Bollerismoaren bilakaera irudietan
Mutrikun egon berri da ‘Bollologia. Euskal Herriko Bolleron mugimenduaren genealogia bisual bat’ erakusketa, eta, orain, martxotik ekainera bitartean, Ondarroa izango du hurrengo geraleku.

Duela bi urte, 2023an, 40 urte bete ziren Errenteriako Zamalbide auzoan lehenengo Euskadiko Lesbianen Jardunaldiak egin zirenetik. Urteurren horri tiraka, 2024ko apirilaren 26tik 28ra Euskal Herriko Bollotopaketak antolatu ziren Leitzan, eta bertan, 550 bollera eta sexu genero disidentek bollera subjektuaren inguruan hausnartu, egungo egoera politikoa mahaigaineratu, eta aurrera begirako erronkez hitz egin zuten.
Bollurria kolektiboko kideek izan zuten topaketak antolatzeko ideia, eta antolakuntzara jende gehiago batzeko helburuarekin, asanblada irekirako deialdia egin zuten Gasteizen. Bertan, topaketak aurrera eramateko lan talde desberdinak osatu ziren, eta horietako bat arduratu zen erakusketa osatzeaz. Hasierako ideia desberdina bazen ere, azken 40 urteetan gertatutakoa jaso eta erakustea interesgarria litzatekeela iruditu zitzaien taldea osatzen zuten lau kideei. Horrela sortu zuten Bollologia. Euskal Herriko Bolleron mugimenduaren genealogia bisual bat erakusketa. «Bollotopaketetan atzera begira jartzeko leku bat eduki nahi genuen. Gaurko egoera prozesu historiko baten eta borroka batzuen ondorio dela ikusteko», azaldu du Bollotopaketetako antolakuntzan egon zen Marta Luxanek.
Guretzat garrantzitsua zen bolleron borroka nolakoa izan den erakustea, irudien bidez.
Zamalbideko jardunaldiak 1983an izan baziren ere, erakusketaren hasiera 1977an kokatzen da, urte horietan, 1977tik 1979ra bitartean, mobilizazio desberdinak egon baitziren Euskal Herriko kaleetan. Izan ere, 1979ko ekainaren 12an, polizia batek tiroz erail zuen Errenterian Bizente Badillo “Francis” gaztea. Beraz, bere erailketa abiapuntutzat hartuta, Zamalbideko jardunaldiak baino urte batzuk lehenago hasten da erakusketa, eta 2010ean amaitzen da. “2010ean moztea erabaki genuen, azkenengo urteetan ekintza mordoa egin direlako. Bagenekien 2010etik gaur egunera arte gertatutakoak beste presentzia bat izango zuela topaketetan, eta hala izan zen. Beraz, 2010eko manifestu transfeministarekin eman genion amaiera erakusketari”.
Antolatzaileentzat “berebiziko” garrantzia zeukan hitzez ez ezik, irudi bidezko zerbait sortzeak. Beraz, artxiboetan arakatzen hasi ziren, kartel, iruditegi, eskuorri edo pegatinak lortzeko helburuagaz: “Guretzat garrantzitsua zen bolleron –hasieran lesbiana eta 90. hamarkadaren ondoren bollera– borroka nolakoa izan den erakustea, irudien bidez”. Hala, materialaren bila hasi ziren eta EHGAMen artxiboan material piloa aurkitu zuten, baita Bilgune Feministaren eta Emaginen artxiboetan eta Maite Albiz Emakumeen Dokumentazio Zentroan ere. Horrez gain, orduko borroketan “buru-belarri” ibili ziren zenbat bollerekin ere kontaktatu zuten, material gehiago lortzeko, eta bide batez, 40 urteren ondoren, topaketetan parte hartzeko gonbita egin zieten: “Bat-batean pila bat material geneukan, eta ez genekien nondik hasi guztia ordenatzen. Hortaz, irizpide batzuk jarri eta erakusketa bost ataletan banatu genuen”.
Erakutsi nahi genuena zen bollerismoa beste mugimendu edo borroka batzuekin gurutzatzen dela.
Atalez atal. Erakusketaren lehenengo atalean, mugimenduaren genealogia ikusi daiteke: “1977tik 2010era gertatutakoa islatu nahi izan genuen. Mugimenduaren bilakaera, aldarrikapenak, taldeak, koordinadorak edo egindako ekimen bereziei lekua emanez”.
Bigarren atala osatzeko, urte hauetan guztietan legeetan egon diren aldaketetan jarri zuten arreta: “Atal honetan erakutsi nahi genuena zera zen, nahiz eta legeetan zenbait aldaketa egon, eguneroko bizitzan ez zela ezer aldatu”. Sorginak aldizkariko 1992. urteko ale bateko artikulua jarri dute adibide gisa: “Artikulu horretan musu bat emateagatik Renfeko tren batetik kanporatuak izan ziren bi lagunen gertakaria jasotzen da. Beraz, horrekin, ikusi genezake 1992an, oraindik ere, Renfe barruko arautegian bazegoela klausularen bat, gay eta lesbianak trenetatik kanporatzea ahalbideratzen zuena”. Legeak eta instituzioak bezala izendatu zuten bigarren atal hau.
Une hartako testuinguruan kokatu behar gara ulertzeko zergatik planteatzen ziren borrokak planteatu ziren moduan.
Hirugarren atalak bolleren mugimenduak egindako aliantzei buruz hitz egiten du: “Bolleren mugimendua ez da isolatuta egon den mugimendu edo borroka izan, beste borroka eta mugimenduekin batera lan egin duena baizik”. Kartel desberdinen bidez, bolleren mugimenduak izan dituen aliantzak islatu nahi izan dituzte: “Erakusketan dauden kartelek oso ondo islatzen dute gurutzaketa. Batasunak ulertzen du edo su etenik ez homofobiaren kontra bezalako esaldiak agertzen diren kartelak daude, baita antimilitarismoa edo gerraren aurkako auziarekin lotura estua dutenak ere. Honekin, erakutsi nahi genuena zen bollerismoa beste mugimendu edo borroka batzuekin gurutzatzen dela”.
Bosgarren eta azken atala ekainaren 28ari begirakoa da. Bertan, ekainaren 28aren harira egindako kartel bilduma aurkitu daiteke. “Ezin diogu gaurko betaurrekoekin begiratu iraganari. Gaurko begiradatik desados egon gaitezke zenbait konturekin; esaterako, kartel askotan ateratzen diren gorputz asko oso normatiboak izan daitezke. Baina une hartako testuinguruan kokatu behar gara ulertu ahal izateko zergatik planteatzen ziren borrokak planteatu ziren moduan”, zehaztu du Luxanek.
Erakusketaren ibilbidea. 2023an Leitzan antolatu ziren Bollotopaketetan jarri zuten lehen aldiz Bollologia. Euskal Herriko Bolleron mugimenduaren genealogia bisual bat erakusketa, eta ordutik, Euskal Herriko hainbat txoko bisitatu ditu. Leitzan hilabete osoa egin ondoren, Hernanirako bidea hartu zuen, eta bertan egon zen ekainetik abuztura arte. Ondoren, otsailean zehar, Mutrikuko Zabiel Kultur Etxean egon da, eta gaur dena jaso eta gero, Ondarroan egingo du hurrengo geldialdia. Martxotik ekainera egongo da Etxelilan, eta martxoaren 6an bisita gidatua egingo dute erakusketaren sortzaileek, 18:30ean. Aurrerago, Oiartzun eta Basauri izango dira erakusketaren hurrengo geltokiak.