1.266.043 euroko aurrekontua izango du Aulestiko Udalak, "iazkoaren antzekoa"
Argiteriaren bigarren faseari jarraipena ematea, Malats auzoko saneamendua egitea, auzoetako bideak konpontzea, informazio panelak berriztatzea, baserrien izenak ipintzea, Goikale ingurua ordenatu eta irisgarriago egitea, udaletxeko leihoak aldatzea eta Ilunzar-Murueta proiektuargaz jarraitzea dira aurtengo proiektuak.

Iazko aurrekontuaren antzekoa den arren, 2024koa baino 93.279,57 euro gutxiagoko aurrekontua onartu du Aulestiko Udalak, zehazki, 1.266.043,17 eurokoa. Abenduko Osoko Bilkuran “aho betez” behin-behineko onarpena eman ostean, urtarrilean behin betiko onarpena eman zitzaion. Horrenbestez, urtarriletik indarrean dago 2025eko aurrekontua.
Zortzi proiektu ipini dituzte erdigunean, eta horietako batzuk iazkoen jarraipenak izango dira: Argiteriaren bigarren faseari jarraipena ematea, Malats auzoko saneamendua egitea, auzoetako bideak konpontzea, informazio panelak berritzea, baserrien izenak ipintzea, Goikale ingurua ordenatu eta irisgarriago egitea, udaletxeko leihoak aldatzea eta Ilunzar-Murueta proiektuagaz jarraitzea.
Efizientzia energetikoa hobetzeko, argi kutsadura eta CO2 emisioa murrizteko helburuagaz argiteriaren bigarren faseari jarraipena emango dio udalak: “2023an hasi genuen proiektua, eta herriguneko argiteria guztia LED sistemara aldatu genuen. Aurten, falta diren auzoetakoak aldatuko ditugu, energia plan integratuari jarraipena emanez”. Honetarako, Bizkaiko Foru Aldundiari dirulaguntza eskatu dio Aulestiko Udalak.
Malats auzoko saneamenduari dagokionez, joan den urtean egindako proiektua den arren, aurrera eramateko dirulaguntzarik lortu ez zutenez, ez zen gauzatu: “EREIN -Euskal Autonomia Erkidegoko landa-eremuak sustatzeko eta garatzeko laguntzak- programara aurkeztu ginen iaz, baina ez genuen dirulaguntzarik lortu; beraz, aurten lortuz gero, proiektua aurrera eramango da”.
Falta diren auzoetako argiteria LED sistemara aldatuko dugu, energia plan integratuari jarraipena emanez.
Udalerriko auzoetako bideak hobetzeko eta herritarrek segurtasun gehiago izateko helburuagaz, Lexarrarako eta Solaguren auzora igotzeko bideen konpontze lanak hasita daudela zehaztu dute Aulestiko Udaletik, “Ustekabeak dirulaguntzari esker”. “Zetokizko sarbidea hobetzeko eta Goierrako bidean lehen zatiari labaintasuna kentzeko dirulaguntzak Bizkaiko Foru Aldundiko azpiegitura sailari eskatu diogu, baina oraindik ez digute ebazpenik bidali; beraz, horren arabera gauzatuko ditugu planak”. Aulestia kaleko goiko aldean kokatzen den Goikale inguruak ordenatzeko eta irisgarriago egiteko proiektua ere martxan dago: “Azterketa geotekniko eta takigrafikoa egin dira, eta matxoan edo apirilean lizitaziora aterako da proiektuaren prestaketa”.
Turismoari dagokionez, jada udalerrian jarrita dauden informazio panelak berriztatuko dira, Aulestira doazenen eskura jartzeko “herriko ondarea eta aisialdi aukerak”. Honetarako, Bizkaiko Foru Aldunditik dirulaguntzak jaso ditu udalak. “Gaur egun dauden informazio panelak berriztatuko dira, eta turismoari bideratutako seinaleak jarriko dira. Alde batetik, herriko ondarearen berri emango da paneletan, eta, bestetik, Aulestiko puntu interesgarriak azalduko dira. Horrez gain, herriko zerbitzuei buruzko informazio praktikoa ere emango da, eta natura panel bat ere jarriko da inguruko florari buruzkoa”. Martxan dago proiektua eta udaberrian jarriko dituzte udalerrian zehar panelak berriztatuta. Laster ipiniko dituzte baita, duela gutxi egindako mapa berrietan baserrien izenak: “Euskarriak zaharkituta gelditu dira, eta iaz auzuneetako mapak berritu zirenez, aurten, baserrien izenak jarriko dira”.
Martxoan edo apirilean aterako da Goikale inguruak ordenatzeko eta irisgarriago egiteko proiektua lizitaziora.
2023an hasitako Ilunzar-Murueta proiektuari jarraipena emateko helburuagaz, terrenoa garbitu eta landaketekin hasiko dira: “Eusko Jaurlaritzak 2023an onartu zigun proiektua gauzatzeko dirulaguntza; beraz, 2023an lursailak erosi ziren, 2024an garbiketa lanak egin genituen, eta aurten, landaketekin hasiko gara”.
Zortzigarren proiektuari erreparatuz, Bizkaiko Foru Aldunditik jasotako dirulaguntzari esker, udaletxeko leihoak aldatuko dira: “Hirugarren solairuko musika gelako eta areto alboko gelako leihoak aldatuko dira, egoera kaskarrean daudelako, eta eraikinean berotasuna mantentzeko”.
Gauzatutako proiektuak. 2024. urtean gauzatutako proiektuen artean bi nabarmendu dituzte: Atxagarai aterpetxeko hobekuntza lanak eta Iturgun garbitokia berriztatzeko proiektua. Lehenengoak 48.349,24 euroko kostua eduki du, eta Learri enpresak gauzatu du proiektua: “Urregarain kokatuta dagoen Atxagarai aterpetxean hobekuntza lanak egin dira: Beheko solairuan, beheko sua konpondu, sukaldea eta egongela banatzen zituen horma kendu, irisgarria izateko sarreran ate zabalagoa jarri, komun bat irisgarri bihurtu, umeak aldatzeko altzaria ipini, apurtutako ateak konpondu, atzeko aldera ematen duten leihoetan metakrilatoa kendu eta kristala ipini, eta dena margotu da. Goiko solairuan, berriz, argiak aldatu dira, logelako lababoak kendu eta komunetan aldaketan egin dira. Horrez gain, goiko solairua ere margotu egin da”. Aulestiko Udaletik adierazi bezala, jada erabilgarri dago aterpetxea, eta “oso pozik” gelditu dira emaitzagaz.
Gauzatutako obrekin jarraituz, Iturgun gabigunea ere berriztu dute, “herriko ondarea egoera onean” mantentzeko. Garbiguneko egurra “ustelduta” egoteaz gain, teilatua ere jausteko zorian zegoela jakinarazi dute udaletik: “Iaz Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura Ondarearen Zerbitzuko buruagaz batu ginen eta egitura berrizteko irizpideak eman zizkigun. Ostean, obra egiteko hiru aurrekontu eskatu ziren eta Ibetarrirena izan zen merkeena: 23.346,59 euro”. Gainera, bertara joateko lozak jarri dira, eta beste zenbait garbitokitan bezala, emakumeek bertan egindako lana aitortzeko plaka bat jarriko dute.