Partida bakarra jokatu dute Beteranoen Trinkete Txapelketako bosgarren jardunaldian
Arrazoi pertsonalak medio, Rober-Egaña eta Jaunarena-Etxezarraga bikoteen arteko lehia bertan behera geratu da; aste honetan jokatuko dute partida, seigarren jardunaldiagaz batera.

Bosgarren jardunaldia amaitu berri dute Lekeitioko Beteranoen Trinkete txapelketan. Atzo [otsailak 23] bi partida jokatzekoak ziren arren, arrazoi pertsonalak medio, partida bakarra jokatu ahal izan dute; jokatu barik geratu zen partida asteon jokatuko dute.
Hala, atzo [otsailak 23] elkarren aurka jokatu zuten txapelketako bi bikote lekeitiar gazteek. Mendez-Ibon eta Uhaitz-Martxel bikoteen arteko lehia ikusteko aukera egon zen; Uhaitz Gonzalezek Izeitxoren postua bete zuen. Bigarren horiek partida orekatzeko ahalegina egin zuten arren, ezin izan zuten lortu: Mendezek eta Ibonek irabazi zute 30 eta 14.
Hasieratik hartu zuten “abantaila handia” irabazleek, Mendez aurreko koadroetan jaun eta jabe izanda; sakeagaz ere min asko egin zuen, bederatzi tanto eskuratuz. Halaber, Uhaitzek ezin izan zion Mendezen jokoari aurre egin. Atzean, ostera, Martxel dominatzailea izatea espero zuten arren, eskuko minagaz egon zen; ezin izan zuen bere indarra eta abiadura erakutsi. Ibonek, ostera, “nabarmen” egin du gora txapelketan, eta Mendezegaz osatzen duen bikotea “asko” sendotu da.
Domekan, hiru partida. Pilotariek seigarren jardunaldia jokatuko dute domekan [martxoak 2], eta guztira hiru partida ikusteko aukera egongo da, jokatu barik geratu den partidaren ondorioz. Seigarren jardunaldia izango da azkena: martxoaren 9an eta 22an finalaurrekoak jokatuko dituzte, eta finala, aldiz, apirilaren 6an.
Hala, 09:30ean berriro ere Mendez-Ibon eta Izeitxo-Martxel bikoteen arteko lehia ikusteko aukera egongo da; partida erabakigarria izango da, izan ere, finalaurrekoak jokatzeko bigarren sailkatuak izango dira. 10:15ean, ostera, Lander-Foster eta Rober-Egaña bikoteek jokatuko dute: “Bi bikote hauek ez dute ligaxkako partidarik galdu, eta beraz, partida polita eta orekatua espero dugu, nahiz eta bikote lekeitiarra 2023ko txapelduna eta aurtengo faboritoak diren. Ikusi egin beharko da Fosterrek lanean egin zuen atzamarreko zauria sendatu ote zaion”.
Egunagaz amaitzeko, bosgarren jardunaldian jokatzekoa zen Rober-Egaña eta Jaunarena-Etxezarraga bikoteen arteko lehia ikusteko aukera egongo da: “Rober bergararrak eta Egaña mendaroarrak egun berean bi partida jokatu behar dute, eta nekea nabaritu daitekeela uste dugu. Egoera hori aprobetxatu nahiko dute Jaunarena nafarrak eta Etxezarraga berriztarrak”.