Independentziaren aldeko aldarria Ondarroan zabalduz
Ernaik egun guztiko egitaraua antolatu du 'Ondarroatik independentziara' lelopean.

Independentziaren aldarria lehen lerrora ekarri dute gaur Ondarroako Ernaiko kideek. “Independentziaren aldeko aldarria erdigunera ekarri nahi izan dugu gaurko egunarekin. Horrez gain, gazteriak dituen kezkak partekatu eta elkar gehiago ezagutzeko helburuagaz antolatu dugu gaur Ondarroatik independentziara! eguna”.
13:00etan eman diote hasiera egitarauari, erakusketa ibiltariagaz. Antolatzaileek bederatzi panel egin dituzte, eta ibilbidean zehar, herriko txoko desberdinetan itsatsi dituzte. Bitartean, geldialdi bakoitzean, Haizea Telleriak bertsoak bota ditu, paneleko gaiagaz bat zetozenak. Ondarroako gaztetxean hasi dute ibilbidea, eta bertan, bi bertso sorta bota ditu Telleriak. Euskal Herriaren nazio auziari eskaini dio lehenengoa, eta bigarrenean memoria eta borroka astindu ditu, “memoria borrokan idatzi behar dela” azpimarratuz.
Bigarren geldialdian euskal preso, iheslari eta deportatu politikoak ekarri dituzte erdigunera Ernaiko gazteek, eta errelatoa belaunaldiz belaunaldi transmititu behar dela zehaztu du Telleriak: “Errelato hau ere gure esku dago”. Ondoren, gazteriarenganako kriminalizazioan jarri dute begirada, eta Igorreko Kiñu Gaztetxea oroitu dute; izan ere, desalojo arriskua dela eta, mobilizazioa egin baitzuten atzo: “Kiñu Gaztetxeari/atzo nion aditu/ametsak ezin dira/inola epaitu“. Feminismoari eskainitako bertsoagaz eman diote amaiera erakusketa ibiltariari, eta “nahi dugun herria” feminismotik etorriko dela adierazi du Haizea Telleriak: “Dena uztartzen dela/ez da gauz berria/hori esanez gabiltza/bizitza erdia/transmarikabollerena da aberria/feminismotik dator/nahi dugun herria“.
Erakusketa ibiltariaren ostean, bazkaltzeko ordua heldu zaie gazteei, eta horretarako, gaztetxerako bideari ekin diote berriro. Bertan, “jai giroa” nagusitu da, musika eta dantza artean. Bazkalostean, apirilaren 17tik 20ra bitartean Berriozarren izango duten Gazteon Eskutik ekimenaren aurkezpen dinamikoa izango dute, jolas bidez, eta ondoren, Euskal Herriak independentzia zergatik eta zertarako behar duen hausnartuko dute.
Egunari amaiera emateko, 22:00etan ekingo diote gabeko eskaintzari. Herriko Lumatzak MJ hirukoteak hartuko du oholtza lehenengo, eta ondoren, DJ kolektiboa egongo da; hau da, bakoitzak nahi duen musika jarri ahalko du. Ondarroako Ernaiko kideek dei egin die herriko gazteriari arratsaldeko eta gaueko egitarauan parte hartzeko.
































