Euskaraldiak baditu enbaxadoreak Markina-Xemeinen
Markina-Xemeingo hamaikakoaren aurkezpena egin dute: euskaltzale, kirolari, kultura eragile nahiz bestelakoak dira hamaikakoaren parte.

Joan den barikuan [otsailak 21] Markina-Xemeingo Plazabarripean elkartu ziren herritarrak, Euskaraldiaren herriko enbaxadoreak ezagutzeko asmoz. Hala, maiatzaren 15etik 25era hamaikakoa osatuko dutenen aurkezpena egin zuten: “Aurkezpen xumea izan zen, baina ondo joan zen. Aurten Euskaraldia dataz aldatu da, eta guk garrantzia berezia eman nahi diogu”.
Ama Hizkuntzaren Nazioarteko Eguna aukeratu zuten aurkezpena egiteko. Azaldu dutenez, euskara batzordetik hasi ziren hamaikakoa osatuko zutenen zerrenda osatzen. Hala, “herritar erreferentzialak” aukeratu dituzte: “Hamaika euskaraz zenbaki magikoa da, infinito esan nahi du. Ahalegindu gara hamaikako hori jende anitzak osatu dezan, ze, hamaikakoa osatzen duten pertsonetako bakoitza bere inguruan eta esparruan euskararen enbaxadore izango da”.
Hori horrela, euskalgintzan, kirolean, kulturan nahiz bestelako hainbat alorretan ezagunak direnek osatzen dute hamaikakoa, genero, adin, lurralde eta ikas eta lan esparru anitza, ugaria eta desberdina dutenak. Besteak beste, matematikari, irakasle, pentsiodun, puntista, historia ikasle, zinegotzi, dantzari, merkatari, euskara ikasle nahiz euskara irakasleek osatu dute hamaikakoa: Eli Alberdi Zelaia, Jokin Arbe Izagirre, Lucia Conzi Bavio, Txaro Olabe Kortabitarte, Asier Aretxabaleta Larreategi, Irune Duralde Muguruza, Ane Arizmendiarrieta Gandiaga, Aaron Arriola Lourido, June Arrieta Perez, Fatou Bintou Sarr eta Mari Eli Ituarte Zarragoikoetxea.
Aurkezpena girotzeko ardura, ostera, Pablo Fdez. Arrieta musikariak eduki zuen. Hiru abesti jo zituen, denak ere esanahi berezikoak: Bereterretxen kanthoria, Martxa baten lehen notak eta Panpoxa.
Era berean, gogorarazi zuten jada martxan dagoen mugimendu kolektiboa dela: “Hemen hamaikakoarekin egin duguna herriko talde ezberdinek egin dezaten bultzau nahi dugu. Bakoitzak hamaika lagun edo gehiago batu, eta letra horiekin argazki kolektibo bat ateratzea proposatzen dugu. Argazkiak bidaltzeko helbide bat ipiniko dugu, eta horrela Markina-Xemeingo herritarrok zelan parte hartzen dugun ikusiko da”.
Berritasuna. Hamaikakoa aurkezteagaz batera Euskaraldiaren nondik norakoak azaldu zituzten. Alde batetik, izena emateko epeak gogorarazi zituzten: euskara batzordetik herri moduan izena emanda daude jada eta entitateek parte hartu nahi badute (komertzioek, elkarteek, taldeek, tabernek…), ostera, euskaraldia.eus/entitateak web orritik egin dezakete izen ematea.
Izen emate indibiduala aldiz, martxoaren 15etik aurrera izango da; euskara batzordeko kideek “adi” egoteko eskatu zuten. Gainera, parte hartze indibiduala aurten berritasun batekin dator: “Belarriprest eta Ahobizi txapak egongo dira, baina, aurten, hitanoa erabiltzeko edo entzuteko prest dagoen edonork H bat gehituko dio bere txapari”. Izan ere, aurten hitanoaren bultzatzaile bihurtzeko lanean dihardute markina-xemeindarrek: “Bi ekintza potolo ditugu martxan Markina-Xemeinen hitanoaren inguruan, eta beraz, aurten H horri garrantzia eman nahi diogu. Alde batetik, AEKn ikastaro bat dago martxan oraintxe bertan, hitanoaren ingurukoa. Bestalde, azaroan, hitanoaren inguruko bigarren kongresua Markina-Xemeinen izango da; aurrerago zehaztuko dugu dena”. Azaldu dutenez, txaparen eskaera ohi bezala egingo da, eta ostean H hizkiagaz pegatina bat ipiniko du hala nahi duenak: “Ez da hika derrigorrez jakin behar, ikasi edo entzun nahi duenarentzat ere aproposa da”.
Aurreratu zutenez, Euskaraldiagaz batera hamaika izango dira antolatuko dituzten ekintzak ere. Horietako bat, azken egunean egingo dute, maiatzaren 25ean, hain zuzen ere: Euskaldungak antzezlana ikusteko aukera egongo da.












