Denetarik egon da Txirrimorraskik antolatutako Muxutruk azokan
14:00ak arte egon dira gaur [zapatua] goizean, eta arratsaldean eta bihar [domeka] goizean ere zabalik egongo da.

Erabiltzen ez den materialari “bigarren bizitza” emateko helburuagaz Muxutruk azoka antolatu du Ondarroako Txirrimorraski taldeak. Gaur [zapatua] goizean zabaldu dituzte herriko Erakusketa Aretoko ateak, eta arratsaldean ere bertaratzeko aukera egongo da, 20:00ak arte. Horrez gain, oraindik bertara joan ez direnek bihar [domeka] 10:00etatik 14:00etara ere izango dute materiala eraman edo hartzeko aukera.
Antolatzaileek adierazi bezala, goizean zehar “jende nahikotxo” ibili da azokan, eta taldetik balorazio “positiboa” egin dute: “Familia askok ekarri du materiala, eta herritar asko etorri dira bigarren erabilera bat emateko materialaren bila. Truke politak egon dira eta azokak bere funtzio bete du nahiz eta denbora aldetik motz gelditu den. Horrelako formatu bateko azoka egotea ondo baloratu du herriak eta hori azpimarratzekoa da. Hala ere, trukatu ez den materiala lokalera bueltatu dugu, eta hurrengo azoka antolatu arte edo elkarteren bati eman arte bertan egongo da. Horrez gain, Txirrimorraskiko kideek esan bezala kontsumoari lotutako mezuak zabaltzen jarraituko dute: “Segi daigun gauzei bigarren bizitza ematen; gutxisgo kontsumitzen eta kontzientzia gehiago edukitzen”.
Mota guztietako materiala batu, eta erakusketa aretoa bete dute, ahal den eta azoka “osatuena” egiteko helburuagaz: “Jolasak, ipuinak, liburuak, kartak, material didaktikoa, arropak… denetarik dago”. Gainera, Txirrimorraskiko materiala ere jarri dute salgai, interesa izan dezakeenak erosteko; kamisetak 12 eurotan, jertseak 25ean, eta poltsak 8 euroren truke.
Txirrimorraski Taldekoek argitu dute, “ez dela beharrezkoa” materialaren trukea egitea, helburu nagusia “bigarren bizitza” ematea delako. Horrez gain, oraindik ez dute erabaki soberan gelditzen den materialarekin zer egingo duten; izan ere, lehenengo aldia da horrelako azoka bat antolatzen dutena, eta “aukera desberdinak” dituzte buruan. Antolatzaileek dei egin die herritarrei, azokara joan eta materiala utzi edo hartzeko: “Zenbat eta jende gehiago etorri, hobeto!”.