Markina-Xemein, Ondarroa eta Lekeitiok udaltzainen kontrataziorako oztopoak dituztela salatu du LABek
2023ko urrian eredu komunitarioan sortutako udaltzainen lan eskaintza publikoa aurkeztu zuten hiru udalek. Arkautetik bultzatzen dituzten deialdi bateratuen kontra agertu da sindikatua.
LAB sindikatuak salatu du 2023ko urrian Markina-Xemeingo, Lekeitioko eta Ondarroako Udalek bultzatutako eredu komunitarioan sortutako udaltzaingo lan eskaintza publikoak oztopoak izaten ari dela. Hain zuzen ere, Euskal Jaurlaritzatik jartzen ari diren oztopoak gaitzetsi dituzte.
Sindikatutik gogoratu dute ez dela lehen aldia Arkautetik bultzatzen dituzten udaltzaingoen deialdi bateratuen kontra agertzen direla. “Izan ere, Arkautetik bultzatzen diren planteamendu zentralizatzaileek gutxietsi egiten dute udal singularitatea, eta udalerri bakoitzaren interesetatik urrun dagoen polizia eredua inposatzen dute, zerbitzuaren kalitatearen eta herritarrekiko hurbiltasun harremanaren kaltetan”, adierazi dute.
LABetik diote “oso argi” dutela udal autonomiaren aldeko “jarrera irmoa eta aktiboa” eskatu behar dietela udalerriei, hau da, udal gobernuei egokitu behar zaiela haien langileen prozesu selektiboen antolaketa eta erabakimena. Hautapen prozesu “propioak” jartzearen aldekoak dira: “Udaltzaingo plantillen dimentsioak aztertuz, herritarren beharrak gain hartuta zerbitzu publikoaren kalitatea handituz”.
Bilatzen dutena da udaletako lanpostu zerrendaren barruan dauden lanpostu guztiak eskaini daitezela, langileen ordezkariekin lehentasunak, prozesuak edota profilak aztertuz. “LABek herritarrekiko hurbiltasunean eta integrazioan oinarritzen den udaltzain eredu bat defendatzen du”, argitu dute.
Zerbitzu publikoen aldeko apustuaren bidean, udaltzaingoek “izaera komunitarioa, prebentiboa, euskalduna eta hurbilekoa” eskaini behar dute. Adibide modura, Urola Kostako Azpeitia, Zumaia eta Getariako udalerrien artean iragarri berri duten Udaltzainen lan eskaintza publiko propioa “egoki” ikusten dute, hori baita, “sindikatu honen ustez, jarraitu beharko litzatekeen bidea”.