Ades Espeleologia Elkarteak leize berri bat aurkitu du Gizaburuagan
Kanpoko irteerez gain, bestelako ekintzetan ere parte hartzen ari dira, hitzaldietan edota kongresuetan, adibidez.

Ades Espeleologia Elkarteko kideek beraiek diotenez, azkenaldian, ez dute “aspertzeko astirik”. Hain zuzen ere, ekintza baten eta beste baten artean lanpetuta daude, ez bakarrik ohiko kanpoaldeko esplorazioekin, baita bestelako barruko ekimenekin. “Kanpoko esplorazioak eta ‘egongelako jarduna’ uztartuta, lurpeko munduaren ezagutzan aurrera egiten dugu”, adierazi dute.
Esplorazioei dagokionez, Gizaburuagako Amezti inguruan, leize berri bat aurkitu dute. Azaldu dutenez, bertatik irteten den haize korronte beroak hautsak harrotu ditu, “espeleologoen artean, zeinu horrek haitzulo handi bat adierazi ohi baitu”, eta arrakala txiki bat zena Amezti II leizean bihurtu da.
Dagoeneko lauzpabost jardunaldi egin dituzte bertan, eta asteburuan 80 metroko sakonera arte heldu ziren espeleologoak. Oraindik ez dute argi haitzulo horrek Lezateko ibaiagaz edo Lezandipekoagaz zerikusirik izango duen, “baina bata zein bestea izan, mendi multzoaren egitura hidrologikoa hobeto ezagutzeko gakoa izango dela badakigu”. Horregatik, bertan lanean jarraitzeko “gogotsu” agertu dira.
Erantzun ona
Baina kanpoaldeko ekintzez gain, azkenaldian bestelako, barruko, ekimenetan ere parte hartzen ari dira Ades elkarteko kideak. Otsailean, adibidez, Bizkaiko kostaldea oinarri duen hitzaldi bat eskaini zuten Araiako Mendi Festibalean. Horrez gain, V. Paleontologia Kongresu Birtualean parte hartu zuten. Bertan, Lekeitioko Garratxa II kobako aztarnategi garrantzitsuko haiek ikerlanen berri eman zuten, “hurrengo urteetan zeresan handia emango dutenak”.
Azkenik, asteburuan, Alemaniako Espeleologia Federazioak antolatutako kongresuan ere parte hartu zuten. Munduko espeleologia erakunde gorenaren babesean, Euskal Herriaren kasua aurkeztu zuten: “Jaso dugun erantzun ona izan da eta ekimenak jarraipena izan dezake”.