Ibai Villatek irabazi du 43. Aitxekutz Saria
Zapatu [martxoak 15] arratsaldean lehiatu zuten lasterketa eskualdeko errepideetatik.

Zapatua [martxoak 15] txirrindularitza eguna izan da Berriatuan. Goizean nagusi eta 23 urte azpiko kategoriako 44. San Gregorio Saria lehiatu zuten eta arratsaldean juniorren txanda izan zen 43. Aitxekutz Sarian.
Gazteek ere lasterketa gogorra izan zuten, ibilbidearen gogortasunari eguraldiarena gehitu zelako. Euria eta hotza izan ziren protagonista. Goizean ez bezala, arratsaldean, ihesaldia sortu zen, 5 multzoko taldeak egin zuen aurrera. Hasiera batean tarte handirik zabaldu ez bazuten ere, Lekeitioko bigarren pasaerarako tropelaren jarduna apurtzea lortu zuten. Hau da, ihesaldian zegoen garaipena. Indartsuena Ibai Villate izan zen, bigarren Ekain Imaz izan zen 27 segundora eta hirugarren Eñaut Urkaregi 31 segundora.
Hain zuzen ere, Villatek mendiko eta tarteko sariak ere jaso zituen eta bide batez Bizkaiko Junior Kopako lider jarri da. Goizeko lasterketan bezala, helmugara heldu bezain laster, parte hartzaileak hotzak jota gorputza berotzeko saiakeran sartu ziren buru-belarri. Txirrindulariren bat edo beste artatu behar izan zuten hipotermia zantzuengatik.