Eskualdeko alkateek Eudelen 57. Batzar Orokorrean parte hartu dute
Agurainen ospatu den Eudelen 57. Batzar Orokorrean egon dira Ispaster, Berriatua, Aulesti, Etxebarria, Lekeitio, Mutriku eta Ziortza Bolibarko alkateak.

Pasa den eguenean ospatu zen Agurainen Eudelen 57. Batzar Orokorra. Euskal munizipalismoaren urteroko bilera da honakoa, eta aurten, udalen agintaldiaren erdian egin da, “herri eta hiriei ere eragiten dien ziurgabetasun handiko testuinguru global konplexu batean”.
2025eko urteko kontuak eta aurrekontua onartu ditu batzarrak, “udalentzako zerbitzua eta erakundeen arteko lankidetza indartzeko”. Aurrekontua 3,8 milioi eurokoa da, iazkoa baino %2,86 handiagoa. “Aurtengo aurrekontua udalen parte-hartze prozesu baten eta adostasun eta lankidetza politikoaren emaitza izan da. Berritasun gisa Batzordeko Eragileek entzute aktiboko dinamika bat bultzatu zuten joan den udazkenean, non udal-bazkideek beren proposamenak helarazi ahal izan dituzten”.
Bertan egon dira Lea-Artibai eskualdeko Ispaster, Berriatua, Aulesti, Etxebarria, Lekeitio, Mutriku eta Ziortza Bolibarko alkateak.