Urkiola eta inguruetara mendi irteera egingo dute domekan
Irteerara joateko autobusa egongo da Debatik, Mutrikutik, Ondarroatik eta Markina-Xemeindik. Barikua [martxoak 21] da izena emateko azken eguna.
Markina-Xemeingo Artibai Mendi Taldearen eskutik, Euskal Herriko ur banalerroaren bosgarren etapa egiteko aukera egongo da domekan [martxoak 23]. Autobusa 07:00etan irtengo da Debatik, 07:05ean Mutrikutik, 07:10ean Ondarroatik eta 07:25ean Markina-Xemeindik. Hala, Urkiolan hasi, Zabalandi, Orixol eta Santikurutz pasa, eta Ibarrara heltzeagaz batera amaituko dute ia 18 kilometroko ibilbidea. 418 metroko desnibel positiboa eta 806 metroko negatiboa du ibilbideak, eta zailtasuna ertaina dela jakinarazi dute. Mendi irteerara joan nahi dutenek barikurako [martxoak 21] eman beharko dute izena Mutrikuko Aparra dendan edo www.burumendi.org web orrian.