Zuriaren eta beltzaren artean
Espainiako Estatuan 2023an erregistratutako 21.580 sexu erasoen artean, 9.185 kasutan adingabea izan zen biktima. Ia kopuruaren erdia den arren, legearen aurrean babes falta dutela nabarmendu dute historikoki hainbat erakundek. Lekeitioko Mugimendu Feministako kideek ere ezagutu dute halako kasu bat, eta herrietan zabaldu ohi diren txutxu-mutxuen aurrean, kritikoak izateko eskatu dute.

Zuria eta beltza. Argia eta iluna. Alde zuri denek dute alde beltza, eta beltz denek, zuria. Zuriaren eta beltzaren artean, izaten da grisik ere. Batek esaten duenari, besteak dioena gehitu behar zaio errelato bat osorik ezagutzeko, eta batzuetan, bada errelatoa nahi bezala aldatu, eta kolore grisa sortzen duenik ere.
Orduan sortzen dira zurrunbiloak. Txutxu-mutxuak kalean, txutxu-mutxuak tabernan, txutxu-mutxuak dendan. Eta orduan, laino grisa baino, laino beltza zabaltzen da biktimaren gainean.
Baina, laino beltzaren atzean ere badago argia, izpi txiki bat bada ere. Argi izpi txiki hori iparrorratz hartuta, bada jasandako sexu erasoa salatzera ausartzen denik. Demagun erasotua adingabea dela. Umea ausartu egin da egiten diotena kontatzera. Kontatu ez ezik, fisikoki ere, badaude ebidentziak, badaude medikuen txostenak, badaude psikologoen txostenak eta badaude testiguak. Hala ere, epaiketa egin, eta froga gehiagoren faltarengatik, hurrengo astea ustezko erasotzailearekin igaroko du.
Ez dago urrutira joan beharrik guzti hori imajinatzeko. 2023an Espainiako Estatuan argitaratutako sexu askatasunaren aurkako delituei buruzko txostenean jasotzen denez, 2023an erregistratutako erasoen artean (21.580 eraso), 9.185 kasutan adingabea izan zen biktima, hau da, 100 biktimatik ia 43 (%42,6) adingabeak izan ziren.
Lea-Artibain ere badago halako kasurik; izan ere, “adingabe batek abusu posibleen adierazleak ditu”. Hala, Gernika-Lumoko epaitegietan epaiketa azkar bat egin ostean, epaileak ez du kautelazko neurrik hartu.
Lekeitioko Mugimendu Feministako kideek gogor salatu dute kautelazko neurriak hartu ez izana: “Legeak ebidentzia oso gogorrak eskatzen ditu. Kasu honetan ebidentziak badaude, baina, froga fisiko oso nabarmenak nahi dituzte”. Ildo beretik, Save The Children erakundeak Ojos que no quieren ver txostenean jaso zuenez, epaiketara heltzen diren kasuen artetik, artxibatzen ez direnen kopurua %30 baino ez da.
Lekeitioko Mugimendu Feminista: “Gure artean saretu eta erasotuei sinetsita lortuko dugu lotsa bandoz aldatzea”
Era berean, Save The Childrenen arabera, erasoak jasan dituzten adingabeei erantzuteko Araba, Bizkaian eta Gipuzkoan dagoen sistemari erreparatuz gero, ikusi daiteke “egungo erantzuna oraindik ez dagoela arazoaren mailan”. Gaineratu dutenez, babes eraginkorra eskaini beharrean, adingabearen errekuperazioa “errazten ez duen prozesu luze eta korapilatsu batera” bideratzen dira. Mugimendu feministako kideek Save The Childrenek dioena berretsi dute: “Umea, gutxienez, zortzi pertsona ezberdinen eskuetatik pasa da bere errelatoa kontatu aurretik”.
Formakuntza falta ere gogor kritikatu dute Save The Childrenetik: “EAEn, adingabeak jasaten ari den erasoez norbaitekin hitz egiten duenean, jarraitu beharreko bidea konplexua da; erasoak jakinaraztea betebehar legala den arren, askotan ez dira jakinarazten. Arlo horretan arazo larrienetako bat profesionalen formakuntza falta da”. Gaineratu dutenez, erasoen berri izaten duten “profesional gehienek” ez dute formakuntza espezializatua: “Behar-beharrezkoa da profesionalek zer egin, zer ez egin eta egoera desberdinei nola erantzun jakitea”.
Adingabe batek jasandako erasoari erantzun sendoa eman ahal izateko, Save The Childrenen esanetan, ezinbestekoa da erakundeek euren artean kooperatzea ere: “Ameriketako Estatu Batuetan nahiz Europako hainbat herrialdetan, sail desberdinek elkarrekin lan egiten dute, justizia, segurtasun, osasun eta ume eta nerabeak babesteko sailek, esaterako. Helburua sexu indarkeria jasan duten biktimei ahalik eta arretarik onena, azkarrena, koordinatuena eta eraginkorrena eskaintzea da, horrela, errekuperazioa errazteko”.
Lekeitioko Mugimendu Feminista: “Gizarteari eskatu nahi diogu kasu bat ezagutzen ez duenean, behintzat, aurreiritzirik ez izateko, eta errelatoaren bi aldeak entzuteko”.
Barnahus sistema
Save The Childrenek jaso duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 600 puntu baino gehiago daude adingabeek jasandako sexu erasoak erregistratu eta erantzuna emateko. Puntu asko eta sistema desberdinetakoak (osasuna, justizia, gizarte zerbitzuak eta segurtasuna) diren arren, horietako bakoitzean talde eta profesional desberdinek parte hartzen dute, bakoitzak bere protokoloagaz lan eginez: “Ezinbestekoa da talde horien guztien jarduerak koordinatzea. Ekimen partzialak edo ezegonkorrak ez dira eraginkorrak izango. Sistema osoaren erantzun koherentea, arina eta egokia ziurtatu behar da”.
Halaber, Save The Childrenetik irtenbide argi bat ematen dute: Barnahus sistema ezartzea. “Barnahusen helburu nagusia da profesional espezializatu eta koordinatuak izatea, eta espazio berean biltzea ume edo nerabeen aurkako sexu eraso kasuetan esku hartzen duten baliabide guztiak, biktimen eta haien familien bigarren mailako biktimizazioa murrizteko”, azaldu dute.
1998an Islandian lehenengo Barnahus-a sortu zenetik, hamaika izan dira sistemagaz bat egin duten Europako herrialdeak. Eusko Jaurlaritzak Barnahusak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ezartzeko hainbat pauso eman dituen arren, gaur gaurkoz ez dago proiektu zehatzik. Save The Childreneko kideek ezinbestekotzat jo dute sistema ezartzea: “Barnahusak beharrezkoak dira EAEn ume zaurgarriak babesteko aurrerapauso bat eman nahi bada”.
Eusko Jaurlaritzak 2022-2028 aldirako egindako Euskadiko Justizia Plan Estrategikoan jaso zuenez, umeen aurkako indarkerian espezializatutako zigor arloko epaitegiak behar dira edo Barnahus proiektu pilotua ezartzea. Hala, 2022an bertako lehenengo Barnahusa ipini zuten martxan Gasteizen, proba pilotu moduan; gaur gaurkoz, ostera, ez dago martxan.

2022an Gasteizen Barnahus sistemaren proba pilotua ipini zuten martxan.Eusko Jaurlaritza
Herriari eskaera
Erakundeen “koordinazio faltaren” aurrean biktimari laguntzeko asmoz, tokian tokiko mugimendu feministek hartu dute horretarako arduraren zati bat. Lea-Artibaiko adingabearen kasuan, Lekeitioko Mugimendu Feminista ere horretan aritu da: “Mugimendu feministaren lana inpunitate gabe jendaurrean bere bertsioa kontatzen dabilen erasotzailearen errelatoa desmuntatzea da, eta ama eta umea babestea, erantzukizunak tokiz aldatuz. Hori da sistema arrakalatzeko dugun tresna, gure artean saretu eta erasotuei sinestea; horrela lortuko dugu lotsa bandoz aldatzea”.
Gizartean, beraz, batzuetan zuri edo beltz soilik ikusteko joera dagon arren, grisei ere erreparatu, eta mugimendu feministako kideek eskatu dute kritikoak izateko entzuten dituzten txutxu-mutxuekin: “Jendeak hitz egiten duenean, susmoez hitz egiten du, eta gogoratu nahi dugu guzti honen atzean adingabe bat dagoela eta ahoz esan duela profesionalen aurrean aitak erasotu duela. Zaila da adingabe batek halako erasoak kontatzea, eta gainera, ikustea kontatu ostean ez dela ezer aldatu. Era berean, salaketa bat ipintzea ere ez da erraza, ze, legeak amaren kontra egiten du. Erasotzailea gure laguna izan arren, erasotzailea izaten jarraitzen du. Eta hura babesten badugu, konplize ari gara bihurtzen. Gizarteari eskatu nahi diogu kasu bat ezagutzen ez duenean, behintzat, aurreiritzirik ez izateko, eta errelatoaren bi aldeak entzuteko”.