Beñat Eizagirre Artetxe: "Bizi dugun errealitatea islatzen saiatzen gara gure abestietan"
'Anabasa' izenarekin dator DENA taldearen hirugarren lana. Martxoaren 21ean aurkeztuko dute etxean; Ondarroako Gaztetxean, Ithaka eta Pinpilinpussies taldeekin. Tolosako Bonberenea izango da hirukotearen hurrengo geralekua, eta aurrerantzean ere lotuta dituzte zenbait kontzertu Euskal Herrian eta Katalunian. Datorren urteari begira, Europan zehar bira egitea da taldearen helburua.

Beñat Eizagirre Artetxe (hitzak eta gitarra), Xabat Ituarte Bengoetxea (bateria) eta Beñat Bidegain Lekuek (baxua) osatzen dute gaur egun Ondarroako DENA musika taldea. Diskoa grabatu ostean, Unai Aretxabaleta Zelaiak Bidegaini eman zion baxuaren erreleboa. Oraingo honetan, Anabasa diskoagaz datoz, eta Euskal Herriko zein Kataluniako oholtzetara igotzeko prest daude.
2020an Ezer sentitzeko lehenengo diskoa aurkeztu zenuten. Jarraian, Euskal Herria zeharkatu zenuten Zure mugadun hutsune izeneko bigarren lanarekin, eta 2022ko Resurrection Fest jaialdian ere egon zineten, besteak beste. 2024ko neguan eszenatokira bueltatu zarete, eta orain, Anabasa disko berria aurkeztuko duzue. Hastapenetatik gaur egunera, nolakoa izan da taldearen bilakaera?
Aurkeztuko dugun lana beste lanak baino helduagoa dela esango nuke, gu geu ere helduagoak garelako. Geure burua gehiago ezagutzen dugu, eta badakigu zer gustatzen zaigun eta zer ez. Agian, inkontzienteki egin dugun zerbait izan daiteke, baina uste dut zuzeneko disko bat egin dugula; hau da, lan honek oso ondo funtzionatuko duela zuzenekoetan. Gainera, elementu minimoekin egin dugu, gure betiko hiru musika tresna erabili ditugu: gitarra, baxua eta bateria. Eta elementu horiekin ahal den gehien osatu dugu, bakoitzari bere espazioa emanez eta erritmoak nahastuz.
Grabaketa prozesuari dagokionez, noiz hasi zineten hirugarren lan honekin?
Bigarren lana argitaratu eta jarraian, bageneukan ideia bat buruan bueltaka. Apurka-apurka bakoitza bere kabuz hasi ginen. Ni etxean sortzen hasi nintzen, ideia batzuetan sakontzen. 2023ko udan hirugarren diskoaren maketa bat grabatu genuen, eta ordutik gaur egunera arte egin dugun geldialdia letrak sortzeko erabili dugu. Urtebete eta erdi beranduago, gure eskuetan daukagu hirugarren diskoa.
Tolosako Bonberenea estudioan grabatu, ekoiztu eta nahastu duzue lana.
2024ko abuztuaren amaieran bi aste egon ginen Bonberenea estudioan grabaketa lanak egiten, Karlos Osinagarekin. Aurreko diskoa ere beragaz egin genuen, eta gainera, guretzat beti izan da erreferente bat. Beraz, hirugarrena ere Osinagarekin egin dugu. Bera arduratu da grabaketa, ekoizpena, nahasteak eta masterizazioa egiteaz. Grabazioetako azken egunetan Leire Olariaga Ithaka taldeko abeslaria egon zen gurekin estudioan, eta bertan zegoela aprobetxatuta, azken momentuan, berak ere zenbait ahots grabatu zituen. Gero, hilabete bat pausatuta utzi genuen diskoa, eta ondoren, nahasketekin hasi ginen. Urtarrilean amaitu genuen, azken nahasketak luzatu egin baitziren, ez ginelako gustura gelditzen.
Orain, diskoa esku artean daukazuela, gustura gelditu zarete amaierako lanagaz?
Bai, oso gustura gelditu gara, eta aurreikuspenak bete ditugu. Soinu gordina eta sinplea bilatzen genuen, efektu eta kapa gutxirekin. Beraz, modu oso sinplean egin dugu, lehen esan bezala, elementu minimoekin. Abestien errora joan gara, hori bilatzen genuen, eta lortu dugu. Karlos Osinagak oso ondo kontrolatzen du errora joatearena, hori baita bere esentzia.
Diskoak duen tonu gordina bete-betean islatzen du anabasa hitzak.
Zer entzun daiteke Anabasa lanean?
Gure letretan beti saiatzen gara bizi dugun errealitatea islatzen. Norbere egoera pertsonaletik abesten dugu, gizartea islatu nahian. Eskubideen urraketak mahaigainean jartzen ditugu, faxismoaren gorakadaren inguruan abesten dugu, eta munduko egoera ez sanoak norbere harremanetan nola eragiten duten transmititzen saiatzen gara.

DENA taldea. Josu Eizagirre
Hortik dator, agian, Anabasa izena? Izenak, gainera, erreferentzia egiten dio Anabasa eremua filmari.
Bai. Nire aitak, Josu Eizagirrek, 1997an egindako Anabasa eremua filmaren izena erabili dugu. Alde batetik, diskoak daukan tonu gordina bete-betean islatzen duelako anabasa hitzak, eta baita, gure testuinguru kaotikoa adierazteko modua izan daitekeelako. Bestalde, aitari keinu bat egiteko ere aprobetxatu dugu.
Nor bere lekuan abestia aurkeztu zenuten otsailaren 23an. Zergatik aukeratu duzue abesti hori lehenengoa bezala?
Ordena konkretu batean idatzi eta sortu dugu diskoa, hau da, abesti bakoitzak ordena bat jarraitzen du, kontzienteki erabaki baitugu abestien zerrenda nola egongo den osatuta. Letrak ere horrela idatzi ditugu. Hiru urteren ostean, hemen gaudela esateko modua izan da Nor bere lekuan abestia, diskoaren hitzaurrea izango balitz bezala, entzulearekin lehenengo kontaktua egiteko aitzakia gisa erabili dugu, diskoa entzuteko orduan ere entzuleak ordena batean entzutea gustatuko litzaigukeelako, orduan, zentzudunena iruditu zitzaigun abesti honekin hasiera ematea lan berriari.
Lehenengo kontzertua Ondarroako Gaztetxean joko duzue; hau da, etxean. Zer esanahi dauka horrek zuentzat?
Betepaeta kolektiboagaz eta Bonberenea Ekintzak-en zigilupean atera digu diskoa. Betepaeta guk sortutako Ondarroako kolektiboa da. Beraz, etxetik hasi nahi genuen, eta Ithaka ere kolektiboaren parte denez, diskoa beraiekin aurkezteko ideia izan genuen. Hilero antolatzen ditugu kontzertuak Ondarroako Gaztetxean, eta orain, gure txanda izango da; izan ere, Ondarroako Gaztetxea gure etxea ere bada. Gainera, gaztetxean kontzertua jotzeak badauka esanahi berezi eta garrantzitsu bat; guretzako inportanteagoa da gaztetxea betetzea beste edozein areto handi betetzea baino.
Non izango dira hurrengo kontzertuak?
Ondarroako eta Tolosako kontzertuen ostean, Iurretako Gaztetxean egongo gara, apirilaren 4an, eta 5ean, Zumaiakoan. Apirilaren 11n Zallan joko dugu, maiatzaren 3an Mutrikun, maiatzaren 10ean Gernikan, eta ondoren, Katalunian joko ditugu beste bi kontzertu: maiatzaren 29an eta 30ean. Ekainaren 26an Lasarten izango dugu hitzordua, 29an Algortan, eta irailaren 6an Gasteizen.
Ahalik eta leku gehienetara heltzea gustatuko litzaiguke, jendeak abestiak entzun eta gustuko izatea. Horrez gain, datorren urtera begira, Europan zehar bira bat egitea da gure asmoa.
Martxoaren 21etik aurrera, non entzun genezake diskoa?
Betepaetako Bandcampean eskuratu ahalko da diskoa, eta gero, Spotify eta Youtuben egongo da entzungai. Horrez gain, kontzertuetan ere erosteko aukera egongo da.
Anabasa lana noraino iristea gustatuko litzaizueke?
Ahalik eta leku gehienetara heltzea gustatuko litzaiguke, jendeak abestiak entzun eta gustuko izatea. Horrez gain, datorren urtera begira, Europan zehar bira bat egitea da gure asmoa.