Lehia estua egon da Goxua Txapelketako bederatzigarren jardunaldian
Guztira zazpi partida jokatu dituzte, eta horietako hainbat, tanto gutxiren aldeagaz irabazi dituzte. Eguenean hasiko dute hamargarren jardunaldia; inauterien ondorioz bi partida jokatuko dituzte.

Goxua Txapelketako bederatzigarren jardunaldia amaitu berri dute pilotari ohiek; joan den eguenean [otsailak 20] hasi eta atzora [otsailak 23] arte zazpi partida jokatu dituzte.
Eguenean [otsailak 20] hiru partida jokatu zituzten. Lehenengoak Muñozguren eta Kato izan ziren: Perran anaien kontra jokatu zuten, eta 18 eta 8 irabazi. Bigarren partida, ostera, orekatuagoa izan zen: Gorostigak eta Arandiak irabazi zieten Uriguen eta Azurmendiri, hiru tantoko aldeagaz (18-15). Are estuago egon zen egueneko azken partida: Andonik eta Jokinek 18 eta 16 irabazi zieten Anituari eta Basterretxeari.
Barikuan [otsailak 21] ere partida estuak jokatu zituzten pilotariek. Tanto bakarraren aldeagaz lortu zuten garaipena Unai Uzuriagak eta Xabat Uzuriagak, Zugadiren eta Gorosabelen aurka (18-17). Jarraian Anso-Legarra eta Varela-Unanue bikoteek jokatu zuten, eta Anso-Legarrak 18 eta 15 irabaztea lortu zuten. Barikuagaz amaitzeko, Aldapek eta Aranburuk jokatu zuten Txirloiren eta Allendaren aurka, eta irabazi egin zuten, 18 eta 10.
Asteko azken partida atzo [otsailak 23] jokatu zuten: Berasaluzek eta Isasik garaipena lortu zuten, 18 eta 10 Zubiriari eta Gomezi irabazita.
Hamargarrena. Eguenean ekingo diete hurrengo jardunaldiari, hamargarrenari, hain zuzen ere. Inauterien ondorioz, bi partida jokatuko dituzte: eguenean [otsailak 27] 19:45ean Ander-Arkaitz eta Lorenzo-Agirregomezkorta bikoteen arteko lehia ikusi ahalko da, eta zapatuan [martxoak 1], 18:00etan, Esnaola-Mujika eta Latxi-Etxebarriaren artekoa.