Ondarroako Udalak herri batzarraren balorazio "oso positiboa" egin du
Herri batzarra "arrakastatsua" izan da: "130 lagun elkartu ginen lonjan, eta alde horretatik, oso positiboa. Bestalde, positiboa esaten dugu baita ere ekarpen oso onak jaso genituelako".

Herritarrengana “gehiago” gerturatzeko asmoz, joan den eguenean [martxoak 13] herri batzarra egin zuen Ondarroako Udalak. Agintaldi erdia atzean utzita, egindako proiektuak herritarrekin elkarbanatu eta aurrera begira dituzten erronken inguruko azalpenak eman eta herritarren iritziak jasotzeko tartea izan zuten eguenean.
Hala, herri batzarraren balorazio “oso positiboa” egin du udalak: “Zertan gabizen eta zer egitera goazen errepasatzeko momentu ona zela pentsatzen genuen, batez ere, agintaldi erdian gaudelako eta bageneukalako interesa herritarren iritziak jaso eta elkarbanatzeko. Arrakastatsua izan zen batzarra: 130 lagun elkartu ginen lonjan, eta alde horretatik, oso positiboa. Bestalde, positiboa esaten dugu baita ere ekarpen oso onak jaso genituelako. Alde horretatik oso pozik gaude, ze, ikusten dugu zintzotasunez etorri zirela herritarrak”. Aurretik ere egin izan dituzte beste zenbat parte hartze saio, eta gehiago ere etorriko direla adierazi dute: “Hurrengo fasea auzo batzarrak egitea izango da, eta konpromisoa hartu genuen agintaldia amaitu aurretik beste herri batzar bat egiteko ere”.
Hori horrela, hainbat proiekturen berri emateko tartea hartu zuen udalak. Mugikortasun planari dagokionez, egindakoen artean hiru azpimarratu zituzten: matrikula irakurgailuak ipintzea, Alde Zaharrean oinezkoek lehentasuna izatea eta terrazen ordenantza berria. Anexoko aparkalekuari dagokionez, ostera, jakitera eman zuten udarako proiektua prest edukiko dutela, eta helburua agintaldia amaitu orduko eginda egotea dela.
Udala “herriaren motorra” izan behar dela sinetsita, garai berrietara egokitzeko hainbat aldaketa egiten ari dira. Alde batetik, barne aldaketa batean murgilduta daude, besteak beste, langileak finkatzeko prozesu batekin. Bestalde, digitalizazioan ere hainbat pausu emango dituzte: “Ondarroa Zabaltzen izeneko aplikazioa ipiniko dugu martxan, eta hortik herritarrek herrian ikusten dituzten inzidentziak zuzenean bidaliko dizkigute. Laster egongo da martxan”.
Herri duina izateko bidean ere, hainbat pausu eman nahi dituztela adierazi zuten. Ondarroakoa da Bizkaiko zaharren egoitza publiko bakarrenetarikoa, eta hori udalarentzat “garrantzitsua” dela nabarmendu zuten: “Horrek bermatzen du zahartzaro duin bat eduki ahal izatea herrian bertan”. Halaber, egoitza gaur egungo zaintzak dituen beharrizanetara egokitzen ari dira.
Herriko kultura bultzatzeko asmoz, besteren artean, jakitera eman zutenez, sentsibilizazio kanpaina bat egingo dute maiatzean: “Batez ere, herriko talde eta elkarte desberdinak herrira bistaratzeko eta eurek egiten duten lana aitortzeko kanpaina izango da. Hitzaldiak, tailerrak… gauza desberdinak egongo dira”. Adierazi dutenez, aurrerago emango dituzte zehaztapen gehiago.
Espazio berriak. Herriko hainbat eraikin birgaitu, eta espazio berriei tokia egiteko asmoa erakutsi zuen udalak. Hala, udaletxe berria egiteko asmoaren berri ere eman zieten herritarrei: “Orain momentuan aurre proiektu bat ari gara egiten, Zeledonion udaletxe berria egiteko asmoz. Aurre proiektu horrek zehaztuko du ze bide komeni den hartzea, bai lan aldetik eta baita aurrekontu aldetik ere”. Aukeretako bat, fatxada mantenduta eraikin zaharra bota eta berria eraikitzea dela azaldu zuten, eta bestea, mikropilotaje baten bidez egitura egonkortu eta gaur egungo eraikina udaletxe bihurtzea.
Bestalde, herritarren eskaerak entzun, eta liburutegian internet zerbitzua ipintzeaz gain, ikasketa gelaren proiektua bideratuta dagoela azaldu zuten: “Lokala erabakita dago, baina beste erakunde baten lokala denez, hitzarmena sinatuko dugu; datozen asteetan sinatzea da asmoa”. Hala, orduan emango dute jakitera ikasketa gela non egongo den.
Kultur areto berriaren prozesua zelan doan ere azaldu zuten: “Aurre proiektu fasean dago, baina erabakita dago monjetako aretoa izan behar dela”. Aurre proiektu fasearen bitartez erabakiko dute aretoa nolakoa izan behar den eta egonkortzeko lanak zeintzuk izan behar diren; ostean, horren araberako finantzazioa lortzeko bidea hasiko dute.
Azkenik, udalak Zaldupe futbol zelaiko lanen inguruko argipenak eman zituzten. Alde batetik, argiteriari dagokionez, led bonbilak instalatu dituzte zelaian, eta asteon ipini dituzte martxan. Ildo beretik, energiaren %70 autoekoitzia izango da, horrela udalaren kostuak murriztuz.
Era berean, nabarmendu zuten azpiegitura herritar denentzat izango dela: “Aurrerarekin koordinazioan, bai udalak eta bai Aurrerak argi daukagu herriko beste talde batzuentzat ere espazio erabilgarria izan behar dela, eta horretarako baliabide guztiak ipiniko ditugu, herrian edozein kirol jarduera dagoenean aldagelak erabilgarri egoteko”. Bestalde, udal brigadak ere bertan edukiko ditu aldagelak, biltoki eta aparkalekuagaz batera.