'Mutriku Bihotzean' kanpaina abiarazi du Mutrikuko Udalak
Bertako produktuak sustatu eta balioan jartzea da abiarazi berri duten kanpainaren helburua.

Mutrikuko Udalak Mutriku Bihotzean kanpaina aurkeztu du gaur [martxoak 14], bertako produktuak “sustatu eta balioan jartzea” helburu izanik. Kanpaina honen bidez Mutrikurekiko lotura emozionala sustatu nahi du udalak, “nortasunari eta pertenentzia sentimenduari helduz”; hala, Mutrikuko produktuak bereiziko dituen identitate marka bat sortu du, “emozioa erabilita mutrikuarrengana, bisitariengana eta turistengana iristeko”.
Arrantza eta nekazaritza eremuarekin lotura ekonomiko “handia” duen udalerria da Mutriku, eta ondorioz, inguruko lehengaiei estu lotutako industria bat garatu duela adierazi dute udaletik: “Ohikoa da tokiko merkataritzan kalitate handiko eta hurbileko produktuak aurkitzea; izan ere, aukera zabaleko produktuak daude, besteak beste, baratzeko produktuak eta bertatik eratorritako kontserbagintza, artzain gazta, txakolina, gozoak, ogia, arraina eta beronen kontserbak. Gainera, artisau produktu desberdinak ere aurkitu daitezke herrian”. Aipatutako produktuak Merkatu Plazan edo udalak antolatzen duen Merkatu Txikian erosi daitezke, baita herriko dendetan ere. Honen garrantzia mahaigaineratuz, “kontzientzia piztea” ere bada kanpainaren helburua: “Herritarrak hurbiltasuneko produktuak erostearen garrantziaz sentsibilizatzea da xedea, herri sentimendu batetik ikusita, herriko ekonomiari egiten diogun onura baloratuz, baina gure elikadura eta osasunean duten ondorio positiboak ahaztu gabe”.
Bihotz batek osatzen du kanpainaren logoa, eta Mutriku Bihotzean esaldiak inguratzen du, ondorengo leloarekin alboan: “Erosi aurretik, Mutrikun pentsatu. Bihotzez erosi! Bertokoa erosi!“. Erosleek herriko produktuak identifikatzeko produktuei jartzeko pegatinak egin ditu udalak, kanpainaren logoarekin: “Mutrikuko Udalaren webgunean kanpainaren zehaztapenak deskribatzen dituen atala sortu dugu, eta online promozioa egingo da ideia zabaltzeko. Kartel batzuk argitaratu dira, leku ezberdinetan jartzeko, eta azoketan bertako produktua banatzen denean emango diren poltsak ere atera dira iruditegi berdinarekin”.
Mutrikuko Udalak produktuak erosi eta promozionatzera gonbidatu ditu herritarrak zein bisitariak: “Erosi aurretik, Mutrikun pentsatu! Bihotzez erosi! Bertokoa erosi!”.