Biharko izar handien gaurko haztegiak
Zesta-punta boladan baldin badago, duela hainbat urtetatik harrobi beharra egiten ari diren tokian tokiko zesta-punta eskolei esker da. Lea-Artibai, Mutriku eta Busturialdeko eskolek bizi duten egungo egoera eta etorkizuneko erronkak plazaratu dituzte.
Zesta-punta sendo dago, hauspotuta, indartsu. Pilotaren alor horren izarrek beren tokia egin dute hedabideetako orrialde, argazki sorta zein bideoetan. Puntista jadanik ez da zelanbait bigarren mailako izar, futbol jokalarien edota, distantziak salbu, esku pilotarien gerizpean. Eta hori, hein handi batean, zesta-punta eskolek urteak joan, urteak etorri eginiko behar gogorraren fruitua da. Izan ere, egun harmailak lepo betetzen dituzten frontoietako izarrak zesta-punta eskoletako ikasle izan ziren behinola. Honako hau inguruko zesta-punta eskolen ekinaren, eguneroko lanaren eta oinarrien errepasoa da.
Herri pilotazalerik baldin bada, horietako bat Markina-Xemein litzateke, inongo zalantza barik. Ez da kasualitatea bere pilotalekuari Zesta-Puntaren Unibertsitatea deitzea. Unibertsitate horrek, egun, 100 ume eta gaztetik hurbil hartzen ditu ia-ia egunero. Klubeko arduradun Santiago Olabek argi du: “Kluba oso osasuntsu dago, eta aspaldion ordu gehiago eskaintzeari ekin diogu, eskaria oso esanguratsua baita”. Aste bitartean, Uniko kantxa handia eta frontoi txikia baliatzen dituzte.
Zesta-punta eskolak armoniazko hartu-emana du gainontzeko eragile eta lantaldeekin, batez ere, esku pilota taldearekin. Klubetik azaldu dute ume kopuru handia “betidanik” datorkien zerbait dela. Beste hainbat tokitan zesta-punta oraintsu puri-purian jarri den kirola bada, Markina-Xemein beti izan da udalerri “pilotaria eta pilotazalea“.
Santiago Olabe: “Haurren erreferenteak jadanik ez dira etxe barrukoak, esaterako, pilotan ibiltzen zen osaba edo aita; egun, telebistak pizten die zaletasuna”
Zaletasunaren transmisioa, baina, “errotik eraldatu” da azken urteotan: “Haurren erreferenteak jadanik ez dira etxe barrukoak, esaterako, pilotan ibiltzen zen osaba edo aita; egun, telebistak pizten die zaletasuna”. Klubaren erronka “bikoitza” da: “Alde batetik, orain arte lortutakoa egonkortzea eta horri eustea; bestetik, ez diogu aterik zarratu gura klub modura hazteari”. Aurtengo Eusko Label Winter Seriesean zesta-punta eskolen alde egindako keinua ere “modu positiboan” baloratu dute: “Partidu nagusia orduko, umeek kinielak jokatu dituzte, Jai Alai moduko plaza handi batean eta txapelketa ikustera doazen ikusle denen aurrean. Hori oso polita da beraientzat”.
Genero arrakalari dagokionez, Markina-Xemeingoa Euskal Herriko gainontzeko taldeen isla argi eta garbia da: gizonezkoak gehiago dira, baina emakumezkoen kopurua apurka-apurka gorantz doa. “Mutilak gehiago diren arren, 20 neska inguru daude klubean, eta kirolarekiko interesa hazten ari da neskengan”, azaldu du. Arai Lejardi eta Erika Mugartegi moduko puntisten gorakada gaztetxoenen “motibazio iturri” dela uste du Olabek: “Ikusten dute, beraiek egin duten legez, edonor heldu daitekeela Mugartegi eta Lejardi egun dauden lekura, alegia, motibatu egiten ditu”.
Horiez gain, herriko harrobitik ateratako hainbat puntista “ispilu” dira gaztetxoen garapenean: “Ion Ibarluzea, Jokin Arbe, Gorka Mugartegi Atain, Danel Mandiola, Jon Bullet Zabala, Eñaut Salegi, Alex Goitia, Javier Urrutia eta Martin Ormaetxea Zelaia dira erreferenteetako zenbait”.
Diego Beaskoetxea: “Kirol eskaintza handia tarteko, asko eta asko dira zesta-punta probatu dutenak, baina gutxiagorentzat izan da lehen kirol aukera”
Zesta-puntaren katedrala.
Puntista handienek Eusko Label Winter Series aritzen den plaza berean jokatzen dute gaztetxoenek: Jai Alai zesta-puntaren katedralean. Diego Beaskoetxea puntista ohia eta Gernika Jai Alai eskolaren bultzatzaileak azpimarratu du zesta-punta eskola “inoiz baino hobeto” dagoela: “100 gazte inguru ditugu, eta egunero entseatzen dute; gainera, horietako askok 15 urtetik beherako adina dute”.
Kide kopuruaren gorakada “faktore biren nahasketak” sortutako fenomenoa da, gernika-lumotarraren ustez: “Gernika-Lumo zesta-punta ondare izugarridun herria da, eta hori funtsezkoa da gaztetxoak erakartzen segitzeko; horrekin batera, goi mailako zesta-punta telebistan presente egoteak eta Winter Seriesa Jai Alain jokatzeak are gehiago hauspotzen du zaletasuna”. Mutilak neskak baino gehiago diren arren, nesken presentzia “beti” egon da, “iragankorra” izanda ere: “Asko eta asko dira zesta-punta probatu dutenak, baina gutxiagorentzat izan da lehen kirol aukera. Gernika-Lumon, izan ere, denetariko kirol eskaintza handia dago, eta horrek jende pila bat aldentzen du frontoitik”.
Erreferenteei dagokienez, “etxekoak presente” daudela nabarmendu du Beaskoetxeak: “Umeek maite dituzte Xabier Barandika eta Unai Lekerikabeaskoa”. Edozelan ere, Winter Seriesa tarteko, puntisten errealitatea “bertatik bertara segitzen” dute: “Haurrek pilotari kuttunak dituzte, batzuk gehiago gustatzen zaizkie, eta, oro har, zesta-punta modu aktiboan bizi dute”. Winter Seriesko kluben topaketek erakusten dute tokian tokiko eskolek “funtzionatu” egiten dutela. Topaketok eskolak beraien artean saretzeko baliagarriak direla uste du aurrelari ohiak.
Jose Mari Mantzisidor: “Ondo egin den lanaren lorratz da Mikel Mantzisidor edoira Eñaut Urreisti mutrikuarrak egun dauden tokian egotea”
Mutriku ere zesta-puntaren lurrikararen epizentro bihurtu da, bereziki, azken urteotan. Danok Bat klubak “gorakada esanguratsua” bizi izan du azken garaiotan: “Urte batean zazpi ume berri hartzetik, 25 hartzera igaro gara”. Osasuntsu dago, boteretsu, eta bertatik ateratako puntistek Winter Seriesen egindako lana horren erakusle da: hala Mikel Mantzisidor finalista, nola Eñaut Urreisti, itzel aritu dira. Mutrikun zaletasun “izugarria” dagoela azpimarratu du Danok Bateko Jose Mari Mantzisidorrek: “Beti egon dira pilotariak herrian; zestaz, palaz edo eskuz aritu izan dira”.
Bai Urreisti, bai Mantzisidor kota hain altuan jokatzen ikusteak “harrotasuna eta asebetetasuna” sortzen dizkiete Danok Bateko kideei: “Ondo egin den lanaren lorratz da Mantzisidor eta Urreisti egun dauden tokian egotea. Gainera, gaztetxoek ere ikusten dute, gogor lan eginez gero, posible dela goi mailara iristea eta pilotaririk onenen kontra jokatzea”.
Oaia Otañoren txanda.
Emakumezkoen parte hartzea “oparotzen” doala adierazi dute. Horren erakusgarri Eneritz Lizardiren kasua: “Zesta-puntan gauza oso handiak egin izan ditu, bere gaztetasuna gorabehera. Gainera, belaunaldi berrientzako erreferente ere izan da. Orain, Oaia Otañori tokatzen zaio lekuko hori hartzea, ze, jadanik badira atzetik datozen eta ate joka dauden neska puntista gaztetxoak”. Otañok, hain zuzen ere, aurten egingo du debuta emakumezkoen zesta-puntaren plazarik entzutetsuenean: III. Euskotren Winter Seriesean.
Askok pentsa dezaketena baino herri zestazaleagoa izan da eta da Bermeo. Munduko Txapelketak irabazitako puntisten sorterri da, Ameriketara jokatzen joandakoena, eta zesta-puntaren itsasoan arraunean sendo egiteko determinazioa duena. Duela bost hilabete inguru sortu zuten Bermeoko Zesta-Punta eta Pala Eskola; orduz geroztik, taldea hazi besterik ez da egin. Eskolako arduradun Mikel Iruskietak argitu du aipatutako txapeldun horiek denek, hamarkadaz hamarkada, ez zutela beren kirol ibilbidea herrian egin, klub baten faltan: “Horri buelta emateko asmoz ari gara lanean, betiere, herrigintzatik, xumetasunetik, ilusiotik eta euskaratik”.
Mikel Iruskieta: “Zesta-puntaren alorrean, itxura batean emakumeei presentzia handiagoa eman gura zaie, baina frontoien ingurugiroa oraindik oso maskulinizatuta dago”
Eskola mailan eragiten eta egunerokoan entrenatzen ari dira. Bazkide kanpaina abiatu dute, materiala jasotzea eta laguntzak lortzea “ezinbestekoa” baita klubaren lehen fase horretan. Profesional mailako Boga Zesta Punta Jaialdia antolatu zuten iaz, eta aurtengo Arrantzale Egunerako beste bat egin gura dute. Iaz, bestalde, herritarrei kirol horren ateak zabaldu zizkieten, ate irekien jardunaldiekin: “Esperientzia aparta izan zen”. Zesta-puntak komunikabideen bidez duen transmisioa “erraldoia” dela dio Iruskietak, jokaldi motetatik abiatuta: “Horraino iritsi da transmisioaren eragina; errebeskadei edota erreboteei esangura handia ematen diete gazteek, Winter Seriesen hala jokatzen baita, eta informazio hori dena xurgatzen baitute”.
“Badago zer hobetu”.
Genero arrakala oro har pilotaren mundura zabaldu beharra dagoela azpimarratu du, zesta-puntara soilik mugatu ordez: “Azpiegituretatik edota aukera berdintasunetik hasita, badago zer hobetu. Zesta-puntaren alorrean, itxura batean emakumeei presentzia handiagoa eman gura zaie, baina frontoien ingurugiroa oraindik oso maskulinizatuta dago. Inoiz baino ahalegin gehiago daude berdintasunaren bidean, baina oraindik pila bat dago egiteko“.
Lekeition ere biziberritze prozesuan bete-betean sartuta dago zesta-punta, besteak beste, Akarregi Pilota Elkarteak egiten duen lanaren kausaz. Klubeko ordezkari Aitzol Galletebeitiak azaldu du zesta-punta “inoizko sendoen” dagoela bertan: “Ia 30 gazte dabiltza zesta-puntan, eta hiru nagusi; inoizko daturik onenak dira eta, gainera, herrian nahiz frontoian etengabeko zaletasuna igarri daiteke”.
Aitzol Galletebeitia: “Lekeition, pilotarekin loturiko gremio falta itzela sumatzen dugu”
Herri mailako azpiegiturak dira, beharbada, hankamotz geratzen direnak: “Zestak edota pilotak konpontzeko artisau ofizialik ez dago. Adibidez, pilotak Errigoitin konpontzen ditugu; zestak, aldiz, Berrizen. Alde horretatik, udalerrian pilotarekin loturiko gremio falta itzela sumatzen dugu”.
Telebistak “onura itzela” egin duen arren, klubek eginiko lanak “are handiagoa” ekarri duela iritzi du Galletebeitiak, kirolaren hauspotzeaz galdetuta: “Inguruko herrietako taldeek behar handia egin dute urte luzez, eta orain hasi gara telebistan horren fruituak jasotzen”. Lan horren noranzkoak ere argitu ditu: “Kirol maskulinizatua, misto bihurtu ez, baina berdindu egin da genero aldetik; eskolen arteko elkarlana eta komunikazioa hobetu egin dira; eta ume kopurua izugarri hazi da“.
Emakumezkoen zesta-puntaren egungo irudiari buruz, baina, zalantzati ageri da Akarregiko ordezkaria: “Emakumeei profesional abizena ipintzen zaie, baina euren baldintzak ez dira ezelan ere profesionalei dagozkienak. Hasteko, ez dira kiroletik bizi; horrez gain, ematen zaien tratua gizonezkoenaren guztiz bestelakoa da, hainbat alderdiri erreparatuz gero”. Bere ustez, erakundeek badute zeresanik, hori erregulatuko baldin bada: “Adibidez, berdintasun plana duen udal orok, pilota edo kirol jaialdi bat antolatzerakoan, ikusi beharko luke gizonezko eta emakumezkoek jasoko duten diru kopuruaren artean zein alde dagoen. Osterantzean, ez du deus balio profesional moduko terminoak hain merke erabiltzeak”.
Lea-Artibai, Mutriku, Busturialde nahiz Durangaldeko zesta-punta eskolen artean egiten diren topaketak ere plazaratu ditu. “Baliagarriak” direla dio, eta denetariko funtzioak betetzen dituztela: “Hala irakasleen, nola ikasleen arteko saretzea sustatzen du. Kargutzen gara gure klubeko arazoak ez direla bestelakoak, beste askok ere parekoak dituztela. Gainera, aldamenekoek zelan behar egiten duten ezagutzen dugu”.
Roberto Lekue: “Herrian ez dago emakumezkoen partidurik ez duen txapelketarik”
Berriatuko Zesta Eskolak, herriko bizilagunez gain, Ondarroatik bertaratzen zaizkienei ematen die zerbitzua. Osasuntsu dago kluba, 80 lagun ingururekin. Roberto Lekue arduradunak argi du: “Berriatuan aukera bi baino ez daude: zesta-punta edo futbola. Herrian, haur gehienek kirol biak uztartzen dituzte, baina zesta-puntak egun duen jarraipena aspaldiko handiena dela esango nuke”.
Emakumezko erreferenteak.
Telebistak ernaldu duen landarearen hazia, Lekueren arabera, Xistera da. “Xistera sortu zenean, desagertu zen arte, hazkunde nabarmena eduki zuen zesta-puntak. EITBk gerora egindakoa haren jarraipena izan da”. Horrez gain, pilota enpresak sare sozialen uretara murgildu izanak kirola “herritarrei hurbildu” egin diela dio.
Emakumezkoen parte hartzea “zutabe” da klubean: “Herrian ez dago emakumezkoen partidurik ez duen txapelketarik”. Emakumezko erreferenteek, alde horretatik, badute zeresanik: “Herrian Elaia Gogenola eta Maialen Aldazabal moduko puntistak daude; lehen gaitzagoa zen emakumezko erreferenteak topatzea”. Aste bitarteko klaseen ordutegi agenda “puri-purian” daukate berriatuarrek: “Jendea animatzen ari da, eta zesta-puntaren egoera bikaina da udalerrian, hainbat ume baititugu astero pilotalekuan”.