Egitarau beteagaz dator 'Markina-Xemeindik independentziara' eguna
Markina-Xemeingo Ernaik egun guztiko egitaraua antolatu du zapaturako [martxoak 15]. Besteak beste, mahaingurua, bazkaria eta kontzertuak egongo dira.
Independentzia erdigunean hartuta, Markina-Xemeingo Ernaik Markina-Xemeindik Independentziara eguna antolatu du. Zapaturako [martxoak 15] egun guztiko egitaraua antolatu dute markina-xemeindarrek, euren aldarriak kaleetara ateratzeko asmoz.
Hala, 12:30ean Independentzia. Zergatik eta zertarako? izenburupean, mahaingurua egingo dute kultur aretoan. Ostean, kalera irten, eta marianitada eta karropoteoa egingo dituzte, Patxuatik hasi eta herria zeharkatuz. 15:00retan, aldiz, bazkaritarako elkartuko dira, Txokoan.
Bazkalostean, Gazteon Eskutik ekimena aurkezteko tartea hartuko dute; apirilaren 17tik 20ra egingo da, Berriozarren. Aurkezteagaz batera, bertara joateko gonbidapena luzatuko diete herriko nahiz inguruetako biztanleei. Aurkezpenarekin amaituta, Ziara eta Ekik kontzertu akustikoa eskainiko dute.
Jairako tartea ere edukiko dute zapatuan. Izan ere, 19:00etan karropoteoagaz hasiko dute iluntzea, Opelatik irtenda. 22:30ean, aldiz, Akerbeltz gaztetxean kontzertuak egongo dira: Ameba eta Alloxelets. Gainera, jakitera eman dutenez, pintxoak ere egongo dira.
Hego Euskal Herriko hainbat herritar ari da Ernai Independentziara eguna antolatzen. Joan den otsailaren 22an, Ondarroaren txanda izan zen, eta Markina-Xemeingoaren ostean, Lekeitiok hartuko ditu aldarri independentistak, martxoaren 29an. Bestalde, apirilaren 26an Lekeitiok Lea-Artibaiko Independentzia Eguna hartuko du; Ernaik Lab eta Sortugaz batera antolatu du ekimena.