Zabalik dago Uemaren Salto! udalekuetan izena emateko epea
Martxoaren 31ra arte eman daiteke izena eta bi txanda daude aukeran: ekainaren 22tik 30era eta uztailaren 2tik 10era.
Udalerri euskaldunetako gazteentzako Salto! udalekuak antolatu ditu aurten ere Uemak. Hain zuzen ere, izena emateko epea zabalik dago martxoaren 31ra arte. Bi txanda antolatu dituzte lehendabizikoa ekainaren 22tik 30era eta bigarrena uztailaren 2tik 10era. Aurten ere ibiltariak izango dira udalekuak, eta Baliarraindik Idiazabalerako bidea egingo dute gazteek, Tolosaldean hasi eta Goierrin barrena. Zaldibian eta Ataunen ere egingo dituzte bina gau. Txanda bakoitzean 60 lagunentzako lekua dago, 2007 eta 2010 urteen artean jaiotakoentzat. 175 euro balio dute.
Euskaraz bizi diren gazteek inertziatik kontzientziarako “saltoa ematea” eta horrekin “efektu biderkatzailea” sortzea dute helburu. “Aisialdiagaz eta euskal kulturagaz lotutako egitarau erakargarriarekin, gazteak sentsibilizatzea eta saretzea lortu nahi da udaleku hauekin”, diote.
Udalerri euskaldunetako gazteak euskararen inguruan “sentsibilizatzea, kontzientziatzea eta saretzea” bilatzen dute. “Udalerri euskaldunetako gazteek elkar ezagutzeko eta saretzeko udaleku ibiltari eta euskalduna da. Euskaraz gozatzeko une eta gune dibertigarria, alaia eta gertukoa, baita euskaldun gisa ahalduntzeko eta kontzientziatzeko aukera ematen duena ere”.
Lau egunetan askotariko ekintzak eskaintzen dituzte, ibilaldiez gain, kantaldiak, kontzertuak, jolasak edota tailerrak, adibidez. Balioetan oinarritutako udalekuak direla nabarmendu dute: parekidetasuna, aniztasunarekiko errespetua, naturzaletasuna edota parte hartzea.
Proiektua
Euskararen inguruan herritarrak kontzientziatzeko eta sentsibilizatzeko ekimenak dira Uemaren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, euskararen arnasguneei eta udalerri euskaldunei buruzko Hedatu hezkuntza proiektua abian du Uemak, eta ikastetxeetan ere ari dira lanean Uemako teknikariak, hezkuntzako ikasleekin, irakasleekin eta gurasoekin. Udalerri euskaldunak eta arnasguneak “giltzarriak” direla nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz gain. Proiektua are gehiago garatzeko, hezkuntza arautuaren mugak gainditu eta udalerri euskaldunetako gazteentzako topaketak eta udalekuak antolatu ditu Uemak azken urteotan, Eusko Jaurlaritzaren laguntzagaz.