Zuberoako maskaradak, Zerutxu Dantza Taldearen eskutik
Giro "ederra" nagusitu da Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldeak gaur goizean zehar interpretatutako Maskaradetan.

11:30ean eman diote hasiera Zuberoako Maskaraden errepresentazioari Markina-Xemeingo Zerutxu Dantza Taldeko kideek dantza, kantu eta antzerki bidez. Dantza taldeak Bilboko Aste Nagusian interpretatu zituen lehen aldiz maskaradak, baina gaurko emanaldia, Markina-Xemeingo lehenengoa izan da. Euskal Herriko kultura herritarren artean zabaltzea izan da taldearen helburua, “gero eta jakintza gutxiago” dagoen sentsazioa baitute.
Emanaldiari hasiera emateko bi taldetan banatu dira dantzariak: gorria eta beltza. Gorriak dantzari “bikainak” dira, eta gizarteko “formalidadea” irudikatu dute. Beltzak, berriz, “gaiztoak” omen dira, eta “zakarkeria” eta “gaiztakeria” irudikatzen dute.
Guztira lau geldialdi egin dituzte. Udal Arraindegian eman diote hasiera ikuskizunari, eta Zuberoako Maskaradek bezala, barrikada desberdinak egin dituzte. Geraleku bakoitzaren kantatu, dantzatu eta antzeztu ondoren, mokadutxo arin bat ere jan dute. Hurrengo barrikada Opela alboan egin dute, hirugarrena, Babel atzeko plazan, eta azkena, Arkupe aurrean. Dantza taldeko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete mokadutxoaren antolaketan parte hartu duten guztiei.
Azken emanaldia Arkupe aurrean egin dute, 13:00 inguruan. Bertan, emanaldi nagusia egin dute Zerutxu Dantza Taldeko kideek. Giro “ederra” sortu da Markina-Xemeingo kaleetan; izan ere, maskaradetako dantza, kantu eta antzerkiaz gain, herritarren erantzuna “oso ona” izan da, txalo zaparradaz jaso baitute ikuskizuna.





























































































