Transmisiorako leiho "berri" bat
Euskal Jaia antolatu du martxoaren 29rako Ondarroako Zubi Zahar Herri Ikastolak, bigarrenez. Euskal kulturaren transmisioa ardatz, herriko txoko guztiak bustiko dituzte Ondarroa eta inguruko herritarrek. Antolatzaileek adierazi bezala, herrian dagoen «hutsunea» betetzera dator Euskal Jaia.

Euskal Herria, kultura eta transmisioa. Hiru hitz gako izan daitezke belaunaldiz belaunaldi eskutik eskura igaro nahi dena bidean ez galtzeko. Gainera, esan ohi da, batak bestea behar duela bizirauteko. Hala, Euskal Herria erdigunean jarrita eta euskal kultura zabaltzeko helburuagaz antolatu du Zubi Zahar Herri Ikastolak martxoaren 29ko Euskal Jaia.
Ikastolak antolatzen duen bigarren Euskal Jaia izango da aurtengoa; izan ere, 2023an Ondarroan ospatu zen Ibilaldiaren testuinguruan sortu zen jai hori antolatzeko ideia. “Ibilaldia antolatzeko lantalde desberdinak sortu genituen, eta horietako bat kultura arloarekin arduratu zen. Hortik, Ibilaldi Kulturala egitasmoaren ideia sortu zen, eta herrian umeen dantza talderik ez dagoela ikusita, eta hutsunea bete nahian, Euskal Jaia antolatu genuen 2023ko martxoaren 25ean”.
Euskal Jaia aitzakiatzat hartuta, euskal dantzak ikasteko bidea zabaldu nahi du Zubi Zahar Herri Ikastolak: “Euskal Jaia dela eta, ikastolako maila guztietan euskal dantzak ikasteko aukera izan dute umeek”. Gainera, duela bi urte izan zuen «arrakasta» kontuan hartuta, bi urterik behin errepikatzeko apustua egin du ikastolak: “2023koa gainditu nahi dugu, eta eguraldiak lagunduz gero, aukerak izango ditugu horretarako”.
Herrian hiru dantza talde egon diren arren, egungo egoera “guztiz desberdina” dela adierazi dute antolatzaileek: “Hiru dantza talde izatetik, bat bera ere ez izatera igaro gara. Txistulari, musikari eta trikitilarien egoera ere erabat aldatu da. Ondarroa herri bizia izanik, zentzu horretan hutsunea dagoela ikusi genuen. Horri tiraka, ikastolan dantza erakusten hasi ginen, dantzari ohiak batu, inguruko herrietako dantza taldeekin harremanetan jarri, eta txistulari eta trikitilariei ateak jo genizkien”. Azaroan hasi ziren eguna antolatzen, eta “lan handiaren” ostean, aurreikuspen onak dituzte datorren zapaturako.
Zazpi zutabe. 10:30ean emango diote hasiera egunari, eta zazpi zutabetan aterako dira herriko bazter desberdinetatik, Euskal Herriko zazpi herrialdeak irudikatuz. Mutrikuko, Markina-Xemeingo, Debako eta Ondarroako dantzariek zutabe bana osatuko dute, eta ikastolako ikasleek beste bat, Joaldunak, Artelango Erraldoiak, Trikitilariak eta txistulariak lagun dituztela. 12:30ean batuko dira zazpi zutabeak Etxelila parean, eta herriko frontoira abiatuko dira guztiak batera.
Ondoren, 13:00etan, Alardea egingo dute bertan, eta ostean, kalejiran jaitsiko dira Alamedaraino. Zazpi Jauziak eta Txulalai dantzak eginez emango diote amaiera goizari: “12:00etatik aurrera edariak eta pintxoak egongo dira Alamedan, eta bazkaltzeko paella eta taloak jateko aukera egongo da”.
Arratsaldean ere ez da planik faltako Ondarroan; izan ere, 15:00etan umeentzako jolasak egongo dira, eta 16:00etan, Izarra erromeria taldea arduratuko da txokoa girotzeaz. Egunari amaiera emateko, DJ Trontxo igoko da oholtzara, eta ostean, 21:00etan, Larrain dantzan batuko dira denak.
Zubi Zahar Herri Ikastola osatzen duten ikasle, irakasle eta gurasoak “prest” daude, eta Ondarroako eta inguruko herritarrak animatu nahi dituzte Euskal Jaira hurbiltzera: “Euskal Jaira etortzeko gonbidapena zabaldu dugu; ondo pasako dugu elkarrekin. Denek kamiseta eta arrantzale zapia janztea nahi dugu”. Izan ere, duela 45 urte ikastolak ateratako kamiseta berreskuratu eta gaurkotu zuten lehenengo Euskal Jairako, 3+4=1 lelopean. Aurten, kolore urdina eman diote kamisetari, eta salgai daude. “688 60 52 61 telefono zenbakian eskatu daiteke materiala; kamiseta 10 eurotan dago, eta zapia 5 eurotan”.
Herriarentzat. Ikastolak herrira begira lanean jarraituko duela azpimarratu dute: “Ez gara hezkuntza zentroa soilik; herriko eragile bat gara. Herrira begira lan egiten dugu, eta bide horretatik jarraituko dugu, noski. Beraz, Euskal Jaia, guretzat, herriari egin genezakeen ekarpen garrantzitsu bat da”. Hemen eta orain asmatutako formula ez bada ere, Euskal Jaiarekin euskal kulturaren transmisioari bidea irekiko dion leiho «berri» bat zabaldu nahi du Zubi Zahar Herri Ikastolak, beti ere, Euskal Herria eta euskara ardatz edukita.