Winter Seriesak baditu lehen finalistak
Helena Barrenetxea durangarra eta Arai Lejardi markina-xemeindarra III. Euskotren Winter Seriesko finalean egongo dira. Gizonezkoen Banakakoan, Xabier Barandika gernika-lumotarra Aritz Erkiaga ispastertarra baino gehiago izan da.

III. Euskotren Winter Seriesa goi-goitik abiatu zuten atzo [martxoak 10], Durangoko Ezkurdi pilotalekuan. Giro bikainarekin eta partidu lehiatuekin, harmailak jendez lepo agertu ziren, tartean, etxeko pilotari Helena Barrenetxeak jokatzen baitzuen. Hark eta Arai Lejardi markina-xemeindarrak garaipen handia eskuratu zuten lehen jardunaldian, Maite Ortiz de Mendibil andetxarraren eta Maialen Aldazabal berriatuarraren kontra.
Barrenetxearena etengabeko hobekuntza istorioa da, eta atzo agerian geratu zen hobetze hura. Duela bi urtetatik, gora eta gora baino ez du egin, eta, gaur egun, puntistarik trebeenen pare da. Atzokoan, hutsegitu gutxi egitearekin batera, hainbat erremate biribildu zituen. Sahietsez bikain moldatu zen, bai barrualdera, bai horma bitara. Ortiz de Mendibilek eta Aldazabalek 2 eta 0 aurreratuz ekin zioten partiduari, baina segituan iritsi zen hiruko berdinketa. Berdindu ez ezik, lau tanto aurretik ipintzea ere lortu zuten horiek: 4 eta 8. Barrenetxearen eta Lejardiren segurtasunak dominantzia eman zien piloteoan, eta lehen seta 11 eta 15eko markagailuarekin irabaztea ahalbidetu zien.
Bigarrenaren hasierak lehenengoaren lorratzak bistaratu zituen. Marroiek agintea hartu zuten hasieran, 3 eta 1, baina gero hiruna, seina, zazpina edota zortzina joatera iritsi ziren. Ortiz de Mendibil lehen setean baino zertxobait erosoago aritu zen, bere eskumakadak haren erakusle; hala horma bitara, nola txik-txakera, ederto moldatu zen arabarra. Atzelari biak ala biak, bestalde, jokaldiak eroan eta eroan ibili ziren. Hain zuzen, Lejardik berak egin zuen hamaikagarren tantoa. Barrenetxea eta Lejardi 9 eta 13 aurretik joanda ere, Ortiz de Mendibilek azken unera arte estutu zituen arerioak. Ez zen, ordea, nahikoa izan.
Bikote horiak 2 eta 0ekoa lortu zuen, bigarren setean 13 eta 15 gailenduz. Etxekoen aurrean jokatu du finala, beraz, durangarrak. Beste finalaurrekoari dagokionez, hurrengo astelehenean [martxoak 17] jokatuko dute: Elaia Gogenola berriatuarrak eta Oaia Otaño mutrikuarrak Ihart Arakistain sopeloztarra eta Frida Watkins zumaiarra edukiko dituzte aurrez aurre, atzoko irabazleen kontrako finalera zein sailkatuko.
Gizonezkoen Banakakoaz.
Gizonezkoen Banakakoaren bigarren jardunaldiak ere eduki zuen zirraratik. Aritz Erkiaga ispastertarrak, faborito nagusia izanda ere, ezin izan zion aurre egin Xabier Barandika gernika-lumotarrari. Indartsu eta erregular aritu zen Barandika: sakeetan asmatuz, erreboteetan trebe, eta homa bikoetan nahiz eskumaz seguru. Atzealdeko koadroetan egon zen norgehiagokaren gakoa; errebeskadaz luzeegi jaurtiz gero, pilota asko ateratzen zen erreboteetan, eta hura abantaila esanguratsua zen aurkariarentzat, are gehiago, ispastertarra moduko ehiztari batentzat.
Lehen setean, gernika-lumotarrak estutasunean ipini zuen ispastertarra. 3 eta 7 aurreratu zen, baina Erkiagak zazpira berdintzea lortu zuen. Zortzinakoaren ondoren, Barandikak sake tantoa egin zuen. Hamarrera berdinduta, azken bultzada eman zion gernika-lumotarrak bere jokoari, eta lehen setean ezustekoa eman zuen: Erkiaga egungo izar argitsuenari 10 eta 12 irabazi zion. Bigarren jokoan, baina, izarrak bere ohiko distira berreskuratu zuen. Ispastertarrak atzeko hormaren kontrola bere egin zuen, eta abiadura handia eman zion piloteoari. 6 eta 2 aurreratuta, Barandikak asmatu zuen seiko berdinketa ezartzen, baina ostean Erkiaga beti ibili zen tanto bat edo bi aurretik. Hamarna eta jarraian hamaikana berdindu arte. Azken tantoan erabaki zuten bigarren seta; Erkiagarentzat izan zen.
Berdinketa hausteko hirugarren seta 0 eta 2 aurrea hartuta hasi zuen Barandikak, baina Erkiagak 3 eta 2koa lortu zuen ziztu bizian. Hiruna berdindu ondoren, txik-txak batek 3 eta 4koa eman zion gernika-lumotarrak, eta azken tantoa sakez lortu zuen jarraian. Garaipen handia lortu zuen Barandikak, konfiantza hauspotze azpimarragarria eman beharko liokeena. Datorren astelehenean [martxoak 17], Jean Dominique Olharan pauetarrak eta Johan Sorozabal miarriztarrak bigarren finalerdia jokatuko dute Ezkurdin. Sorozabal gaztea da, hain zuzen, Banakako Seriesko egungo txapelduna.