzat; hiru eta zortzi saio bitarteko zerbitzua da. Bestalde, talde terapeutikoak ere badituzte: “Markina-Xemeinen, Ondarroan eta Lekeition daude taldeak. Zaintzaileak bera moduko beste pertsona batzuk aurkitzen ditu talde hoerietan. Entzuteko eta berba egiteko toki bat da”. Azkenik, formazioari ere tokia egiten diete: “Udaberrian eta udazkenean eskaintzen ditugu formakuntzak, bakoitzean egitarau batekin”.
Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak ere ados datoz mankomunitateagaz: “Oso garrantzitsua da zaintzailea bera ere zaintzea. Mendekotasun egoeran dagoen pertsona batek beti dauka alboan zaintzaile bat, gutxienez. Eta pertsona horri erraztasunak eman behar dizkiogu mendekotasun egoera dagoen pertsonaren nahia bete ahal izateko, hau da, mendekotasun egoeran dagoen pertsona bere etxean bizi ahal izateko. Era berean, zaintzaileari babesa eman behar diogu berak bere bizitza proiektua garatu dezan”.
Halaber, Resanok EtxeTIC proiektuaren inguruan hitz egiteko tartea hartu du: “EtxeTIC etxean ematen diren zainketei laguntzeko doako zerbitzua da. Mendekotasuna duten eta familia giroan zaintzeko prestazio ekonomikoa jasotzen duten pertsonei eta haien zaintzaileei zuzenduta dago, baina beharrezkoa da haien bizilekua EtxeTIC zentro baten eragin eremuan egotea”.
Azaldu duenez, gaur gaurkoz Ondarroan dago zentro horietako bat; 2026an, ostera, asmoa Markina-Xemeinen eraikitzea dela adierazi dute. Hala ere, Ondarroako zentroak honako herrietan eragiten du: Amoroto, Aulesti, Berriatua, Etxebarria, Gizaburuaga, Ispaster, Lekeitio, Markina-Xemein, Mendexa, Munitibar, Ondarroa eta Ziortza-Bolibar.
Olabarrieta Eusko Jaurlaritza ordezkariak, aldiz, BetiON eta Zaintel zerbitzuen inguruan hitzegin du: “BetiON telelaguntza zerbitzua da, eguneko 24 orduetan eta urteko 365 egunetan martxan dagoena”. Besteak beste, larrialdi egoeretan berehalako arreta, jarraipeneko aldizkako deiak, larrialdi egoeretan familiako edo harremanetarako pertsonei informazioa eskaintzen ditu zerbitzuak.
Zaintel zerbitzuari dagokionez, ostera, senide zaintzaileentzako telefono bidezko arreta da: “EAEn mendekotasuna edota ezgaitasuna duten pertsonen senide zaintzaileentzako arreta zerbitzua da. Doakoa, irisgarria, berehalakoa, pertsonalizatua, profesionala eta konfidentziala”. Gaineratu duenez, arreta euskaraz nahiz gaztelaniaz eskaintzen dute, telefono, email nahi WhatsApp bitartez.
Ikastetxeen ekarpena. Markuerkiagak adierazi du zerbitzuek bezainbesteko garrantzia dutela eskualdean profesionalei formakuntza ematen aritzen diren ikastetxeek ere. Halaber, Lea Artibai Ikastetxeko nahiz Ondarroako Institutuko formakuntzen berri eman dute.
Lea Artibai Ikastetxeari dagokionez, langabetuentzako nahiz lanean daudenentzako ikastaroak dituztela azaldu dute, ziklo nahiz ikastaro laburren bitartez. Ondarroako Institutuan ere, antzeko bidea jarraitzen dute: goizean D ereduan erdi mailako zikloak eskaintzen dituzte, eta arratsaldean, aldiz formazio ez arautua eskaintzen dute, A ereduan.