Auzolandegietan aurrez izena emateko epea zabaldu dute
Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak bederatzi auzolandegi antolatu ditu aurtengorako Bizkai, Araba eta Gipuzkoan, tartean Lekeition eta Muxikan. Parte hartzeko aurretiazko izen emantea zabaldu dute, apirilaren 22a arte.

Jatorri desberdinetako gazteak 15 egunez ikuspegi soziala duten lanetan trebatzeko Auzolandegiak antolatu ditu, beste urte batez, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak, eta horietan parte hartzeko izen-ematea zabaldu du. Hala, interesatuak apirilaren 22ra bitartean egin dezakete hori gazteaukera.euskadi.eus webgunean.
Aurten boluntariotzarako bederatzi auzolandegi prestatu dituzte, tartean Lekeition eta Muxikan, eta horiek bi eremutan banatu dituzte adinaren arabera: bost eremu adinez helduak diren gazteentzat izango dira (18 eta 26 urte bitartekoentzat, dibertsitate funtzionala dutenentzat izan ezik, horiek 30 urteetara arte parte hartu ahal izango dute), eta, lau eremu egongo dira adin txikikoentzat (14 eta 17 urte bitarteko gazteentzat, biak barne).
Adingabeentzako auzolandegiak Arraia-Maeztu, Bilbo, Gueñes eta Berangon egingo dituzte, 75 plazagaz, eta Lekeitiokoa, Muxikakoa, Santurtzikoa, Bergarakoa eta Deriokoa izango dira 18 urtetik gorakoentzat, 146 lekugaz.
Bederatzi auzolandegietako bakoitzak gai espezidiko bat du, eta izena ematen duten gazteek bi asteko egonaldia egingo dute horietan: arkeologia eta industria ondarea berreskuratzea, ondare historikoa eta ingurumena berreskuratzea, hirugarren adineko pertsonen gizarte dinamizazioa, memoria historikoa, etab.
Muxikan, esaterako, bi txandatan bilduko dira parte hartzaileak: ekainaren 29tik uztailaren 12ra eta uztailaren 13tik 26ra bitartean. Muxikan, udalak egindako diagnostiko batean ikusi zuten landa eremuetan ez daudela auzoak elkartzea ahalbidetzen duten hainbeste eremu, eta, gainera, lehendik zeudenak egokitzeko beharra zegoela, udalerriko oinezkoentzako konexioak eta konexio seguruak urriak direlako.
Hori dela eta, Auzolandegiaren helburua da antzinako oinezkoen bideak berreskuratzea. Horretarako, lehenik eta behin, hainbat dokumentutan bideak biltzea eta markatzea proposatzen du Auzolandegiak, gero bide horiek garbitu eta seinaleztatzeko. Izan ere, azken helburua da espazio publikoen loturak eta kalitatea hobetzea, komunitatearen zentzua indartzeko eta Muxikako auzoetako biztanleen topaketa librea errazteko.
Lekeitiokoa, aldiz, ibilbide historiko handiko auzolandegia da, gizarte esparrukoa, eta hori ere bi txandatan egingo dute: uztailaren 20tik abuztuaren 2ra arte eta abuztuaren 3tik 16ra bitartean. Adinekoen garapen integralaren alde lan egitea du helburu Auzolandegiak, gazteen gaitasun solidarioak sustatzea ere bilatzen duena.
Bertan egiten dituzten jarduerek zerikusia dute adineko pertsonen presentziagaz, dinamizazioarekin, eta horiei laguntzearekin. Hala, hurrengo lan hauek nabarmentzen dira: psikomotrizitate fineko jarduerak, ibilbideetan laguntzea, aisialdiko ekintzak dinamizatzea, jaiak eta jolas kolektiboak antolatzea, egoiliarren arteko harremanak indartzea eta herriko jendearekiko harremana indartzea. Zehaztu dute egoitzako gizarte hezitzaileek laguntza egokia emangi diotela gazte taldeari.
Goizetan, boluntariotzaren esparruko gaikako lanak egingo dituzte, eta arratsaldeetan eta asteburuetan, jarduera osagarriak. Izan ere, animazio taldeak parte hartzaileen eta auzolandegia hartzen duen komunitatearen arteko harremana ahalbidetuko duten jarduerak proposatuko ditu: jolasak, kultura ekitaldiak eta kirol jarduerak, tarteko.
Auzolandegietan aurrez izena emateko epea zabalduta eta zehaztuta, jakinarazi dute apirilaren 23an egingo dutela lekuak hautatzeko zozketa. Hala, izena-emateko txandak apirilaren 24an argitaratuko dira, eta plazaren hautaketa maiatzaren 5etik aurrera egingo da.