Ion Ibarluzea: "Gustatuko litzaidake hirugarren urtez jarraian Erkiagagaz jokatzea"
Ion Ibarluzeak Winter Serieseko bere bigarren txapela lortu du Aritz Erkiagagaz batera. Lehenengo txapela ezustekoarena izan bazen, bigarrena konfirmazioarena da.

Finalen osteko egunak gogorrak izaten dira. Normalean, pilotan domeketan jokatzen dira. Berezko nekeari partiduko eta aurreko egunetako tentsioa gehitu behar zaio. Gainera, irabaztekotan, eta galtzekotan ere, mahaiaren inguruan elkartzen dira finalistak lagun eta familien babesean. Hau da, ohiko astelehenari aje puntu bat gehitu behar izaten zaio. Hala ere, Ion Ibarluzea eguneko enegarren elkarrizketari aurre egiteko prest agertu zen Eusko Label Winter Seriesen finalaren biharamunean.
Hasteko, zelan zaude?
Goizean esnatzea ohi baino gehiago kostatuta ere, beste gorputzaldi batekin jaikitzen zara txapela irabazi duzula dakizunean. Ospakizunak, bazkaria eta bazkalostea, ez ziren gehiegi luzatu, baina leher eginda heldu nintzen etxera. Dena ezin hobeto atera zen, beraz, ospatu beharra zegoen. Gure helburua txapela errepikatzea zen, bagenekien zaila izango zela bikote oso indartsuak zeudelako, baina partidaz partida joanda, lortu dugu.
Zelan bizi izan zenuen finala?
Tentsio asko nabaritu nuen, goizetik gainera. Ohi baino goizago esnatu nintzen, ohean egon ezinik, eta banuen urduritasun puntu bat. Gero, Jai Alaira heldu, eta partiduko dinamikan sartzeak on egin zidan kontzentrazioa lortzeko. Hasierari garrantzia handia eman nahi izan nion, huts gutxi egin nahi nituen, konfiantza hartzeko, sentsazio onekin hasteko eta frontoian nire lekua aurkitzeko. Izerdia behar nuen. Uste dut lehen helburu hori lortu nuela. Bestalde, uste dut Ludovic Ladutxek eta Mikel Mantzisidorrek normalean egiten dituztenak baino akats gehiago egin zituztela lehen tantoetan, eta horrek guri abantaila eman zigun, ez bakarrik markagailuan, baita mentalki ere. Zalantza barik finaleko gakoetako bat izan zen.
Babesik ez zaizu inoiz falta izan partidetan.
Ez, ez nago zentzu horretan kexatzeko moduan. Partidu denetara joan dira, ez bakarrik Winter Seriesen, baita beste txapelketa batzuetan ere. Beti daude animatzen, irabazi zein galdu. Asko baloratzen dudan gauza bat da horrelako lagun talde bat izatea beti atzean. Oso eskertuta nago jasotzen ditudan animo guztiengatik. Txapela haientzako ere bada.
“Asko baloratzen dudan gauza bat da horrelako lagun talde bat izatea beti atzean“
Presio aldetik, aldea nabaritu duzu iazkoagaz alderatuta. Iazkoa zure lehen finala zen eta begi guztiak zenituen gainean.
Bai, aldea nabaritu dut, ez dudana argi da nik nire buruari jartzen nion presioa edo jendeak hitz egiterakoan zuena ote zen handiagoa. Egia da orain askoz lasaiago joaten naizela partiduetara. Iazko Winter Series nire lehen txapelketa handia zen profesionaletan, eta baneukan sentsazioa ondo jokatu beharra nuela, are gehiago Aritz Erkiaga egungo pilotaririk onenagaz jokatzen nuelako. Nire maila ez ematekotan, bestelako aukerarik izango ez nuenaren beldur nintzen, eta presioa jartzen nion nire buruari. Iazko txapelak pisu handi bat kendu zidan gainetik, eta orain bestelako ideia batekin joaten naiz, lasaiago, gozatzera. Jokoan ere eragina izan duela esango nuke; nire maila erakutsi dezaket.
Zertan nabaritu duzu aldaketa?
Iaz, adibidez, pare bat huts egiten nituenean, horiei bueltak ematen hasten nintzen. Ez nituen alde batera uzten, eta ondorioz, gero, huts gehiago egiten nituen, burua

Ibarluzea lagunak agurtzenEraman Jai Alai
tokian ez izateagatik. Ikasi dut hutsegiteak kirolaren parte direla, eta partidak luzeak direla, hurrengo tantoan pentsatzen jarri behar naizela. Horregatik, pilota gutxiago galtzen ditut. Horrez gain, ohituago nago Winter Seriesen moduko partidak jokatzera. Exijentzia maila oso handia da, fisikoki eta mentalki; frontoi handia da Jai Alai, luzea kantxan eta harmailetan, eta asko nabaritzen da. Profesional mailara ere ohituago nago, prestaketa bestelakoa da, eta hobeto bideratu dut, orain badakit zelan jokatzen den, eta zer egin behar den onenekin jokatzeko.
Hala ere, Erkiagagaz jokatzean, badakizu jokoz kanpo utzi nahiko dutela, zure bila joango direla. Zelan egiten diozu aurre?
Erkiaga gaur egun zesta-puntak duen izarrik handiena da, eta inork ez dio aurrez-aurre jokatu nahi, galtzeko aukera asko dituzulako. Horrenbestez, atzelariaren bila joaten dira, kasu honetan nire bila, eta kontziente naiz eta prest nago. Naturaltasunez egiten diot aurre, nire helburua pilotak sartzea eta hutsik ez egitea da. Azkenen batean, badakit piloteoa luzatzen bada, Erkiagak jokoan sartzeko aukerak izango dituela. Edozein lekutatik sartu daiteke, eta edozelan min asko egin. Hori bai, tantoa dominatzeko gaitasuna erakutsi dut, eta horrelakoetan ere saiatzen naiz Erkiagak errematatzeko pilotarik onenak izan ditzan.
Aurtengo txapela Ion Ibarluzearen konfirmazioa dela esan daiteke? Iazkoak, agian, sorpresatik izan zuen gehiago.
Baietz esango nuke. Azken batean, maila horretara heltzea berez, oso zaila da, baina zailagoa izaten da maila horretan mantentzea. Aurkariek ikaragarrizko maila daukate, eta aurten ikusi ahal izan da gazteak ere atzetik oso indartsu datozela. Gero eta indartsuago eta konfiantza gehiagogaz sentitzen naiz kantxan, eta hurrengo erronkei aurre egiteko prest.
Pantera Arrosek izango ote dute hirugarren kapitulurik?
Gustatuko litzaidake hirugarren urtez jarraian Erkiagagaz Winter Series jokatzea. Aritzegaz bikotea osatzea plazer bat da, izarrik handiena da. Gauzak errez egiten ditu kantxan eta kantxatik kanpora ere asko laguntzen dizu. Bikoteak ez dira bakarrik kantxan osatzen, kanpoan ere osatzen dira, eta alde horretatik, Erkiagagaz harreman oso ona daukat eta elkar ulertzeko oso ondo dator. Konexio hori gero partiduetan nabaritzen da.
Baina prest zaude beste bikote batekin bestelako protagonismo bat izateko?
Bai. Udan partida asko jokatzen dira, eta maila honetan mota askotako aurrelariekin jokatzeko gaitasuna erakutsi behar da. Ez du balio beti berdinagaz jokatzeak. Harreman ona daukat guztiekin eta edozeinekin erakutsi beharko dut nire maila.
“Iazko txapelak pisu handi bat kendu zidan gainetik, eta orain bestelako ideia batekin noa partiduetara“
Bigarren txapel honek ate gehiago zabaldu al dizkizu?
Winter Series egungo txapelketarik garrantzitsuena da, eta bi urtez jarraian irabazteak bestelako protagonismo bat ematen dizu. Puntista guztiok jokatu eta irabazi nahi dugun txapelketa da. Beraz, espero dut bestelako aukera gehiago izatea.
Iparraldetik, adibidez?
Asko gustatzen zaizkidan plazak dira, azken finean udan ia egunero partidak jokatzen dituzte, txapelketa asko antolatzen dituzte, eta jarraikortasuna izateko bikainak dira. Denboraldi oso interesgarria da, partida asko jokatzen direlako, eta hori da pilotari guztiok nahi duguna. Gainera, bertako puntisten aldeko apustua egiten badute ere, hegoaldeko pilotari asko joaten dira partidak jokatzera. Ez ditu Eraman Jai Alai enpresak antolatzen, Iparraldeko enpresek baizik, baina ni prest egongo nintzateke. Aukera badago, prest egongo naiz.
Eta Danian ere ez zara inoiz egon…
Hori da, eta ondo dakit zein den zesta-puntak Ameriketako Estatu Batuetan izan duen historia eta bilakaera. Gustatuko litzaidake, eta ez ditut ateak ixten, noizbait joateko aukerarik badut, eta lanagaz moldatu ahalko banintz, gustatuko litzaidake esperientzia hori probatzea. Inguruko askorengandik entzun ditut bertako istorioak eta prest egongo nintzateke lehen pertsonan bizitzeko. Aukerak badatoz, hartzeko prest egongo naiz.