'Teilatupean' umeentzako bertso antzerkia, domekan
Amorotoko Kultura Taldeak eta udalak antolatuta, umeentzako Teilatupean bertso antzerkia aurkeztuko dute domekan [martxoak 23], 17:30ean, kultur etxean. Iraitz Lizarragaren gidaritzapean, Maren Basterretxeak, Maite Aizpuruak eta Uxue Alkortak bertsoak, koplak eta beste hainbat baliabide tartekatzen dituzte obra dinamiko eta jostari horretan, besteren artean, txotxongiloak, argi-itzalen jokoak, objektuen manipulazioa eta koreografiak.
“Etxearen bueltan” hainbat gai jorratzen dituzte familiei zuzendutako antzezlan horretan: adiskidetasuna, zaintza, etxebizitzaren arazoa, migrazioa, marjinazioa, duintasuna, bizitza ereduen aniztasuna… “Fantasiazko munduak helduen errealitatearekin topo egiten duen honetan, haurren ahotsa eta zilegitasuna agerian geratzen dira”, azaldu dute antzezlanaren sortzaileek. Ekintza eszenikoaren bitartez, aipaturiko gaien inguruko galderak planteatzen dizkiote publikoari, hausnarketarako bidea irekiz.